Zabalgarbi ireki zenetik, inguruan handitu egin da metal astunen presentzia

Lurren erdietan eta landaretzako laginen herenetan areagotu egin da partikula horien kontzentrazioa. Artsenikoaren, manganesoaren eta nikelaren igoera da bereziki nabaria

inaki petxarroman
2018ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Zabalgarbik eskatuta Tecnaliak egindako txosten baten arabera—Bizkaiko Hiri Hondakinen Balorizazio Plantaren Inguruko ur, landare eta lurraren kalitateari buruzko azterketa—, metal astunak pilatzen ari dira errauste plantaren inguruetan. Nabarmena da nola handitu den inguruko lurretan eta landaretzan topatutako artsenikoa, manganesoa eta kobre kopurua, erraustegia martxan jarri zutenez geroztik. Aipatzekoa da nikelaren eta berunaren kontzentrazioak eduki duen gorakada ere, lurretan bereziki. Nikelari dagokionez, zientzialariek zuzenean lotzen dute haren agerpena hondakinen errausketarekin.

Txosten egileek aitortu dute «aintzat hartzeko modukoa» dela lurrean topatutako metal astun eta dioxina kantitatea —kasuen %14tan planta martxan deneko 95 pertzentilaren gainetik—. Landaretzan agertutako kutsadura aurreko urteetakoaren «maila bertsukotzat» jo dute. Hala ere, ohartarazi dute Zabalgarbi ez ezik badirela bestelako kutsadura iturri posible batzuk, eta ez dagoela garbi jakiterik nondik heldu den. Besteak beste, Profusa galdategia 2013an itxi zuten—, Artigas zabortegia eta hainbat errepidetako trafikoa aipatu dituzte.

2005ean jarri zuten martxan Bizkaiko errauste planta, eta geroztik artseniko kopurua hirukoiztu edo laukoiztu egin da laginak hartu dituzten zortzi gunetako landareetan. Horri dagokionez, ikertzaileek adierazi dute frogek erakusten dutela aurreko urteotako hazkundea «geldotzen» ari dela azken ikerketetan, «beheranzko joera» txiki batekin. Edonola ere, ohartarazi dute hurrengo urteotako neurketei erreparatu beharko zaiela, ondorio argiagoak ateratzeko. Artikulu honetan aipatzen diren datuak 2017ko martxoko kanpainari dagozkio. Urtean bi ikerketa egiten dituzte, Zabalgarbik eskatuta, inguruotako kutsaduraren maila neurtzeko. 2017ra bitartean, 37 kanpaina egin dituzte inguruko uretan, lurretan eta landareetan.

Zabalgarbitik gertuko landaretzaren artsenikoaren metaketak protestak eta salaketak eragin ditu lehen ere talde ekologisten ahotik. Besteak beste, Jaurlaritzari eskatu diote ikerketa sakonagoak egin ditzala, neurtzeko ea kutsadura hori eragina izaten ari den landare horiek kontsumitzen dituzten herritarren artean. Izan ere, artsenikoa, substantzia toxikoa izateaz gain, mikronutrientea da. Landare askotan dago modu naturalean; kontsumoa beste maila batekoa denean, ordea, pozoi bihurtzen da.

Hain zuzen ere, lurrean, landareetan eta uretan hartutako lagin guztietan —haietako zortzi, lurrean; zortzi, landareetan; eta sei, uretan—, batek gainditu du nazioartean ezarritako erreferentziazko muga. Lehen guneko lurreko artseniko kantitatea kiloko 34 miligramo da, eta aise gainditu du 30eko sabaia. Kopuru hori goitik igaroz gero, ondorioztatzen daeremu hori ez dela egokia umeak bertan jolas daitezen. Lehen gune hori Kobetamendi da, uztailero egiten den musika jaialdi handi batengatik ezaguna, besteak beste. 2017ko bigarren ikerketan—uztailekoa—, 29ra jaitsi zen lurrean topatutako artseniko kantitatea, betiere mugatik oso gertu.

Bestelako erreferentzia mugei dagokienez, zazpi kasutan gainditu dira EAEko lurrei ezarritako metal astunen pilatze muga: bi berunari dagokionez, bi kobreari dagokionez, eta hiru artsenikoari dagokionez. Manganesoaren kasuan, ez dago erreferentziazko kutsadura mugarik, eta, beraz, txosten egileek diote ezin dutela kontrastatu datu horren ingurumen esanahia. Edozein moduz, AEBetako Inkesta Geologikoaren arabera, lurretan den manganesoaren kontzentrazioa ezin liteke izan kiloko 560 miligramo baino gehiago, eta Zabalgarbiren inguruko bi gunetan gainditu egin dute muga hori: hirugarren eta bostgarren guneetan.

Manganesoa, goraka

Artsenikoarena jakina zen lehendik ere, baina nabarmentzekoa da nola ari den pilatzen manganesoa Zabalgarbiren inguru hurbilean. Tecnaliak ikertutako bi gunetan bakarrik ez da handitu metal astun horren kontzentrazioa erraustegia martxan jarri zenetik. Beste seietan nabarmen igo da, bereziki zazpigarren gunean. Han bederatzi aldiz handiagoa da. Artsenikoa bezala, manganesoa ere pilatuz joaten da janarietan, eta gehiegizko kontsumoak osasun arazo larriak eragin ditzake; besteak beste, burmuinean eta arnas aparatuan. Esate baterako, parkinsona, biriketako enbolia eta bronkitisa eragin ditzake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.