AZPIEGITURAK

Zarralukik dimititzeko eta Nafarroako AHTaren obrak gelditzeko eskatu dute

Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin du Sustrai Erakuntzak, eta obren ingurumen eraginaren adierazpena iraungita dagoela eta auzitegiek hala ebatzi dutela gogorarazi du. Espainiako Gobernuak auzitegien erabaki horri helegitea jarriko diola, eta obrekin jarraitzeko asmoa berretsi du UPNk.

Sustrai Erakuntzakoak. I. Z., ARP
2013ko irailaren 13a
20:04
Entzun

AHT abiadura handiko trenaren obrak geratzeko eskatu du, berriro, Sustrai Erakuntza fundazioak. Nafarroako Parlamentuan egin du, Sustapen Batzordean, eta gogorarazi du obren ingurumen eraginaren adierazpena iraungita dagoela.

Hala ebatzi zuen Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak; abuztuaren 1ean kaleratu zuen epaia. "Erokeria hau amaitzeko garaia da. Obrak geratu, eta Zarraluki kontseilariak dimisioa eman beharko luke, proiektu honen inguruan egin duen kudeaketa negargarri eta txarragatik", adierazi dute Sustrai Erakuntzako ordezkariek.

Aralar-NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak bere egin dituzte fundazioaren argudioak. "Ingurumen kontuak oztopotzat hartzen dituenez, Nafarroako Gobernuak beste aldera begiratzen du. Baina epaia argia da. Zergatik ez du adierazpen berri bat egiten? Zeren beldur da Nafarroako Gobernua", adierazi du Aralar-NaBaiko parlamentari Juan Carlos Longasek.

"Gobernuak ezin zituen gauzak okerrago egin", Victor Rubio Bilduko parlamentariaren esanetan. "Hau ez da Nafarroko herritarrek nahi duten garapena". Haren irudiko, herritarrek argi hitz egin dute. "Herritarrek nahiago dute hezkuntza, osasun, gizarte zerbitzu eta aldirietako tren zerbitzu onak izan, Madrilera ordu erdi lehenago iritsi baino". Ezkerrako Maria Luisa de Simonen ustez, Nafarroako herritar gehienak proiektuaren aurka daude.

PSNk eta UPNk, aldiz, AHTaren lanekin jarraitzea babestu dute. "Nafarroarentzat aukera bat da AHTa, eta ezin du galdu. Gainera, proiektuak duen garrantzia eta eragina kontuan hartuta, gobernuak beti jokatu du legea muturreraino betez. Espainiako Sustapen Ministerioak Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiari helegitea jartzeko prozesua abiatu izana akuilu bat da", adierazi du Marivi Castillo UPNko parlamentariak. Maite Esporrin sozialistak AHTa "ondo eta azkar" egiteko eskatu du. "Dirua aurreztu badaiteke, hobeto"

Hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuak herenegun iragarri zuen Espainiako Sustapen Ministerioak prozesua abiatuko duela, Madrilgo Auzitegi Nagusiaren epaiari helegitea jartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.