Zaldibarko auzia

Zaldibarko zabortegiaren amiltzea aztertuko du Europako Batzordeak, «kasuaren larritasuna ikusita»

Virginijus Sinkevicius Ingurumen komisarioak adierazi du «eskumena duten agintarien» ardura zela hondakindegiko gabeziak «detektatzea, zaintzea eta zigortzea».

Zaldibarko zabortegiko lanak, joan den astean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2020ko maiatzaren 13a
17:24
Entzun

Europako Batzordeak ere ikertu egingo du zer gertatu zen otsailaren 6an Zaldibarko (Bizkaia) Verter Recycling zabortegian, hau da, zergatik amildu ziren milaka tona hondakin, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak azpian utzita. PPko eta Ciudadanoseko eurodiputatuek eginiko galderei erantzunez, Virginijus Sinkevicius Ingurumen komisarioak adierazi du agintari eta epaitegi «nazional edo erregionalen» ardura dela ea zabortegian arau hausterik izan zen egiaztatzea, «baina kasuaren larritasuna ikusita, Batzordeak aztertu egingo du, eta Espainiako autoritateekin harremanetan jarriko da». Galderei erantsitako informazioari erreparatuta, Sinkeviciusek aitortu du «gabezia esanguratsuak» antzeman daitezkeela: «Arloan eskumena duten agintariek eta auzitegiek horiek detektatu, zaindu eta, azken batean, zigortu behar zituzketen».

Otsail amaieran aurkeztu zituzten galderak PPko Dolors Monserrat eta Javier Zarzalejos eurodiputatuek eta Ciudadanoseko Soraya Rodriguezek; besteak beste, itaundu dute ea batzordeak uste duen zabortegiari ingurumen baimena kendu behar zitzaiola, zer neurri hartuko dituen baimen hori «eraginkortasunez» betetzeko, edota zer tresna dagoen erakunde publikoek ezbeharrean izan ditzaketen ardurak argitzeko.

Zehaztasun handirik ez du eman batzordeak erantzunean, baina bi gairi heldu die. Batetik, ingurumen erantzukizunari buruzko zuzentarauaz jardun da: «Zabortegi baten operadoreak ardura dauka bere jardueraren bidez lurzoruan, airean, babestutako espazioetan eta habitat naturaletan eragindako kalteen gainean»; beraz, ondorioztatu du enpresari eska dakiokeela horiek oneratzea eta kostu guztiak bere gain hartzea. Bestetik, ingurumen informazioaren eskuragarritasunari buruzko zuzentaraua aipatu du, gogora ekartzeko erakundeek berehala jakinarazi behar dutela «osasunerako edo ingurumenerako mehatxuen» berri, herritarrei neurriak hartzeko modua emateko.

Jaurlaritzaren erantzuna

Eusko Jaurlaritzaren ustez, «oinarririk gabeko ondorioak» eman ditu batzordeak. Gobernuak «deitoratu» egin du Sinkeviciusen taldea Ingurumen Sailarekin harremanetan jarri ez izana eta, beraz, zuzeneko informaziorik erabili ez izana Zaldibarko zabortegiaren gaineko kontrolari buruz; halere, «lankidetza» eskaini dio batzordeko lantaldeari. Jaurlaritzak gogora ekarri du bi txosten ireki dizkiola enpresari, ingurumen baimenari buruzko ikuskatze bat eskatu duela, eta amiltzearen arrazoien inguruko peritu ikerketa bat agindu duela; lan horien emaitzak Sinkeviciusi igorriko dizkiola gaineratu du.

PPk, ordea, beste modu batera interpretatu du Europako Batzordearen mezua. Carlos Iturgaiz lehendakarigaiaren aburuz, Bruselak, ikertzeko pausoa ematean, «gaitzetsi» egin du Jaurlaritzaren kudeaketa. «Ez da hondamendi natural bat izan. EAJk gaia estali nahi izan du bere isiltasun legearekin, orain Europako erakundeek berretsi dutenez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.