Herri zaintzailea zer den definitzea eta tokiko esku hartzerako proposamenak garatzea. Hori da Herri zaintzailea helburu. Eraldaketarako gakoak liburuxkaren helburua. Udalbiltzak, Emaginek eta adituen mahai batek ondu dute, zaintza sistema «eraldatzeko gakoak» liburuxka batean jasotzeko asmoz.
Dokumentua gaur aurkeztu dute, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa). Aurkezpenean izan dira Udalbiltzako zuzendari Clara Rouget, Emagin elkarteko Ainara Santamaria eta Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta, Udalbiltzako batzorde eragilean Zaintza alorreko arduradun ere badena. Gaur aurkeztutako argitalpenean bildutako gakoak plazaratu eta hausnartzeko jardunaldia eginen dute azaroaren 7an, Donostiako Miramon Teknologia Parkeko eraikin nagusian.
Agerraldian azaldu dutenez, proiektuaren antolatzaileek iazko urtarrilean erabaki zuten herri zaintzailea berriz definitu behar zela, Euskal Herria ere «krisi egoera horretatik ez dagoelako salbu». Hain zuzen, egungo zaintza eredua «bidegabea» dela azaldu du Santamariak: «Batzuen esplotazioa erabiltzen da sistema honek aurrera egin dezan». Are, errealitate soziodemografiko berriak zaintza egoeraren krisia «modu nabarmenean» areagotu dezakeela ohartarazi du Rougetek.
Zaintza sistemaren eraldaketa jomuga izanda, «adituz eta arituz» osatutako mahai bat eratu zutela azaldu du Rougetek: «Esku hartze komunitarioan lanean ari direnek, pertsonen zaintzaz hausnartzen dutenek, unibertsitateetako irakasleek, gizarte zerbitzuetako langileek, etxez etxeko langileek, sindikalismoan ari direnek eta pentsiodunek osatu dute mahaia». Bada, behin mahaia osatuta, kurtso osoko prozesua diseinatu zuten Udalbiltzak eta Emaginek, eredu berrirako gakoak biltzen hasteko. «Zortzi saio egin genituen iazko irailetik aurtengo ekainera, hiru ordukoak», azaldu du Santamariak. Prozesuak hiru zati izan ditu: pertsonen zaintzari begira egindako lan saioak, lurraldearen zaintzarako lan saioak eta gobernantzara bideratutako hausnarketa.
Horrez gain, bileretan «begirada ekofeminista, antirrazista, antikapazitista, adinkeriaren aurkakoa eta euskalduna» oinarri izan dutela kontatu du Santamariak.
Lanketa kolektiboa
Bi ildo nagusitan banatu dituzte edukiak liburuxkan: batetik, herri zaintzaileen marko orokorraren definizioa eta horren ikuspegi teorikoak bildu dituzte, eta bestetik, esku hartze posible baterako lan ildo eta pausoak zehaztu. Eduki horiek guztiak «modu kolektibo» batean egin dituzte, eta aurrerantzean ere bide horretan aurrera jarraitu nahi dutela adierazi du Solaberrietak: «Orain arte egindakoa ez da ezeren amaiera, agian zerbaiten abiapuntu izan daiteke».
Santamariak ere bide beretik egin ditu adierazpenak: «Liburua egiaz erabilgarria izan dadin, irakurri, berrirakurri, praktikara eraman, aldaketak egin, hanka sartu eta hobetzen jarraitu behar dugu». Horetarako, bi elkarteek jardunaldi irekia antolatu dute azaroan.
Bi ataletan banatu dute jardunaldia. Lehenengoan, gobernantzaren arloan sakonduko dute, «ezinbesteko eremua» baita prozesu eraldatzaileak herriz herri martxan jartzeko, Santamariaren iritziz. Izan ere, gobernantza publikoari eta komunitarioari atal oso bat eskaini diote liburuan.
Bigarren atalean, ordea, arlo praktikoa jorratuko dute; pertsonen eta lurraldearen zaintzari begirako esku hartze posibleak landuko dituzte mahai inguru batean. Horrez gain, herri zaintzaile baten aldeko manifestuari ere tokia egingo diote.