Ez etorkizunak, ezta iraganak ere. Orainak kezkatzen du Andoni Olariaga Azkarate (Berriz, Bizkaia, 1984), eta galdera bat nagusitu zaio, bertze ororen gainetik: «Zergatik eta zertarako izan nahi dugu abertzale?». Galdera horrexek jarri zion izena atzoko UEU Udako Euskal Unibertsitateak eta Iratzar fundazioak eginiko hitzaldiari, eta abertzaletasunaren bueltan aritu zen Olariaga, hitzaldia gidatzen.
Euskal Herrian aldaketa anitz gertatu direla diozu, eta horrek ezinbertzean eragin duela abertzaletasunean. Zertan aldatu da Euskal Herria?
Ikusi dugu intuizio partekatu bat dagoela herrigintzan, euskalgintzan, politikan, kalean… dabiltzanen artean. Abertzaletasunak ziklo ezberdinak izan ditu, eta orain eraberritze bat behar du. Orain dela 50 urteko abertzaletasunak garai hartako beharrei eta erronkei erantzuten zien, eta, hein handi batean, mugimendua aurkakotasunetik elikatzen zen. Horrek indarguneak eta ahulguneak ekarri zituen, eta horren gainean joan da eraikiz abertzaletasuna. Azken hamarkadan, baina, krisi bat egon da, krisia positiboki ulertuta, eta ez da aldaketa politikorik gertatu. Belaunaldi berriek lehendabiziko aldiz esan dute etorkizuna orainaldia baino ilunago ikusten dutela. Feminismoan, adibidez, olatu berri bat etorri da, eta mugimendua orainaldiko beharretara eta testuingurura egokitu da; alegia, erronka eta helburu berriak sortu ditu gauden garaiari egoki erantzuteko. Uste dut hori abertzaletasunean ez dela gertatu.
1960ko hamarkadan mundua aldatzeko gogo ikaragarria zegoen, eta hortik lantzen zuten abertzaletasuna, baina esango nuke orain justu alderantzizkoa gertatzen ari dela. Pertzepzioa da aldatu dena: gure hizkuntza orain dela 50 urte baino egoera hobean egon arren, sentitzen dugu lan asko dagoela egiteko. Zapalkuntzak bizitzeko modua asko aldatu da; dena bizitzen da oso gorputzetik. Feminismoaren kasuan, adibidez, teorizazio bat izan da, eta horrek mundua ulertzeko eta ezagutzeko praktika oso bat eman digu. Hori ez da gertatu abertzaletasunarekin, eta badago behar hori. Ziklo aldaketa bat izan da, borroka sozialak gailendu dira, eta badago erantzun kolektibo bat eman beharra: zergatik eta zertarako izan nahi dugu abertzale?
Eta zergatik eta zertarako izan nahi duzu abertzale?
Herri euskaldun bat lortzeko, berdinzalea, askea, feminista, eta elkartasuna adierazteko gaitasuna daukana. Helburua argi eduki behar dugu, baina helburua ezin da abiapuntua izan, horrela ezin baita biderik egin. Helburura iristeko, jakin behar dugu nondik abiatu, eta abiapuntu horretan zer indar eta baliabide dauzkagun bidearekin jarraitzeko. Ez da bide erraza, baina badaukagu nondik hasi, ezta? Euskararen normalizaziotik, adibidez. Horrek oinarrizko helburu bat izan behar du abertzaleontzat.
Nolakoa da XXI. mendeko abertzaletasuna?
Ba, alde batetik, globalizazioak baldintzatutakoa, beste alor askorekin gertatu den bezala. Kosta egiten zaigu etorkizuna proiektatzea gaur egungo erronkekin, baina hori mundu mailan gertatzen ari den joera bat da, ez Euskal Herrian soilik, nahiz eta gu ez gauden arriskuetatik at. Krisi garaietan tentazioak sortzen dira bidezidorrak hartzeko, eta uste dut oraingo krisialdi honetan ere hori gertatzen zaigula. Azken finean, estaturik gabeko herrialde bat gara, eta gogorra da 50 urteko borroka baten ondotik geure burua oraindik horrela ikustea. Alegia, pentsatzea: «Honaino iritsi gara, bai, baina begira oraindik non gauden». Hori pisu bat izan daiteke krisia modu prekarioan bizi duenarentzat, eta zuzenean eragiten du abertzaletasunaren eremu batzuetan, baina uste dut karga hori indar bilakatu beharko genukeela. Indarra, adibidez, euskararen eta herri honen alde egiteko.
«Feminismoan, adibidez, olatu berri bat etorri da, eta erronka eta helburu berriak sortu dituzte gauden garaiari egoki erantzuteko. Uste dut hori abertzaletasunean ez dela gertatu»
Nola egiten da hori?
Uste dut asmatu behar dugula formula berri bat sortzen berpizkunde baterako. Gauden lekuan gaude, eta hori ez da gutxi. Baina arriskutsua da garatzea sentimendu bat esaten duena min asko sufitzen dugula herri honetan. Hori egia da, esaterako, hizkuntza debekuei begiratzen badiegu, baina egin dezakeguna da min horri izena jarri eta ariketa politiko kolektibo berri bat egin. Oraindik iraganeko errentetatik bizi gara.
Nolakoa beharko luke XXI. mendeko abertzaletasunak?
Hasteko, ariketa zintzo bat egin beharko genuke, diagnostiko bat: noraino iritsi gara? Zer daukagu egiteko? Eta zeintzuk dira gure indarrak? Herri bezala badauzkagu egitura batzuk, eta horiek izango dira gure tresna ikusteko zer egin dezakegun eta zer ez. Bestalde, abertzaletasun modernoa sortu zenean, erabaki zen ikuspegi ireki bat sortuko genuela, formulazio moderno bat, esanez Euskal Herrian bizi zen oro, lan egiten zuen oro eta herriarekiko atxikimendu bat erakusten zuen oro gure herriaren parte izango zela. Hori modernoa zen orduan, baina orain eraberritu egin behar da, koordenatu berrietara egokitu, eta behar dugu jendea abertzale sentitzea, feminista edo ekologista sentitzen den bezala, adibidez. Baina, horretarako gizarteak dauzkan korapiloetan sartu behar dugu; erakutsi behar dugu hor gaudela, ari garela horiek askatzen saiatzen. Kasu honetan, badago interpelazio dekolonial bat, eta, askotan, galdera baten aurrean kokatzen gaitu: Euskal Herria zer da, zapaldua edo zapaltzailea? Korapiloak askatzeko eta minak izendatzeko elkarrizketa kolektiboak sortu behar dira; hori da lehen pausoa.
Zeintzuk dira korapiloak?
Gertaeren kontzientzia ireki behar da, eta jakin behar dugu agian korapilo batzuk askatzeak esan nahi duela, besterik gabe, garaira egokitzea. Nik ez dakit zein den soluzio magikoa, esango nuke halakorik ez dela existitzen, baina bai etxea ezin dugula teilatutik hasi. Eta korapiloak edo beharrak zein diren jakiteko diagnostiko bat egin behar dugu, horrela aterako baitira mahai gainera. Gure zapalkuntza ez da bakarrik bi estaturen menpe bizi garela. Zapalkuntza sistema bat dugu gure gainean, eta egunero mespretxatzen gaitu: adibidez, euskaldunak identitariotzat hartzen gaituenean, edo biolentzia sinbolikoa darabiltenean gure kontra. Horri herri bezala begiratu behar zaio, eta azterketa horrek emango dizkigu arrastoak ikusteko nolakoa izan behar duen abertzaletasunak.
«Esaten badugu euskal gizartea ahul dagoela, euskal gizartea are gehiago ahultzen ari gara nahi gabe, indartzen saiatzen baino gehiago»
Euskal gizartea prest dago behar horiei erantzuteko?
Gure gizarteak beti onerako harritzen gaitu. Kolektiboaren sentimendurik ez dugu galdu, baina asmatu behar da formulazio diagnostikoak nola egin, zeren horrek ekarriko du jendea gugana hurbiltzea edo gugandik urruntzea. Euskararen egoera asko aldatzen da formulazioaren arabera: botila erdi hutsik edo erdi beteta erakusten den, horren arabera. Uste dut aurrera begira motibatuko gaituzten markoak jartzea dela gakoa, jakinda horrek ez duela konplazentea izan behar. Esaten badugu euskal gizartea ahul dagoela, euskal gizartea are gehiago ahultzen ari gara nahi gabe, indartzen saiatzen baino gehiago. Badago mundu sinboliko espainolaren eta frantsesaren naturalizazio bat, eta badago eragile sozial eraldatzaileen berpizte bat Euskal Herrian oinarritzen dena. Alegia, badaude elementu asko kontraesanean daudenak, eta horregatik esaten dut horri guztiari perspektibarekin begiratzen bazaio eta krisia ariketa kolektibo bilakatzen badugu jendea uste dugun baino prestago egongo dela gure herriaren alde egiteko eta abertzaletasuna eraberritzeko.
Nola irudikatzen duzu etorkizuneko abertzaletasuna?
Ariketa hau prozesu politiko luzea da. Orain dela urte batzuk, indartsu zegoen abertzaletasuna, baina hori ere bazen aurkakotasunari esker lortutako zerbait, ez? Bi estaturen kontra egin nahi genuelako geunden hain indartuta gure estatuan, eta horregatik ginen hain abertzaleak. Hori desagertzen ari da, jendartearen pertzepzioa lausotzen ari delako, eta sentimendu hori urruntzen ari delako. Indarkeria hori ikusezin bihurtzen ari da. Uste dut asmatuko dugula lurzoru bat jartzen gure herriari, eta asmatuko dugula zein diren gure erronka berriak, jakiteko zeren gainean ibili. Gaitasuna badaukagu; zera behar dugu: ariketa kolektiboa eta elkarrizketa bultzatu. Indarrak mugatuak dira, baina indar horiekin gauza asko egin daitezke.