Zaldibar Argitu Orain lelopean manifestazioa antolatu dute larunbat arratsalderako. Arduradunei argibideak eskatzeko, eta ezbeharra eragin duten baldintzak salatzeko deitu dute manifestaziora. Mobilizazioak hiru adar izango ditu: Eibar (Gipuzkoa), Ermu (Bizkaia) eta Elgetatik (Ermua) irten, eta Eitzaga Zaldibarko auzoan egingo dute bat. Eibarkoa Amaña auzoko biribilgunetik irtengo da, Bizkaiko mugatik gertu (17:00etan; Eroskik aparkaleku handia du gertu, eta Eibar-Amaña tren geltokia bertan da), Ermukoa Cardenal Orbe plazatik (17:00), eta Elgetakoa Plazatik (ordu erdi lehenago, 16:30). Hiru zutabeek Eitzaga auzoan egingo dute bat. Eibartik kilometro pare bat da, Ermutik bat pasatxo, eta ia hiru Elgetatik, aldapa behera Aixolako urtegiko bidearen barrena. Maskarekin joateko eskatu dute.
Deitzaileak herritarren zenbait multzo dira, eta lanean dihardute. Bilera ireki batera deitu dute gaurko Arrate Kultur Elkarteak Eibarren duen aretoan (18:30), Kultu tabernaren gainean (Zuloagatarren kalea, 3). Lagundu nahi duenak bertan ager dadila. Zaldibarko luiziaren harira Debabarrenean eta Debagoienean antolatuko diren bigarren mobilizazioak dira. Aurrenekoak iragan astelehenean izan ziren, eta mila lagundik gora bildu ziren Eibarren zein Ermuan. Zaldibarren eta Mallabian ere antolatu zituzten.