Zalantzan dago Araba Euskaraz Olarizun egiteko modua egongo den ala ez

Antolatzaileek ez dute behin betiko erabakirik hartu oraindik, baina zera adierazi dute: «Olarizuko lorategiak gaur-gaurkoz ez dira inguru erosoa eta ez daude guk aurreikusitako baldintzetan».

Araba Euskaraz, iaz, Olarizun. IÑIGO URIZ / FOKU
Araba Euskaraz, iaz, Olarizun. IÑIGO URIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko ekainaren 3a
12:46
Entzun 00:00:0000:00:00

Ekainaren 15ean ospatuko dute Araba Euskaraz, Arabako ikastolen aldeko jaia. Azken urteetan legez, Gasteizko Olarizun egitekoak ziren, baina zalantzak piztu dira lorategien egoeraren harira: «Orain, ingurua aztertzen ari gara, eta Olarizuko lorategiak gaur-gaurkoz ez dira inguru erosoa eta ez daude guk aurreikusitako baldintzetan». Gaur aurkeztekoak ziren festaren egitaraua komunikabideen aurrean, Olarizun hain zuzen, baina bertan behera utzi dute aurkezpena, lorategiaren egoeragatik.

Jaia egin egingo dute. Hori ziurra da: «Jaia zalantzarik gabe ospatuko dela jakinda, egoera sakon aztertzen ari gara, eta jaiaren egiturari buruzko erabaki egokiena hartzeko bidean gaude». Hots, oraindik ez dute erabakirik hartu, baina «aukera guztiak mahai gainean» dituzte, eta ziurtatu dute datozen orduetan edo egunetan emango dutela erabakiaren berri: «Behin erabakia hartuta, informazioa ahalik eta azkarren zabalduko dugu».

Halaber, eskerrak eman dizkiete herritarrei «ulermenagatik eta babesagatik». «Ziur gaude aurtengo Araba Euskaraz ere euskararen eta ikastolen aldeko jai handi eta parte hartzailea izango dela». Aurten, Bastida ikastolari laguntzeko izango da Arabako ikastolen jaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.