Zalantzak eta akatsak zaratari eta presari patxadaz erantzuteko

Kutxa Fundazioak Jakingura jaialdiko azken saioa egin du gaur, Tabakaleran. Eguneko aurreneko mahai inguruan, jakin-mina garatzeko estrategiez, teknologiaren albo ondorioez, azkartasunaz eta talde lanaz aritu dira Remedios Zafra eta Cesar Bona.

Cesar Bona eta Remedios Zafra, Kutxa Fundazioak antolatutako Jakingura jaialdiko mahai inguruan, gaur, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Cesar Bona eta Remedios Zafra, Kutxa Fundazioak antolatutako Jakingura jaialdiko mahai inguruan, gaur, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU
maddi iztueta olano
DONOSTIA
2026ko ekainaren 19a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ezagutza elkarrizketetan sortzen da, galderetan, deserosotasunean»; eta horixe izan da Kutxa Fundazioak antolatutako Jakingura jaialdia, «besteei entzuteko, kritikoki pentsatzeko eta galderak egiteko leku bat», fundazioko zuzendari nagusi Ander Aizpuruaren arabera. Ekainaren 5ean abiatu zuten, Beasainen (Gipuzkoa), eta, pasa den astean Bergaran (Gipuzkoa) beste saio bat egin ondoren, egitarau mamitsu bat ondu dute azken egunerako, Donostiako Tabakaleran. Remedios Zafra idazle eta ikertzaileak eta Cesar Bona idazle eta irakasleak eman diote hasiera bukaerako jardunaldiari; nor bere kabuz solasean aritu dira lehenik, eta elkarri hitza emanda ondoren.

Jakingura jaialdia

Zergatik da pentsamendu kritikoa egun abantaila bat? galderatik abiatuta, zaratari erreparatu dio Zafrak: «Bada bizkar gainean daramagun hots bat, sare sozialen bidez azkartzen eta zabaltzen den zarata bat, zeinak ulertu eta hausnartu gabe epaitzera bultzatzen gaituen». Eta hitz egiten jarraitu aurretik, irmoki esan du: «Ez naiz robot bat». Ez da robot bat, besteak beste, «zalantza» egiten duelako, «nahastu» egiten delako eta «arnasa» hartzen duelako.

Teknologiaren industria izan du hizpide Zafrak; batez ere, «giza gorputzaren eranskin bat» bihurtu den smartphonea. Aitortu du asmakuntza horrek erraztasun asko eman dizkiola gizakiari, eta informazioa inoiz baino eskuragarri dagoela; halere, auzitan jarri ditu ekar ditzakeen albo ondorioak: «Nola da posible hainbeste pertsonak halako bakartze irudipena izatea eta gogoetarik ezin egitea?». Hain justu, Zafrak salatu du hainbat enpresaren helburua kontzentrazioa eta arreta «zatitzea, ahultzea eta monetizatzea» dela, biek ala biek eragin handia dutelako «desiran, etikan eta moralean». 

«Ikaste prozesua, jakin-mina, sakrifikatu egiten dira presaren hobe beharrez» 

REMEDIOS ZAFRA Idazlea eta ikertzailea

Adimen artifizialak bere egin ditu zenbait giza gaitasun, baina badira horren aldean hezur eta haragizkoek balia ditzaketen ahalmenak, hala nola «denbora hartu ahal izatea», «gardentasuna» eta «arreta». Zafraren arabera, teknologiak aise eta azkar ase dezake jakin-mina, «logika dominatzaileak» erantzunak azkar lortu nahi dituelako: «Ikaste prozesua, jakin-mina, sakrifikatu egiten dira presaren hobe beharrez, eta prozesu hori bazter uztea pentsamenduaren plazerari uko egitea da». Dena den, uste du posible dela adimen artifiziala eraldatzea pentsamendu kritikoaren alde egin dezan. 

Galderak eta galderak

Haurrekin egiten du lan Bonak, irakaslea baita, eta anekdotaz anekdota eraiki du jakin-minaren inguruko definizioa. Kontatu duenez, enpresak eta eskolak uste baino antzekoagoak dira, baita haurrak eta helduak ere: «Jakin-mina aintzat hartzen eta txalotzen ez duen eskola bat zera da, erantzunak soilik nahi dituen enpresa baten gisakoa». Haren arabera, pentsamendu kritikoa garatzeko eta jakin-mina elikatzeko ezinbestekoa da zalantza egitea, nahiz eta maiz horren beldur izan: «Helduok ez dugu jakin-mina galtzen, otzandu egiten dugu, uste baitugu besteen aurrean galderak egiteak tuntun bihurtzen gaituela». 

«Helduok ez dugu jakin-mina galtzen, otzandu egiten dugu, uste baitugu besteen aurrean galderak egiteak tuntun bihurtzen gaituela» 

CESAR BONA Idazlea eta irakaslea

Jakin-minaren etsai handienetako bat zein den ere argitu du: «Pilotu automatikoa». Gauzen zergatia ez bilatzea, besteek esan dutena zalantzan ez jartzea, erantzun zuzenak soilik txalotzea, okertzen dena irrigarri uztea... Ekintza horiek guztiek «jakin-mina hil» dezakete. Tabakaleran bildutako ikus-entzuleei zuzenduta, jakin-mina eta sormena lantzeko guneak nola sortu iradoki du; hots, ikasleek eta langileek jakin behar dute ez dutela «hanka sartzeko» beldurrik izan behar. 

Deseroso eta kritiko

Nork bere hausnarketak eginda, elkarren alboan eseri dira Zafra eta Bona, eta bata bestearen hitz jarioari segika aritu dira solasean. Bonak esandakoarekin bat egin du Zafrak, eta nabarmendu du jakin-mina estuki lotuta dagoela testuinguruarekin, eta, hala, zalantza egiteko ezinbestekoa dela «eremu seguruak» sortzea. Horrez gain, jakin-mina garatzeko behar-beharrezkoa den beste pauso bat aipatu dute biek: deseroso sentitzea eta deserosotasunari eustea. 

Izan ere, ikasteko, ezagutzeko eta ulertzeko, begirada zabaldu behar izaten da sarri. Horrekin lotuta, jakin-mina «demokraziarako tresna bat» ere izan daitekeela esan du Zafrak, argudiatuta esparru autoritarioek ahalik eta azalpenik sinpleenak ematen dituztela, polarizazioa elikatzea helburu. Horri aurre egiteko, Zafrak ohartarazi duenez, «kolektiboki» egin behar da lan; Bonaren arabera, berriz, besteei galderak egitean datza. Eta halaxe bukatu dute solasaldia, ikus-entzuleei galdera bana luzatuz. Etxerako lanak bidali ditu Bonak: «Galde iezaiozue zeuen buruari egunean bost aldiz: 'Honek nola funtzionatzen du?'»; Zafrak, aldiz, hausnarketa zabalago bat proposatu du: «Zergatik da garrantzitsua pentsatzea?». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA