Ezbeharra

Zangozako mendizale bat hil da Anetoko tontorretik gertu

Llosas gailurrera igotzen ari zen, bakarrik, eta ehun metrotik erori zen. 52 urte zituen, eta aurtengo udan mendian hil den bosgarren euskal herritarra da.

Bi mendizale Anetorako bidean, artxiboko irudi batean. JOSEBA GONZALEZ
Paulo Ostolaza.
2023ko abuztuaren 16a
08:11
Entzun

Beste mendizale nafar bat hil da Pirinioetan, bigarrena astebeteko epean. Guardia Zibilak jakinarazi duenez, hildakoaren senideek astelehen gauean eman zuten desagerpenaren berri, eta berehala hasi ziren haren bila erreskate zerbitzuak. Atzo goizeko 10:30ean topatu zuten gorpua, ehun metrotik erorita. Hildakoa 52 urteko gizon bat zen, Zangozakoa (Nafarroa).

Mendizale aditua zen, Pirinioetan hainbat ibilbide egindakoa, eta abiatu aurretik eman zuen egin nahi zuen bidearen berri. Llosas gailurrera igotzea zen helburua, Posets Maladeta natur parkean, Benasquen (Huesca, Espainia). Anetoko tontorretik gertu dago hori.

Bosgarrena

Herenegungoa uda honetan mendian hil den bosgarren euskal herritarra da. Joan den asteko astelehenean gertatu zen azken ezbeharra: Doneztebeko (Nafarroa) 30 urteko emakume bat hil zen Montferraten, Huescan (Espainia). 400 metroko gain batetik jausi zen. Abisua eman ostean, mendiko erreskateetan aditua den talde bat bertaratu zen ezbeharra izan zen gunera, baina ezin izan zuten ezer egin.

Uztailaren 22an beste ezbehar bat izan zen Europako mendietan, Espainian. Zeanuriko 54 urteko mendizale bat hil zen. Valdeon haranean izan zen, Sedo de la Padierna izeneko bidean. Leku malkartsua da, eta, larrialdi zerbitzuek jakinarazi zutenez, mendizalea erori egin zen. Larrialdi zerbitzuak jakinaren gainean jarri zituztenean, mendizalea konorterik gabe zegoen. Helikopteroz joan ziren haren bila, tokiko orografiagatik ezinezkoa baitzen harengana heltzea. Helikopteroak garabi batean atera zuen handik mendizalea, baina hilik zegoen ordurako.

Uztailaren 20an, beste gizonezko bat galdu zen Panticosan, Pirinioetan, beste bi lagunekin mendian zela. Mendizalearen lagunek abisua eman zuten, eta mendiko erreskate taldeak joan ziren bila. 21ean topatu zuten gorpua, Pico de Fazeraseko sakan batean.

Beste gizonezko bat ere hil zen uztailaren 9an. 58 urteko tafallar (Nafarroa) bat, Huescako Pirinioetan. Anso herriko Gameta tontorretik jaisten ari zela jazo zen ezbeharra. Guardia Zibilaren helikopteroa, Jakako mendiko erreskate taldea eta osasun langile bat bertaratu ziren; hara iristean, gizona hila zela baieztatu besterik ezin izan zuten egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.