Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak jakinarazi du etxeko zaintzaileek 1.000 eurorainoko saria ukanen dutela, pandemia garaian «ezkutuan eta baldintza zailetan» aritu direla argudiatua. Zaintzaileek departamenduen tutoretzapean egiten dute lan; hala, estatuak 80 milioi euroko laguntza isuriko die departamenduei. Estatuaren diru laguntzaz gain, departamendu bakoitzak beste 80 milioi euro baliatuko ditu COVID-19 saria banatzeko: guztira 160 milioi euroko zorroa osatuko dute zaintzaileei banatzeko.
Frantziako Estatuko 320.000 langilek jasoko dute prima —horietarik %97 emakumeak—, abenduan «berantenez». Langileen lanaldiaren arabera kalkulatuko dute kopurua, eta 1.000 eurokoa izaten ahalko da gehienez ere. Bestalde, «zaintzaileen lan baldintzak eta artatuen bizi baldintzak hobetze aldera», Macronek «dependentziaren gaiaren inguruko» neurriak hartuko dituela hitzeman du goizean, Toulonen (Okzitania) egindako agerraldi batean.
Pandemia garaian zerbitzu berezietan lan egin zuten ospitaleetako langileek jada jaso dute COVID-19 sari berezia, tartean Baionako ospitaleko zenbait erizain.