Zabalik elkarteak Nafarroaren historiari buruzko erakusketa antolatu du Donibane Garazin

Donapaleun du iturburua '1620 Loraldia, Nafarroako Ernazimentua' erakusketak. Horrekin, Donibane Garaziko hilabetean hitzaldiak, film proiekzioak, liburu aipuak izanen dira urriaren 2tik 31ra, Apezpikuen presondegian eta Herriko Etxean.

'1620 Loraldia' erakusketarako egin irudia. BERRIA
'1620 Loraldia' erakusketarako egin irudia. BERRIA
Iñaki Etxeleku.
2024ko urriaren 1a
09:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Donibane Garaziko herriko etxearen galdeari erantzunez Nafarroako historiari buruzko hilabetea antolatu du Amikuzeko Zabalik euskara elkarteak urriaren 2tik 31ra. 2020an abiatu zuen ibilbidea 1620 Loraldiak, Donapaleun, izen bera eman zioten egunetik. Nafarroaren Erresumaren anexioa gogoratzeaz gain, Nafarroak ezagutu zuen pizkunde aberatsa ezagutaraztea izan zuen helburu. Geroztik, Irisarrin, Hego Euskal Herrian, Biarnoko Oloruen eta, nolaz ez, Donapaleutik beretik ibili da 1620 Loraldia, Nafarroako Ernazimentua erakusketa. Horrez gain, Beñi Agirre eta Aingeru Epaltzaren hitzaldiak, Akelarre eta Gartxot filmen proiekzioak, eta Nafarroako historiari buruzko liburu zabalpenak apailatu ditu Zabalik elkarteak Donibane Garaziko.

«2024ko urri guzian, Donibane Garazi izanen da Nafarroako solasen hiriburu», jakinarazi du Zabalikek. Donibane Garaziri Nafarroako historian daukan garrantzia oroitarazi nahiz balio bezala hala gehitu du elkarteak: «badakigu jada kontestazio posiblerik gabe Baxenabarreko kapitala izana dela eta dela oraino». Eta horrekin, garaztar gehienek ukan ez duten transmisioaren beharra azpimarratu du. «Alabaina badugu denek zer ikas gure erresuma subiranoari buruz, hainbeste landu gabea utzi zaigu eta landu poxia guti erakutsia».

Erakusketa bera, Donibane Garaziko Zitadelako karrika harriztatuko Apezpikuen presondegian ikusgai jarriko dute, urri osoan, asteartez salbu, egun guziz. Urriaren 12an, goizeko 09:00etarik goiti, egun berezia antolatu dute Donibane Garaziko herriko etxean. Beñi Agirre historialariak Nafarroako erresumaren hamar menderen historia «luze-zabalean» kontatuko du, hitzaldi bat dela medio. Aingeru Epaltza idazle nafarra ere etorriko da Linguae Vasconum Primitiae liburuaren idazleaz mintzatzera: «Bernat Etxepare garaztar famatuenaren bizia eta obra aurkeztuko dizkigu».

Nafarroako historiaren bi garai testuingurutzat dauzkaten bi film ere hautatu dituzte hilabete horren karietara. Urriaren 4an, sorginkeria auzien garaiak abiapuntu dituen Pablo Agueroren Akelarre ikusten ahalko da Le Vauban zinema gelan. Urriaren 27an, berriz, Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordiren Gartxot.

Mediatekan ere izanen da hilabete berezi horren herexik. «Nafarroako eta Nafarroari buruzko liburu, dokumentu, soinu eta film hautaketa bat» kontsultatzen ahalko baita, bertan. Zabalik kontent da Donibane Garaziko herriko etxearen gomitari gisa horretan erantzuteaz. Azaldu dutenez, «gure historiaren ezagutzan eta gure nafartasunaz harro izateko bidean» egindako «urrats bat gehiago» izango da proiektua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.