Ozta-ozta atera du gaur aurrera Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak defizit publikoa 15.000 milioi eurotan jaisteko proposatutako dekretu legea: aldeko 169 boto jaso ditu gobernuak -PSOErenak-. Kontrakoak 168 izan dira: PPko 153, EAJko sei, ERCko hiru, IU-ICVko bi, BNGko bi, UPDko bat eta Nafarroa Baiko bat. 12:15ak aldera egin dute bozketa, Kongresuan.
Ordubete pasa lehenago jakinarazi du CiUk abstenitu egingo zela, eta erabakigarria izan da hori. "Kontra eginez gero, egoerak okerrera egingo luke", esan du Josep Antoni Duran Lleida CiU Kataluniako talde parlamentarioko buruak. Hamar diputatu dituzte. UPN -bat- eta CC -bi- ere abstenitu egin dira.
Ondorioz, funtzionarioen soldatak %5 murriztuko dituzte ekainetik aurrera -2011n, berriz, izoztu-, pentsioak ez dituzte igoko hurrengo urtean, haur jaioberrien laguntzarik ez da izango hurrengo urtetik, inbertsio publikoa 6.045 milioi eurotan murriztuko dute aurten eta hurrengoan...
CiUk aurka ez bozkatu arren, PPk azkeneko egunetan galdegin bezala, hauteskundeak aurreratzeko eskatu dio gaur Zapaterori -2008ko martxoan egin zituzten aurrekoak-. "Arazoa zure gobernua eta zu zarete", esan du Duran Lleidak. Gainera, honek iragarri du 2011ko Espainiako aurrekontuen aurka bozkatuko duela.
Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak atzo arratsaldean eman zuen euren ezezkoaren berri. "Gure autogobernuaren eta Euskadiko herritarren eskubideak defendatu behar ditugu". Plana "bidegabea" dela zioen Urkulluk, eta "azken unera arte" Zapateroren asmoak aldatzen saiatu direla, baina ez dutela lortu.
Legebiltzarrak dekretua "ez aplikatzeko" eskatu dio Espainiako Gobernuari
Legebiltzarrean ordezkaritza duten sozialistak ez beste alderdi guztiek onartu dute Espainiako Gobernuari dekretua "ez aplikatzeko" eskatzen duen erabakia, defizit publikoa murrizteko moduan "ados ez" daudelako. EAJ, PP, Aralar, EA, EB eta UPyDk babestu dute erabakia, eta PSE-EEk kontrako botoa eman du.
ekoNOMIA
Zapaterok aurrera atera du dekretu legea, baina CiUk ere hauteskundeak deitzeko eskatu dio
Gaur eguerdian bozkatu dute Espainiako Kongresuan defizit publikoa jaisteko dekretu legea, eta PSOEk baino ez du babestu gobernua. 168 parlamentarik ezezkoa eman dute. CiU, CC eta UPN abstenitu egin dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu