Jose Luis Rodriguez Zapatero (PSOE) aukeratu dute gaur Espainiako presidente izateko, inbestidura saioko bigarren itzulian. Gaur nahikoa zuen gehiengo sinplea, eta horixe lortu du (13:18an bukatu da bozketa); 169 boto hain justu, bere alderdikoak. Asteazkenean, aurreneko itzulian, gehiengo osorik ez zuen lortu; 176 boto behar zituen gutxienez, eta 168 bildu zituen (bere alderdikoak; PSOEko diputatu bat falta zen). Bihar jakinaraziko du zein izango diren Espainiako Gobernuko ministroak.
Bihar goizean Espainiako erregearengana joango da, karguari zin egitera, eta hark izendatuko du presidente.
2004an ere hautatu zuten Espainiako presidente Zapatero; lehen itzulian orduan, gehiengo osoz.
EAJk (sei diputatu) eta Nafarroa Baik (bat), herenegun bezala, abstentzioaren alde egin dute gaur Kongresuko bozketan, "ordutik gauzak ez direlako aldatu", beraiek esan dutenez. CiUk (hamar) eta BNGk (bi) ere erabaki bera hartu dute, besteren artean. ERCk kontra bozkatu du.
Gaurko bozketaren aurretik alderdi bakoitzak egindako hitzaldietan, aurreko egunekoetatik alderatuta, ez dute gauza berririk esan. Ekonomia izan du hitzaldiko ardatz PSOEko buruak gaur ere, eta estatu mailako akordioetarako PPrekin ados jartzea "lehentasuna" duela adierazi du; besteak beste, ETAren kontrako borrokan.
Espainian monarkia parlamentarioa abiatu zenetik, behin baino ez dute aukeratu gobernuburua bigarren bozketan -Leopoldo Calvo Sotelo, 1981ean-, eta inoiz ez gehiengo osorik gabe -bigarren bozketa hartan gehiengo absolutua lortu baitzuen hark-. Hain justu, orduan bigarren bozketako egunean -otsailaren 23n- Antonio Tejerok estatu kolpea emateko saioa egin zuen; hori dela-eta, bi egunez atzeratu zuten bozketa.
Gaurko bozketa
BAI: 169
PSOE: 169.
EZ: 158
PP: 154.
ERC: 3.
UPD: 1.
ABSTENTZIOA: 23
CiU: 10.
EAJ: 6.
IU-ICV: 2.
BNG: 2.
CC: 2.
Nafarroa Bai: 1.
Politika
Zapatero Espainiako presidente, gehiengo sinplez
Bigarrenez aukeratu dute gobernuburu. 169 boto bildu ditu PSOEko hautagaiak, bere alderdikoak. EAJ eta Nafarroa Bai gaur ere abstenitu egin dira. Zapaterok bihar jakinaraziko du zein izango diren ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu