Zaintza unibertsaltasunera nola eraman

Alkartasuna eta Coppieters fundazioek antolatuta, zaintza eskubide gisa aitortzea eta garatzea izan dute aztergai Europako hainbat adituk, 'Zaintzen zain' jardunaldian.

'Zaintzen zain' jardunaldia, gaur, Bizkaia aretoan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
'Zaintzen zain' jardunaldia, gaur, Bizkaia aretoan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2026ko urtarrilaren 24a
17:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ezin da hitz egin justiziaz zaintzaz hitz egin gabe». Irmo abiatu du mintzaldia Kathleen Lynch Dublingo Unibertsitateko Berdintasun Ikasketetako irakasleak; hogei urte luzez zaintzaren, kapitalismoaren, hezkuntzaren eta justizia sozialaren gurutzaketa ikertu duenaren talaiatik. Online hartu du parte Alkartasuna eta Coppieters fundazioek gaur Bilbon antolatu duten Zaintzen zain jardunaldian; lehen mahaian izan da, Europako beste hiru aditurekin batera, zaintza sistema publiko eta unibertsalak aztertzen. Eta Bizkaia aretoko entzuleei argi azaldu die bere ondorio nagusia: «Ezin dugu auzitan jarri zaintzaren alorrean gertatzen ari dena kapitalismo neoliberalaren aurka egin gabe, ez baitu kontuan hartzen zaintzaren garrantzia».

Izan ere, Lynchen hitzetan, kapitalismoak ezarritako ordena globala gailendu da, «anbizioa eta lehia lehenesten» dituena. Eta, beraz, ekonomiaren ikuspegi hegemonikoak efizientziarekin eta produktibitatearekin lotzen du zaintza: «Ekonomialariak merkatuan zentratzen dira, trukearen balioan, eta ikuspegi horretatik zaindu daitekeen horretan. Baina gizakiak ez gara produktuak. Irabazi asmoa izatea eta zaintzea ez doaz eskutik».

«Besteei ematen diegun denbora da zaintza. Eta ez du beti balio ekonomiko bat: zaintzaren giza balioa ezin da neurtu»

KATHLEEN LYNCH Dublingo Unibertsitateko irakaslea

Hala, nabarmendu du zaintza lanek egiten dutela gizakia gizaki: «Besteei ematen diegun denbora da zaintza. Eta ez du beti balio ekonomiko bat: zaintzaren giza balioa ezin da neurtu». Hori dela eta, justizia soziala harremanei lotuta dagoela erantsi du: «Gizakiok ez gara bakarrik izaki ekonomikoak; besteekiko harremanak ditugu une oro. Zaurgarriak gara, emozionalak, eta horrek egiten gaitu garena: elkarren menpekoak. Askotan ez dugu entzun nahi, munduak esaten digulako autonomoak izan behar dugula, baina gizaki bakar bat ere ez da guztiz independentea».

Elkarrekiko dependentziari erreparatu dio Nena Georgantzi Europako AGE plataformako kideak ere, zaintzarako eskubidea bizi osoan aldarrikatzeko: «Denok dugu zaindua izatearen bizipenen bat, askok zaindu egiten dugu, eta bizitza luzea izateko zortea badugu, zaintza beharko dugu. Zaintza berezkoa dugu gizakiok, baina politika publikoetatik porrot indibidual gisara hartzen dute, edo arazo pribatutzat, edo familiaren kontu bat balitz bezala. Bizitzan zehar moldez eta intentsitatez aldatzen da zaintza, baina eskubidea ez da aldatzen».

Eskubide izendatzearen garrantziaz

Oso garrantzitsua baita zaintza eskubide gisa izendatzea: «Giza eskubideek ideia sinple baina erradikal bat adierazten dute: pertsona guztiok dugu duintasun bera. Eskubideak ez dira jatorriaren, jokabidearen, osasun egoeraren edo produktibitatearen arabera ematen. Baina adinekoen zaintza izaten da murrizten den lehen eremua, barneratua dugulako eskubideak produktibitatearekin lotuta daudela: haurren zaintza inbertsiotzat dugu, eta adinekoena, berriz, gastutzat. Aldiz, giza eskubideen lengoaiak bidea ematen du baliabideen banaketaz eztabaidatzeko; horregatik, estatuek maiz saihestu egiten dute eskubideez hitz egitea».

«Adinekoen zaintza izaten da murrizten den lehen eremua, barneratua dugulako eskubideak produktibitatearekin lotuta daudela: haurren zaintza inbertsiotzat dugu, eta adinekoena, aldiz, gastutzat»

NENA GEORGANTZI AGE plataformako kidea

Batik bat adinkeriaren aurka dihardu Georgantzik, eta ildo horretan, ezinbestekotzat jo du Nazio Batuen Erakundeak hitzarmen berri bat lantzea adinekoen eskubideen eta zaintzaren inguruan: estatuak behartuko lituzke betebehar batzuk beren gain hartzera. «Adinekoen zaintza eraginkortasunean oinarritzen da, zaintzaileek ahalik eta gauza gehien egin ditzaten ahalik eta denbora gutxienean. Helburua da adinekoak bizirik irautea, ez bizitzea». Horregatik, uste du zahartzaroaren gaineko ulerkera aldatu behar dela: «Galdera ez litzateke izango ea zaintza sistema ordain dezakegun, baizik eta nola alda dezakegun sistema hori pertsona guztiek beren eskubideak bermatuta izateko bizi osoan zehar».

Georgantziren ideiak datuz lagundu ditu Dana Bachman Europako Batzordeko Gizarte Babeserako zerbitzuburuak: «Europan 65 urtetik gorakoen erdiek daukate ase gabeko zaintza premiaren bat». Batezbesteko orokorrak direla aitortu du, eta arrakala esanguratsuak daudela estatuen artean, baina zenbakiek balio dute arazo batzuk identifikatzeko. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren alorrean, adibidez: «65 urtetik gorako hirutik batek baino ez dauka sarbidea, eta horrek zerikusia du finantzaketarekin. Europako Batasunean oraindik arrazoi ekonomikoak dira nagusi zaintza zerbitzuak ez erabiltzeko».

«Europan hiru milioi langile daude ofizialki zaintzan. Aldaketa demografikoa datorrela eta, lanbide horien erakargarritasuna handitzeko moduak jorratu behar lirateke»

DANA BACHMAN Europako Batzordeko Gizarte Babeserako zerbitzuburua

Europako Zaintza Estrategia ontzen ari den lantaldeko arduradunetako bat da Bachman. Arauak baino gehiago, gomendioak emango dizkiete estatuei, eta hor, zaintzari enpleguaren ikuspegitik ere begiratzea proposatu du: «Europan hiru milioi langile daude ofizialki zaintzan: BPGaren %3ra iristen dira, eta, zaintza informala kontuan hartuta, %5,7ra. Aldaketa demografikoa datorrela eta, lanbide horien erakargarritasuna handitzeko moduak jorratu behar lirateke». Baina ohartarazpen bat ere egin du: «Herrialde guztiak presio handia jasaten ari dira defentsa gastuak handitzeko, eta hor kaltetuak zaintza zerbitzuak izango dira».

Iparraldeko promesa, krisian

Izan ere, zaintzaren inguruko kontzientzia gero eta handiagoa den arren, gero eta konplexuagoa da zaintzaren inguruko krisia ere. Hala adierazten dute Europa iparraldean eredugarritzat jotako herrialdeetako gorabeherek, Tine Rostgaard Danimarkako Roskilde Unibertsitateko Gizarte Zientzietako irakasleak azaldu duenez. Finlandia, Norvegia, Suedia eta Danimarkako zaintza sistemetan txertatua daude justizia sozialaren balioak, eta hortik jaio zen «iparraldeko promesa» deiturikoa: «Zaintza eskubidea unibertsala da».

Promesa hori, ordea, kamusten ari da. «Krisiaz» mintzatu da argi Rostgaard: «Oso oinarrizko zaintza ematen ari gara gero eta gehiago. Gizartea zahartu da, zaintza egoera konplexuak dira, langileak falta dira... eta zerbitzuak murriztuz joan gara. Gero eta jende gutxiagok jasotzen du kalitatezko zaintza etxean, eta baliabideen eskasia hori ez da inoiz neutroa». Horrek dakar feminizazioa: «Familia sartzen denean, emakumeek hartzen dute zamarik handiena». Eta «estratifikazio isila» izendatu duena: «Zerbitzuak bide pribatuetan kontratatzen dira, baina denek ezin dute».

«Sistema unibertsaletan ere injustiziak sor daitezke zerbitzu publikoak ahultzen direnean»

TINE ROSTGAARD Danimarkako Roskilde Unibertsitateko irakaslea

Gizarte horietan apurka ari dira eztabaida horiek agendan kokatzen. Eta prozesu horretan, hainbat irakaspen identifikatu ditu Rostgaardek. Batetik, beharginei lotuta: «Ahots gehiago eman behar zaie, eta lanak antolatzean, haien esperientzia kontuan hartu, haiekiko konfiantza izan». Eta, bestetik, gizartearen dinamikei beti adi egon beharra: «Sistema unibertsaletan ere injustiziak sor daitezke zerbitzu publikoak ahultzen direnean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.