Zaldibarko alkate ohia inputatu dute, lurralde antolaketaren kontrako delituak egitea egotzita

Magistratuak leporatzen dio enpresa zabortegian egiten ari zen jardueren berri ez ematea. Alkate ohiarekin batera, bi udal arkitekto eta idazkari bat ere inputatu dituzte.

 Zaldibarko zabortegia, zigilatze lanetan, 2024ko otsailean. GORKA RUBIO / FOKU
Zaldibarko zabortegia, zigilatze lanetan, 2024ko otsailean. GORKA RUBIO / FOKU
Isabel Jaurena.
2026ko urtarrilaren 28a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zaldibarko zabortegiaren auzian, sekretupeko ikerketa bat zabaldu zuen 2024an Laura Yuste magistratuak, «lurralde antolaketaren kontrako ustezko delituengatik». Bada, ElDiario.es hedabideak kaleratu duenez, magistratuak sekretua kendu dio sumarioari, eta jakinarazi hainbat lagun inputatuko dituela: Arantza Baigorri Zaldibarko alkate ohia (EH Bildu), Asier Salaberria eta Hodei Zenikaonandia udal arkitektoak, eta Inmaculada Etxeandia idazkaria. Horrez gain, bertze hainbat lagun ikertzen ari dira. Baigorriri dagokionez, magistratuak leporatzen dio enpresa zabortegian egiten ari zen jardueren berri ez ematea. 

Ikerketa judizial hori Zaldibarko (Bizkaia) auziko hirugarren kausa da. Lehenbiziko kausan, Verter Recycling enpresak —zabortegiaren jabeak— beren gain hartu zituen Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren heriotzak, eta senideei kalte ordainak eman; ez zen kartzela zigorrik ezarri. Bigarren kausa 2022an zabaldu zuten, eta, ia sei urte geroago, irekia dago oraindik; hondamendiaren ingurumen kalteak aztertzen ari dira hartan, eta enpresa bera eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko hainbat langile daude auzipetuta. 

Bada, bigarren auzia ikertzen ari zirenean, lurralde antolaketari lotutako irregulartasunak antzeman zituzten. Hain justu, BERRIAk 2023ko otsailean zabaldu zuenez, Zaldibarko zabortegiko kudeatzaileek zegokien baino lur eremu zabalagoa erabili zuten, eta, beraz, lurralde antolaketari buruzko arauak urratu. Zehazki, enpresak eraikuntzak egin eta hondakinak bota zituen ez-urbanizagarri gisa izendatutako lursailetan. 

Argazkian, Zaldibarko zabortegiaren 2019. eta 2018. urteetako planoak. Lauki horian jardun eremutik kanpo pilaturiko lurrak ikus daitezke.
Argazkian, Zaldibarko zabortegiaren 2019. eta 2018. urteetako planoak. Lauki horian jardun eremutik kanpo pilaturiko lurrak ikus daitezke.

Zabortegirako 137.259 metro koadroko eremu bat erabil zezakeen Verterrek: 6. poligonoko 62, 64, 65 eta 155 lursailak. Nolanahi ere, onetsitakoa baino 64.699 metro koadro gehiago erabili zituen Verterrek. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko teknikariek bazuten horren berri: 2019ko ekainean eta uztailean ikuskatzeak egin zituzten —amildu baino sei hilabete lehenago—, eta 23 arau hauste larri identifikatu. Hala adierazi zuten bisitei buruzko aktan: «Ingurumen organoari jakinarazi gabeko aldaketa ez-funtsezko bat egin dute, basoaren eskuineko hegalean lur betelan bat eginez, 50.000 tona ingurukoa».

Horren berri eman zion Jaurlaritzak enpresari, eta hark erantzun zuen —2019ko urrian— erranez Jaurlaritzak onetsitako ingurumen baimen bateratua errespetatuz egin zutela guztia. Zabortegia amildu eta gero, ordea, Iñaki Arriolak, Jaurlaritzako orduko Ingurumen sailburuak, zigor espedientea ireki zion Verterri, «IBBaren oinarriak ez betetzeagatik».

Bada, hori kontuan hartuta, Baigorri inputatu du magistratuak, Zigor Kodeko 320 artikuluan jasotako kasu honi erreferentzia eginez: «Agintari edo funtzionario publikoak, bidegabea dela jakinda, plangintza tresnen, urbanizazio proiektuen, partzelazioaren, birpartzelazioaren edo eraikuntzaren aldeko txostena eman badu, edo indarreko lurralde edo hirigintza antolamenduko arauen aurkako lizentziak eman baditu, edo ikuskapenak direla eta arau horien arau haustea isildu badu edo nahitaezko ikuskapenik egin ez badu».

EH Bilduk, berriz, adierazi du Zaldibarko Udalaren 2011tik 2019ra bitarteko jarduerak «udal zerbitzu teknikoen irizpide eta gomendioen arabera» garatu zirela, «udal arkitektoa eta kontratatutako aholkularitza teknikoak barne, eta HAPOren aldaketa Bizkaiko Foru Aldundiak bermatu zuen, inolako ñabardurarik gabe».

Gehitu dute, halaber, udalak hasieratik jarri zuela eskatutako informazio eta dokumentazio guztia Ertzaintzaren eta justiziaren esku. «Gaur egun, prozedura ebazpen judizialen zain dago, defentsek jarduketak baliogabetzeko helegitea aurkeztu ostean. EH Bilduk erantzukizunez, gardentasunez eta erabateko lankidetzaz jokatzen du argitu beharreko edozein jardueraren harira», borobildu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.