Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman dio Verter Recyclig 2002 SM enpresari, Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiaren azpiko aldean segurtasun biltegi berria eraiki dezan, otsailean izandako luiziaren ondorioz jausitako zaborrak han biltzeko. Erabakiak polemika piztu du, Verter Recycling enpresa delako zabortegiaren jabea eta arduraduna, eta, adibidez, Zaldibar Argitu plataformari «ulertzeko zaila» begitandu zaio, «egin dituen arau hauste guztien ondoren», enpresa horri baimena eman izana.
Gainera, plataformak salatu du «larrialdiko lege bat» erabili dutela «lurrak zabortegi bilakatzeko, ingurumen neurriak kontuan hartu barik», eta «behin-behineko gobernu batek» hartu duela erabakia.
Erabakia justifikatzeko emandako argudioetako bat izan da horrek erraztuko lituzkeela Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran –oraindik ere desagerturik dauden bi langileak– topatzeko lanak. Zaldibar Argituk, berriz, uste du «lotsagarria» eta »maila moral oso baxukoa» dela erabakia zuritzeko asmoz «horrela erabiltzea hor dauden bi pertsonak».
Datorren astelehenean bost hilabete beteko dira zabortegia amildu zenetik. Hori dela eta, larunbatean manifestazioa egingo du Zaldibar Argituk Eibarren (Gipuzkoa). Plataformak «kaleak hartzeko deia» berretsi du, «erabaki honek herritarren kezka eta haserrea areagotu baino ez baitu egin».