EH Bilduko Programa idazkaria

Nerea Kortajarena: «Zarata egiten ari dira, herritarrak benetan kezkatzen dituzten gaiak alboratzeko»

EH Bilduko eledunak uste du koalizioak eta EAJk akordioa lor dezaketela Enplegu Publikoaren Legearen inguruan. Salatu du ezin dela eskatu euskararekin ez jolasteko eta gero ika-mika piztu euskara baliatuz.

Nerea Kortajarena, EH Bilduren Donostiako egoitzaren sarreran. ANDONI CANELLADA / FOKU
Nerea Kortajarena, EH Bilduren Donostiako egoitzaren sarreran. ANDONI CANELLADA / FOKU
xabier martin
Donostia
2026ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datozen egunetan ikusiko da ea EAJ eta EH Bildu gai ote diren akordio bat egiteko Enplegu Publikoaren Legearen inguruan, euskararen aurkako oldarraldiaren aurrean blindatze bat sortzeko. Ez du erraza ematen, baina PSE-EEk esana du ez duela parte hartuko gai horri dagokion ezein itunetan, eta alderdi abertzaleak beharturik daude zubiak eraikitzera, oldarraldia lege erreforma batekin geraraziko badute. EH Bilduko Programa idazkari eta legebiltzarkide Nerea Kortajarena (Donostia, 1974) itxaropentsu azaldu da «akordio inklusibo» bati buruz aritu denean.

EAJk zuekin hitz egingo du erreformaz. Zein da EH Bilduren marra gorria negoziazio horretan?

Negoziatzeko marra gorriak jartzea ez da ideia ona izaten. Begi onez ikusi dugu EAJk gurekin elkarrizketarako bidea zabaltzea; Enplegu Publikoaren Legean egin behar den euskararen blindatzeak akordio inklusiboa eskatzen du, eta orain artekoa negoziazio baztertzailea izan da: kanpo utzi gaituzte. Orain, aukera txukun bat dugu alderdi guztien arteko itun inklusibo bat egiten saiatzeko.

Nondik abiatuko dituzue elkarrizketa horiek?

Serio aztertu behar da zer proposatzen duen bakoitzak, eta entzun egin behar dugu adituek zer esaten duten. Legebiltzarrean, zuzenketak aurkeztu aurretik, adituak aritu ziren. Oso interesgarria izan zen haien ekarpena. Esan zuten, adibidez, EH Bilduk aurkeztutako proposamena dela babes juridiko handien ematen duena. Badaude osagai batzuk akordio bat egiten saiatzen hasteko, eta gure ahalegina izango da baldintzak sortzea akordio hori egin dadin.

Nola sortzen dira baldintzak?

Guk gure proposamena adituekin kontraste asko egin ondoren aurkeztu genuen. Arazoak sor daitezke, jabetzen gara. Baina helburua da bi hizkuntza ofizialak administrazioan berdin erabili ahal izateko aukera egotea, eta, batez ere, euskara babestea pairatzen ari garen oldarraldi juridiko, politiko eta mediatikoaren aurrean. Arkitektura juridikoan lanketa oso zehatza egin dugu, eta eredu hori martxan dago jada Galizian, esaterako.

Zuzenketak egin berri dituzue. Zer ñabardura egin dituzue akordioa errazteko?

Gure helburua da bi hizkuntza ofizialen eskakizunak egitea enplegu publikoan sartu ahal izateko, eta malgutasunez aritzea horren aplikazioan. Proportzionaltasun indize bat gehitu diogu lehen helburu horri. Horrek derrigortasun printzipioaren kontrako norabidean funtzionatzen du. Portzentaje batzuk ezartzen dira formula baten bitartez, azkarrago edo mantsoago joan nahi duten udalerriek erabil ditzaten, eta UEMAko udalerri euskaldunak salbuetsita geratzen dira. Beraz, malgutasun hori eskaintzen da. Gainera, esaten duguna da administrazioak bermatu egin beharko dizkiela baliabideak eta denbora administrazioan aritu eta eskakizunak betetzen ez dituztenei, eskakizunak bete ditzaten. Eskatzen duguna da oinarrizko maila bat edukitzea bi hizkuntza ofizialei begira, eta borondatea erakustea euskara ikasteko.

«Ikusiko da EAJk zer proposatuko duen, baina uste dugu akordioa posible dela, denok ulertzen badugu eskubideez ari garela, betiere malgutasuna eta enpatia duen proposamen batekin».

EAJk horren inguruan duen iritzia badakizue?

Gure proposamen osatua azaldu diegu beste alderdiei eta sindikatuei. Ikusiko da EAJk zer proposatuko duen, baina uste dugu akordioa posible dela, denok ulertzen badugu hau eztabaida demokratiko bat dela eta eskubideez ari garela, betiere malgutasuna eta enpatia duen proposamen batekin.

EAJk PSErekin adostu zuen Hezkuntza Legea. Euskarak lortuko al du joera hori haustea eta Eusko Legebiltzarreko bi alderdi nagusiek bat egitea funtsezko akordio batean?

Bitxia da nola aipatzen den euskararekin ez dela jolastu behar eta lehia politikotik atera behar dela, zeren eta, gero, hori bera aldarrikatzen duten alderdiak ikusi ditugu euskararen bueltan ika-mika horietako batean. Zorroztasuna eta sosegua behar dugu. Ados gaude oldarraldi baten aurrean gaudela esatean; ados ere egoeraren larritasunean, eta, gutxi asko, horren inguruko kontsentsu bat badugu. Are, ados gaude euskarak blindatze bat behar duelako tesian, eta erreforma baten beharrean ere bai. Hori guztia adosteko formula bilatzea da orain kontua. Berri on bat izango litzateke hori lortzea.

(ID_16028887) (Andoni Canellada/@FOKU) 2026-04-29, Donostia. Nerea Kortajarena, EH Bilduko programa idazkaria
Kortajarena, elkarrizketan hitz egiten. ANDONI CANELLADA / FOKU
EAJren eta EH Bilduren arteko akordio batek sinbolismo handia izango luke. PSEk azpimarratu izan du Euskal Herrian bi komunitate daudelako ideia, eta hura dela komunitate horietako baten ordezkari nagusia...

Ahalegina egin behar dugu euskararen inguruko akordioa inklusiboa izan dadin, eta herri honetan dauden familia politiko desberdinak eta sindikatuak akordio horren bueltan kokatu ahal izateko. Beharra badago horretarako. Gai estrategiko bati buruz ari garenean —eta euskara hala da—, eta kontuan hartuta larrialdi batean gaudela, ahalegina egin behar da epe motzeko estrategiak, hauteskundeei begirako estrategiak, alde batera uzteko.

Baina PSEk esana du ez duela parte hartuko eduki horri dagokion ezein akordiotan. Zein ari da hausten euskararen inguruan aipatzen den urteetako kontsentsua?

Hemen oldarraldi judizial bat dugu euskararen aurka, eta euskaldunok premia dugu administrazioan ere euskaraz aritzeko. Epaiak aldiro iristen ari dira gure hizkuntza eskubideen aurka, eta, horren aurrean, premiazkoa da hartu beharreko neurriak hartzea. Negazionismoak ez du lekurik: arazoa oso erreala da, euskarak larrialdi egoera bat bizi du. Jarrera immobilistei eusteak gehiago du beste estrategia batzuetatik euskarak eskatzen duen estrategiatik baino.

Zer iruditu zaizu PSEk adimen artifiziala erabiliz zabaldu duen Aitor Estebanen argazkia?

Herri hau ez dago umekerietarako, fribolitatean eta arinkerian aritzeko. Eta gainera, gizonkeria asko dago euskal politikan. Seriotasuna eta sosegu gehiago behar dugu; eztabaida jasoak, alegia. Igerilekuaren ondoren etorri dena, hori guztia ez dator bat gure egiteko moduekin. Batzuek igerilekura begira daude eta besteek horrek eragindako haserreari begira, eta, bitartean, Madrilen, atzera bota dute alokairuak luzatzeko dekretua, etxebizitzaren larrialdi betean gauden honetan. Hego Euskal Herrian 70.000 bat pertsona babesgabe utzi ditzake horrek. Hori da benetako politika, eta ez igerilekuak eta haserreak.

EAJk bertan behera utzi du Moncloako ordezkari batekin zuen bilera estatus berriaz aritzeko. Ulergarria da?

Igerilekuaren kontu hori ez zait batere gustatu, baina ez dut hari hori luzatuko, ez baikaude horretarako. Aurrez aurre ditugun gai estrategikoek seriotasuna, errespetua eta, batez ere, diskrezioa eskatzen digute, alde guztietatik.

Ez duzu esan ulertzen ote duzun EAJren erreakzioa.

Ez bainago umekerietarako. Ez gaude igerilekuetarako eta horren erreakzioetarako. Nire kezka, orain, alokairuen dekretuaren inguruan dago, adibidez, gure herritarrentzat horrek ekar dezakeena dela-eta. Bestea zarata da. Eta gero Pradales lehendakaria entzuten dugu esaten gobernu koalizioa oso sendo dagoela eta egonkortasuna eskaintzen duela. Nik ikusten dudana da herritarren interesetatik oso urrun dauden eztabaidak sortzen direla, zarata. Finean, herritarrak benetan kezkatzen dituzten gaiak alboratzeko saio bat dago.

«Zertan daude ados EAJ eta PSE? Andueza eta Estebanen arteko ika-mika horiek zenbateraino mugatzen ari dira herri honek behar dituen politikak martxan jartzea? Horrek kezkatzen gaitu gu».

Antonio Hernando da Estebanekin elkartu behar zuena. Zuekin ere hura da Moncloako mintzakidea estatus berriaren negoziazioan?

Zintzotasunez: ez nago eztabaida horretan, eta ez dakit.

EH Bilduk esana du Santos Cerdan izan zela kontaktu hori. Hernando da orain, orduan?

Ez dakit. Ni ez nago horretan.

Estebanek esan berri du badela oinarria eta aurrera doala estatus berriaren negoziazioa, gai berriak daudela mahai gainean. Hala da?

Gauzak dauden bezala, gaur inoiz baino gehiago, oso garrantzitsua da estatus berriaren gaian arduraz, seriotasunez, soseguz eta diskrezioz aritzea. Horiek dira gako nagusiak.

Negoziazioak ez direla eten berretsi dezakezu? Blokeo handia zegoela zabaldu baita.

Hitz egiten jarraitzen dugu, bai.

Egoera politikoari hauteskunde usaina dario. EAJren eta PSEren arteko ika-mika iraunkor horretan buru-belarri dabil Eneko Andueza. Beste eragileek ez dakiten zerbait jakingo ote du?

Ez dakit zer jakingo duen Anduezak, baina dakidana da hilabete asko daramagula hauteskundeen usain horri buruz hitz egiten, eta legealdia aurrera doa Espainiako Kongresuan. Sanchezek bakarrik daki noiz izango diren hango bozak, berak baldin badaki. Guk, bitartean, denbora hori aprobetxatu behar dugu sortzen diren aukera-leihoak baliatzeko.

Udal eta foru hauteskundeak ere ez daude urrun.

Ez dakit EAJ eta PSEren arteko ika-mika etengabe hori hauteskundeei begirakoa ote den, zeren eta legebiltzarreko legealdi hasieratik daude modu horretan, duela bi urtetik dagoeneko. Katarro bat omen zen hasieran, eta, orain, ez da horrela. Eta galdera batzuk sortzen dira: zertan daude ados? Nola ebatzi daitezke ados ez dauden biren artean arlo estrategikoetako erronka handiak? Andueza eta Estebanen arteko ika-mika horiek zenbateraino mugatzen ari dira herri honek behar dituen politikak martxan jartzea? Horrek kezkatzen gaitu gu.

Bazkideen arteko desadostasunak benetakoak dira ala nahita eragindakoak, agian PSEk bere soslaia lantzeko beharra ikusi duelako, EAJtik aldendurik?

Bikote gisa irudikatzen genituen biak, eta orain ikusten dugu ez dutela proiektu konpartitua. Bakoitzak bere interesak ditu, eta estrategikoak diren gaietan oso sakoneko desadostasunak erakutsi dituzte: etxebizitza, Pasaiako portua, AHTa, atxilotuen jatorria, euskara... Zerk batzen ditu orduan? Gobernuetan egon nahi izate hutsak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA