Pasaiako portua. Kanpoko portuaren proiektua, bertan behera. Ricardo Peña. Pasaiako Portu Agintaritzako presidentea

«Zail ikusten dut hamar urtean kanpoko proiektua berreskuratzea»

Definitzeko ordua iritsi zitzaion Pasaiako portuari, Ricardo Peñaren iritziz. Garbi dauka gaur egungo egoera ekonomikoan kanpoko portua ezinezkoa dela, eta barrukoarekin egin beharko dela aurrera.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
inaki petxarroman
Pasaia
2014ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Ricardo Peñarentzat (Zumaia, 1954) zama da bere aurrekoek kanpoko portuaren proiektuari jarritako itzal handia. Alabaina,iruditzen zaio erantzukizunez jokatzeko garaia dela.

Pasaiako kanpoko portuaren tramitazioa etetea erabaki duzue. Zergatik?

Sartu nintzenetik ikusten zen, egoera ekonomikoa zela-eta, oso zaila zela aurrera jarraitzea. Eztabaida sakon bat gertatu da alde guztietan: hedabideetan, agintari eta ordezkari politikoen artean, Batzar Nagusietan... Horregatik, ikusi nuen beharrezkoa zela leihoak irekitzea eta eztabaida bat zabaltzea gure inguruko eta kanpoko eragileei entzuteko. Martxoan gogoeta bat hasi genuen, eta prozesu hori amaitu ez bada ere, garbi ikusten da ondorio nagusi bat: kanpoko proiektuaren plan zuzentzailea bertan behera uztea. Alegia, ingurumen txostenak etorri aurretik proiektua baztertzea, jakin arte noiz komeni den proiektua berreskuratzea.

Kanpoko portua erabat baztertuta dago?

Inork ez daki hemendik hamar eta gutxiago hogei urtera zer gertatuko den. Horregatik ez gara gai esateko kanpoko portuak ez daukala etorkizunik, baina gaur egun ditugun datuekin eta ahalmenarekin ikusten da ezinezkoa dela.

Aldez aurretik kanpoko portua justifikatzeko erabiltzen ziren hainbat argudioren oinarria aldatu dela esan duzue.

Bai. Ez dut esaten aurrekoak gaizki ari zirela, baizik eta egoera guztiz aldatu dela. Lehen dena zen posible, eta justu bi urtean goitik behera aldatu zen dena. Hiru arrazoik eraman gaituzte erabaki honetara: trafikoak behera egin du. Kontuan eduki historiako batez bestekoa lau milioi tona ingurukoa izan dela, eta gaur egun hiru inguruan gabiltzala. Horrez gain, kontuan eduki behar da kanpoko proiektuaren finantzaketa gure gain legokeela erabat. Finantzaketaren oinarria zen portuaren eremua etxebizitza gune bilakatzea. Une hartan bazirudien etxebizitzaren eskaria ez zela bukatuko, eta gaur egun erabat amaitu da. Eta, azkenik, Iberdrolak ziklo konbinatuko zentral bat eraiki nahi zuen kanpoko portuan. Bada, gure harridurarako, zentrala eraistea erabaki dute.

Beldur ematen zizuen bereziki finantzaketaren gaiak, ezta?

Kontuan eduki behar da mahai gainean proposamena edo aurreproiektua dagoela, proiektu zehatza egin gabe baitago. Beraz, zaila da jakitea zenbat kostatuko zen. Gainera, bitarte horretan, Cedex-eko teknikariek morfologia azterketa bat egin dute, eta hor ikusi dute agitazio fisiko handi bat dagoela, eta hari aurre egiteko neurri zuzentzaile garrantzitsuak hartu beharko liratekeela. Horrek eragin handia izango zuen aurrekontuan. Beraz, benetan, ez dago jakiterik zenbateko diruaz ari ginen.

Ingurumen kalteak ez du pisurik izan zuen erabakian?

Guri, printzipioz, ez digu eragin. Mugaz bi aldeetako tramitea izan da, eta Frantziatik aurkako alegazio asko iritsi dira, baina ez oso sakonak. Kezka azaltzen zuten, baina datu objektibo handirik gabe. Bilbon, Gijonen eta Coruñan egin dena hemen ere egin zitekeela uste dut. Gure erabaki honen arrazoi nagusia da egin dugun gogoeta horretan parte hartu dugun agente guztiek argi dutela une honetan hobeto dela apustu egitea barruko portuaren alde.

Bazegoen eragilerik kanpoko portuarekin jarraitzearen alde?

Presioak izan ditugu jarraitzeko, baina herritarrei garbi hitz egin behar zaie. Ezin dugu elikatu ideia bat inolako mugarik gabe. Presioak baditugu Herrerako eremuaren gainean ere, Pasaiako Udalak eginak. Haiek gosea dute eremu horretaz jabetzeko, eta guk definizio bat behar dugu. Beraz, apustua egiten dugu barruko portuaren alde; hobetu behar ditugu hainbat gauza.

Erabaki hau behin betikoa al da?

Behin betikorik ez dago ezer. Guk dioguna da ez dugula ikusten hamar urtean proiektu hau berreskuratzeko baldintzarik. Ondoren zer gertatuko da? Ez dakit. 2007an apustu oso garbia egiten zen kanpoko portuaren alde, eta gero ikusi da nola hustu den hori. Beraz, orain kontuz ibili behar dugu esaten dugunarekin.

Eta hamar urtetik harago?

Ez dakigu zer erabakiko duten ondorengoek. Ez dakigu ekonomia nola egongo den. Kanpoko portua ezin daiteke helburu bat izan, berez. Kanpoko portuak ondorio bat izan behar du. Gure industriak eta ekonomiak agintzen dute gure trafikoak eta beharrak zeintzuk diren. Ezin dugu jarri gurdia idiaren aurrean.

Proiektu hau izar bat izan da agintari askorentzat. Zama handia izan da hori zuretzat?

Bai, egia da. Nik ezin dut hori arinkeriaz hartu. Hemen jende askok sinetsi du proiektu honetan, jo du proiektu estrategikotzat eta errespetu guztiarekin hartu behar da planteamendu hori.

Ingurumen Memoriaren Txostena falta zuen kanpoko portuak, baina zuek tramitazioa moztuta ez da iritsiko ezta?

Ez, zeren txosten hori gurekin adostuta egiten da. Erakunde askok lasaitasun bat hartzen dute, zeren azken finean proiektu zehatzik ez dago; aztertzen ari dena aurreproiektu bat da, ez ingeniaritzako proiektu bat. Ulertzen dugu obraren exekuzioa oso konplexua dela. Hor sartu behar ziren xafla ikaragarri batzuk, eta horrek ekarriko zuen beste neurri batzuk hartzea. Aurrera jarraitzea erabaki bagenuen, exekuzio proiektua egin beharko genukeen, eta hor askoz ere hobeto ikusiko genituzkeen benetako aurrekontua eta ingurumen neurriak.

Ulertzen dizut aurreikusi ziren 750 milioi horiek baino gehiago beharko zirela.

750 milioi? Eta zer sartzen da hor? Zer da hori, portua bakarrik? Eta tunelak, sarbideak? Aipatu dudan agitazio fisikoa gutxitzeko zenbat gehiago gastatu beharko zen? Auskalo. Garbi daukat proposamen legitimo bat izan zela, errespetagarria, baina egoera guztiz aldatu da.

Portua barrura begira jarri da, beraz, berriro. Aipatu duzu gogoeta bat, eta ondorioak ez dituzue jakinarazi, baina azaldu ditzakezu ardatz nagusiak?

Bai, guk barneko portuaren alde egiten dugu, eta neurri batzuk hartu beharko ditugu daukagun lur samurraren erabilera hobetzen. Horretarako beharko dugu neurtu zer behar izango ditugun portu osoan. Badakigu gure portua hirigune batean dagoela, eta herritarrekin elkarbizitzan egon behar dugula. Aspaldiko gatazkak ditugu, eta badakigu askotan etsai gisa ikusten gaituztela, baina benetako saio bat egiten ari gara pasaitarrekin ondo eramaten. Neurri batzuk hartu beharko ditugu Herrerako lur batzuk herritarren esku uzteko. Gaur egun dagoen egoera ez zaigu gustatzen ez udalari ez guri. Plan berezi berri bat idatzi beharko dugu, eta ea nola ezkontzen ditugun borondate guztiak. Datorren urtean horretan murgilduko gara inguruko udalekin eta bereziki Pasaiarekin.

Aipatu duzu Herrera. Herreraren zenbateko zatia emateko prest zaudete?

Herrerako inguru hori oso gozoa da mundu guztiarentzat, etxebizitzak edo beste edozer egiteko. Gure apustua bada hemen gelditzea, dena beharko dugu, edo zati inportante bat behintzat. Eta egin beharko duguna da Pasaiako erakunde eta herritarrei entzun ikusteko zer egin dezakegun akordio bat lortzeko. La Herrera Herrira-ren proposamena kanpoko portuaren testuinguruan egina zegoen, baina egoera guztiz aldatu da, eta kanpoko portura ez bagoaz, barruan dauzkagun lurrak beharko ditugu. Ondo neurtu behar dugu zer utzi eta zer ez.

Zenbat beharko duzuen zehatz dezakezu?

Ezin dut esan zenbat, bestela horren morroi bihurtuko naiz. Gogoeta hori egin beharko da, eta plan berezia idazten denean ea gai garen kontuak adosteko. Guk mahai gainean ipiniko ditugu proposamen batzuk, eta zabalik egongo gara Pasaiako Udalari aukera emateko esan behar duena esateko. Onartuko ez duguna da lur batzuk uztea etxebizitzak egiteko, zeren, azken finean, dentsitatea handitu egingo litzateke, eta arazoa areagotuko genuke, gaur egun presio urbanoa baldin badago, etxebizitza gehiago eginda areagotuko litzatekeelako.

Zer portu eredu izan behar du Pasaiak: zenbateko trafikoa, zer salgai mota?

Ariketa hori egiten ari gara. Biltzen ari gara datu batzuk jakiteko hemendik hiruzpalau urtera zenbateko trafikoa izango dugun. Goraka goaz. 2013a oso kaskarra izan zen, eta aurten %25eko hazkundearekin goaz. Hemendik lau bat urtera lau milioi tona ingurura iristea espero dugu. Askoz ere gehiago ezin da esan, zeren, adibidez, Arcelorrek egun batetik bestera ixten badu, guri izugarri eragingo liguke. Alderantziz ere gerta liteke, alegia, bezero berriren bat aurkitzea. Zenbatekoa izango den ez dakigu, baina prest egon behar dugu barneko industriari erantzuteko. Gure industriak behar du kontainerrak mugitzea, orain arte Bilbotik ateratzen ari direlako. Ez da erraza, baina operadore batzuk topatu nahi ditugu, eta espero dugu urte bukaerarako bakarren bat topatzea.

Bilborekin elkarlana edo lehia izan nahi duzue?

Portu txikia da hau. Ezin du lehiatu Bilborekin. Hemendik ez dira likidoak mugitzen, alegia, gasa eta erregaiak. Ildo horretan, jabetu behar gara gure neurriaz. Alde onak ere baditugu, oso eraginkorrak baikara. Kargatu eta deskargatu beste portuetan baino arinago egiten dugu. Altzairugintzarako oso portu ona da, baina ikasi behar dugu trafiko astun eta zikin horiek hobeto mugitzen. Uste dut autokritika bat egin behar dugula eta neurriak gero eta handiagoak hartu sortzen diren arazoak gutxitzeko. Gogoeta hau amaitzen denean saiatu beharko dugu ISO-14.000 zigilua lortzen.

Alegia, jabetzen zarete Pasaiako portuak duen zikin ospeaz?

Bai, hala da. Guk mugitzen ditugun gaiak zikinak dira, adibidez, txatarra. Ezin ditugu mugitu zama horiek duela 30 edo 40 urte bezala. Badaude ohitura batzuk aldatu beharrekoak. Ariketa bat egin behar dugu puntan dauden portuek salgai hauek mugitzen dituzten bezala mugitzeko.

Beraz, Bilboko portuarekiko nolako harremana nahi duzue?

Oraingoz, gehienbat komertziala. Irudi bat ematen ari gara Europan elkarrekin: Basque Country. Elkarrekin gabiltza. Abertzaleak gara, eta nazio baten eskaintza ematen ari gara. Askoz gehiago ezin da egin. Bakoitzak ahalegin guztiak egiten dituelako besteari ahal duena kentzeko. Mundu hau oso lehiakorra da.

Inguruko sare industrialaren eta salgaien menpe zaudete, baina zuen kasa baduzue asmorik merkatu berriak aurkitzeko?

Historikoki ez dugu egiteko hori izan, baina orain zorionez departamentu berri bat sortu da, eta ari gara mugitzen merkatu eta salgai berri horiek detektatzeko. Bitarteko operadoreak konbentzitzen saiatzen ari gara, eta tasa egoki batzuk ipintzen hori dena posible egiteko. Hori modu aktibo batean ari gara egiten. Orain arte oso jarrera pasiboa izan du erakunde honek, eta mugatu gara dagokien tasak kobratzera. Lan komertzial hori baztertuta zegoen.

Kanpoko portuaren proiektuarengatik zenbat gastatu da?

Bi milioi euro inguru.

Diru hori alferrik bota da itsasora?

Ez. Ariketa bat egin da. Gizakiek ariketak egin behar dituzte gauza berriak egiteko, eta egoera aldatzen bada, hori aldatzea leialtasunez jokatzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.