ERREPIDEAK

Zazpi gune beltz ezabatuko dituzte Nafarroako errepide saretik

Herri Lan kontseilari Alvaro Mirandak gidariek duten arduraren garrantzia nabarmendu du

edurne elizondo
IRUÑEA
2004ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Istripuak Nafarroako errepide sareko zein gunetan pilatzen diren jakin ahal izateko egindako azken planean, zazpi toki beltz aurkitu ditu Nafarroako Gobernuko Herri Lan Sailak. Haietako sei 1998. urtean egiten hasi ziren azterketetan ere agertzen ziren. Zazpigarrena, Los Arcoseko saihesbideari dagokiona, berria da. Gune beltz hori behin betiko ezabatuko da Iruñea eta Logroño arteko autobia zabaltzen dutenean, Alvaro Miranda Herri Lan kontseilariak atzo azpimarratu zuenez. Beste hamaika zatitan konponketak eginen dituzte.

Mirandak «lehentasuntzat» jo zuen Nafarroako errepideen segurtasuna, eta, ildo horretan, 1998. urtean Nafarroako sareko toki beltzak ezagutzeko lehenengo azterketa egin zenetik «gune arriskutsuak murriztu» direla nabarmendu zuen. 1998an, hain zuzen ere, 82 kilometro luze ziren errepideetan aurkitutako gune arriskutsuak. «Lehenengo lau planen bidez, 83 puntu beltz desagerrarazi ditugu», erran zuen Mirandak. Oraindik 26 kilometro gelditzen dira, eta horiei ekinen die orain indarrean jarri den bosgarrenak.

Hildako gutxiago

Azken urteotan Nafarroako errepideetan hildakoen kopuruak behera egin duela azpimarratu zuen Mirandak. 2000. urtean, 99 lagun zendu ziren auto istripuen ondorioz; 86 hil ziren 2001ean, 79 2002an, eta 70 2003. urtean. «Urtea oraindik amaitu ez bada ere, oraingoz % 8 egin du behera aurten errepideetan hildako lagunen kopuruak. 2000tik 2003a bitarte, halaber, % 30 jaitsi da istripuetan hildako nafarren kopurua», azaldu zuen Mirandak.

Nafarroako Gobernuak, hala ere, gehiago murriztu nahi ditu errepidean gertatzen diren heriotzak. Europak agertutako asmoekin bat egin du herrialdeko administrazioak, eta 2010erako 2003ko kopurua erdira jaistea jo du helburu. «Auto istripuen inguruko estatistika oro oso dramatikoa dela ahaztu gabe».Auto istripuetan gidariek duten ardura nabarmendu zuen, era berean, Mirandak, eta errepideak hobetzeko «askoz gehiago ere» ezin dela egin erran zuen. Azpimarratu zuen, gainera, Nafarroako Gobernuak dituen datuen arabera errepidearekin lotutako faktoreek istripuen % 12 eragin dituztela. % 60k gidariarekin izan dute lotura zuzena.Iazko datuei dagokienez, 70 lagun zendu ziren Nafarroako errepideetan gertaturiko auto istripuetan, erran bezala. 925 istripu gertatu ziren guztira Nafarroan 2003 urtean. Ia mila istripu horietan, 70 lagun hiltzeaz gain, beste 663 pertsona zauritu egin ziren.

Segurtasunari buruzko plan integrala, prest

Nafarroako errepide sareko gune arriskutsuenei buruzko planaren aurkezpenean, Mirandak ezagutarazi zuen laster Nafarroako Gobernuak errepideetako segurtasunari buruzko plan integralaonartuko duela.

«Plan horretan segurtasunarekin zerikusia duten sail guztiok parte hartuko dugu. Hezkuntza Sailaren parte-hartzea, adibidez, funtsezkoa izanen da, hezkuntzak egiteko garrantzitsua baitu istripuen kopurua murrizteko ahaleginean», nabarmendu zuen Mirandak.Kontseilariak azpimarratu zuen gidariek dutela ardura nagusia errepidean. «Gidari guztiok errepide bakoitzeko abiadura muga errespetatuko bagenu, ziur naiz hildakoen kopuruak nabarmen eginen lukeela behera», azaldu zuen kontseilariak.

-

Banan-banan





Egun dauden toki beltz guztien luzera kontuan hartuta, 26 km arriskutsu daude Nafarroan.

Los Arcosko saihesbidea: Bosgarren planaren barruan toki berria da, eta zazpien artean arriskutsuena, han izandako istripu kopuruari erreparatuz gero: 44.

Castejongo elkargunea: N-113 errepidean dago, Iruñearen eta Madrilen arteko errepidean. Aurreko planetan ere agertzen zen puntu hori, eta, egun, desagertutzat jotzen du gobernuak. Seinale berriak jarri dituzte.

Cintruenigoko saihesbidea: N-113 errepidean dago gune beltz hori ere, eta, aurrekoa bezala, desagertutzat jo dute, inguruan seinale berriak jarri direlako.

Martzilla-Azkoien errepide zatia: Caparroso eta Azkoien arteko NA-128 errepidearen zati bat da.

'La Cadena' elkargunea: Lizarra, Tafalla eta Zangoza arteko errepidean, NA-132an. Bidegurutzea konponduko dute.

Acedo-Zuñiga errepidea: NA-132A errepidean. Konponduko dute zati hori.

Carcar-Lodosa zatia: NA-134an. Konponduta dago, aurreko planetan ere agertzen baitzen gune beltz hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.