Madrilek zaintza partekatua mugatu nahi du adingabeen ongizateari kalte egiteko arriskua egonez gero

Haurrak babesteko 2021eko legea erreformatzeko prozesua abiatu du Espainiako Gobernuak, adingabeen interes gorena indartzeko. Prozesu judizialetan 12 urtetik beherako adingabeei ere entzuteko betebeharra ezarri nahi du.

Sira Rego hizketan, gaur, Ministroen Kontseiluaren osteko agerraldian. J.J. GUILLEN / EFE
Sira Rego hizketan, gaur, Ministroen Kontseiluaren osteko agerraldian. J.J. GUILLEN / EFE
Maite Asensio Lozano.
2026ko maiatzaren 5a
18:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

2021eko ekainean onartu zuten Espainiako Gorteek Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Babesteko Lege Organikoa (LOPIVI), eta bost urte bete aurretik jada lehen erreforma egingo dio Espainiako Gobernuak. Haur eta Gazteen Ministerioak bultzatuta, testua «zabaltzeko» lege aurreproiektua onartu du gaur Ministroen Kontseiluak. Adingabeen babesa eta interes gorena indartzeko asmoz, hainbat neurri hartu nahi ditu gobernuak: adingabeei eragiten dieten prozesu administratibo eta judizialetan haurrei eta nerabeei entzuteko betebeharra ezartzea, adin muga barik; zaintza partekatua mugatzea, adingabeen ongizate fisiko edo emozionalari kalte egin badiezaioke; eta guraso alienazioaren sindromea eta antzeko teoria faltsuak berariaz debekatzea.

Ministroen Kontseiluaren osteko agerraldian zintzo adierazi du gaur Sira Rego ministroak legeak «hutsuneak» dituela; izan ere, hainbat kasuk agerian utzi dute arauan ezarritako neurriak ez direla nahikoa sexu abusuak edo indarkeria matxista jasan duten haurrak babesteko. Hala, barkamena eskatu die Regok adingabeei: «Espainia zorretan dago haurren parte batekin, urteetan zehar zalantzan jarri delako haien hitza, eta ama babesleak kriminalizatu direlako. Horregatik, instituzio gisa eta gizarte gisa, errealitate hori onartu eta aitortu behar dugu, eta barkamena eskatu entzunak izan ez diren ume guztiei».

«Adingabeei entzutea ez da kontzesio bat, baizik eta eskubideak bermatzeko modu bat, eta justizia kontu bat»

SIRA REGO Haurren eta nerabeen Espainiako ministroa

Ildo horretan doa neurri garrantzitsuenetako bat: adingabe guztiek izango dute entzunak izateko eskubidea, haiengan eragin dezaketen prozesu judizial edo administratiboetan, adin mugarik gabe. Egun, derrigorrezkoa da 12 urtetik gorakoak entzutea, baita «nahikoa helduak» direnak ere, baina azken hori ez da behar bezala aplikatzen; beraz, betebehar hori zabaldu nahi du gobernuak. «Adingabeei entzutea ez da kontzesio bat, baizik eta eskubideak bermatzeko modu bat, eta justizia kontu bat», nabarmendu du Regok.

Era berean, adingabeen interes gorena indartu nahi dute, eta, horretarako, kontzeptua definitzeko irizpide batzuk ezarriko dituzte. Gainera, ebazpen administratibo eta judizialetan justifikatu egin beharko da hartutako erabakia zergatik datorren bat adingabearen ongizate fisiko, emozional eta psikologikoarekin. «Interes gorenaren aplikazioa ez da subjektiboa izango», esan du Regok.

Horren bidez, zaintza partekatua mugatzeko modua emango du lege erreformak: ezingo da halakorik ezarri «zaintza erregimen horrek haurren edo nerabeen osasun fisiko, psikiko edo emozionalean inpaktu negatiboa izan dezakeelako zantzurik denean». Hala, adingabe batek adierazten badu ez duela harremanik edo bisitarik izan nahi gurasoetako batekin, «arbuio horren kausak ikertu» beharko dira, eta «harremana baldintza seguruetan egiten dela bermatu».

Egun indarrean den arauak dio «erakundeek neurriak hartu behar» dituztela guraso alienazioaren sindrome faltsua eta antzekoak erabili ez daitezen, baina, erreformaren bidez, berariaz ezarri nahi dute debekua.

Horrekin lotuta, legean hankamotz geratu zen beste gai bat ere moldatuko dute: GAS guraso alienazioaren sindrome faltsua edo antzeko formulazioak debekatuko dituzte. Haurrak amengandik banatzeko erabili ohi dira halako pseudoteoriak, argudiatuz emakumeek aiten aurka manipulatzen dituztela seme-alabak, baina sindrome horrek funtsik ez duela ohartarazia dute adituek eta NBEk. Egun indarrean den arauak dio «erakundeek neurriak hartu behar» dituztela halakoak erabili ez daitezen, baina, erreformaren bidez, berariaz ezarri nahi dute debekua. Hala, prozedura administratibo eta judizialetan ezingo da erabili GAS edo antzekorik aipatzen duen txostenik; eta ebazpenen batek aipatzen badu, inpugnatu ahalko da.

Bortizkeria egoeretarako, praktikan eragin handia izango duen beste neurri bat txertatuko dute erreforman: guraso bakar baten baimena nahikoa izango da indarkeria molderen bat jasan duen haurrak arreta psikologikoa, soziala edo juridikoa izan dezan; erasotzaileen beto gaitasuna eragotzi nahi dute horrela.

Ez ditu bisitak arautuko

Dena den, lege erreforma honetatik kanpo geratuko da bisiten auzia, hau da, indarkeria matxistako kasuetan nola arautu adingabeen eta aita erasotzailearen arteko harremana eta bisitak. Regok azaldu du indarkeria bikarioaren inguruko legeak zehaztuko duela hori, baina haurren babeserako arauak norabide bat emango diola. Adibidez, adingabeen interes gorena definitzeko irizpide gisa jarriko dute haien bizitza «indarkeriarik gabeko inguru batean garatzea». «Babestea ez dator bat tratu txarren emailearekin bizitzearekin», adierazi du Regok. Edonola ere, Berdintasun Ministerioaren esku dago bortizkeria bikarioari buruzko legea, eta ez da bide erraza egiten ari: azken hilabeteetan hainbat desadostasun adierazi dituzte bi ministerioek testuaren inguruan.

Bestalde, adingabeekin lan egiteko baldintzak ere gogortu nahi ditu gobernuak, haurrekin lotutako delituengatik zigortutako inork ez dezan haiekin lan egin. Bestelako neurri batzuk ere aurreikusi dituzte, hala nola umeen aurkako indarkerian espezializatutako abokatuen ofiziozko txandak sortzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA