Haurtzaindegiak ziren orain gutxi arte gurasoak lantokian zeuden bitartean umeak zaintzeko tokiak. Ikerketek behin eta berriro nabarmendu dute, halere, heziketa garrantzizkoa dela ume-umetan ere, hurrengo urteetako garapenaren zimenduak orduan jartzen direlako. PISA txostenak berak, adibidez, herrialde guztietan ikusi du joera hau: haur heziketara joan direnek emaitza hobeak izaten dituzte eskola garaian. 500 puntu ingururekin, 80 puntuko aldea ere badago. Arazoa da hasierako haur heziketa, 0-2 urte artekoa, ez dutela oinarrizko hezkuntza modura hartzen, ez dela doakoa eta unibertsala. Beraz, gurasoek pagatu egin behar dute.
Beste joera batzuk hedatzen ari direla egia da. Haurrak etxeetan zaintzea, adibidez. Eskolan ume gehiegi daudelakoan elkarrekin, haiei behar bezala kasu egitea ezinezkoa dela uste dute guraso batzuek, eta hobe dela lau-bost ume zaintzaile batekin egotea etxean.
Joera horiek gutxi zabaldu dira Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzak aurreko legealdian bultzatu zuen gisa horretako egitasmo bat —Haur Etxeak izena eman zioten—, baina desadostasunak sortu ziren gobernuan bertan: Gizarte Gaietako Sailak bultzatu zuen plana, baina Hezkuntza Saila ez zegoen konforme, uste baitzuen zaintzaren ikuspegia zuela nagusi, ez heziketarena. EAJren gobernuak bertan behera utzi zuen proiektua, argudio hori erabilita. Babes publikorik gabe, baina ari da aurrera egiten bide hori pixkanaka, proiektu hartan parte hartu zuten haur-zaintzaileen bidez.
Nafarroan ere gobernuak bultzatu zuen horrelako eredu bat, 2006tik aurrera, eta diruz lagundu ere bai. Azken urteetan, ordea, murrizketen testuinguruan, galtzaileetako bat alor hori izan da.
Haur heziketa garatzeko zailtasun handienetako bat hori da, dirurik eza. Ez da derrigorrezko eskola garaia, eta, gainera, erakundeek ez dute osorik finantzatzen. Desberdintasunak nabarmenak dira: baliabideak dituzten etxeetako umeak joaten daitezke eskolara. PISA txostenak dio faktore garrantzitsua dela hori eskolako ibilbidean. «Baina egoera sozioekonomikoa kontuan edukita ere, errendimendu hobea dute haur heziketara joan ziren ikasleek».
Errendimendua eta ekitatea
Baliabide gutxi duten gaztetxoentzat da bereziki garrantzitsua heziketa ume-umetatik jasotzea, ikerketaren arabera. «Hobekuntza bera dute egoera ekonomiko aldekoa dutenek eta ez dutenek. Hortaz, litekeena da baliabide gutxien dutenek ateratzea etekinik handiena». Ondorioa argia da, beraz: «Haur heziketarako sarbidea handitzeak errendimendua hobetzen du, ekitatea handitzen eta diferentzia sozioekonomikoak gutxitzen». Prezio altuekin, ordea, aldeak handitu egiten dira.
Hezkuntza. Haur eskolak
Zaintzaz haragokoak
Ez dago oinarrizko hezkuntzan, ez da doakoa, baina haur eskolen garrantzi handia nabarmendu dute ikerketek. Zaintza soila ez, heziketa dute ardatz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu