Zazpi lagun atxilotu dituzte Bizkaian, pertsonak salerosteko sare bat desegiteko operazio batean

Pertsonen salerosketarako sare bat desegin dute Bizkaian, eta zazpi pertsona atxilotu dituzte. Lan ustiapenerako antolatutako sare bat zen.

Zazpi pertsona atxilotu dituzte: hiru Gernikan, beste hiru Bermeon, eta bat Mungian. ALFREDO ALDAI / EFE
2020ko abuztuaren 4a
15:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, Espainiako Poliziak gizakien salerosketarako eta lan ustiapenerako erakunde bat desegin du Bizkaian, eta zazpi pertsona atxilotu dituzte. 

Biktima gehienak gizonezkoak dira, eta sarearen ustezko arduradunei 8.000 eta 10.000 euro artean ordaintzen zizkieten haiek Pakistandik garraiatzeagatik. Bizkaiko hainbat etxetan zeuden erroldatuak; aurrez 3.000 euro ordaindu behar zituzten, eta, Barne Ministerioko oharrak dioenez, Bizkaiko fruta dendetan lan egiten zuten, kontraturik gabe eta gizarte segurantzan izena eman gabe. Hiru urte igaro ondoren, kontratupeko lanpostu bat eskaintzen zieten beste 8.000 euroren truke, Espainian bizileku txartela eskuratu ahal izateko, betiere oharrak dioenez.

Guztira zazpi pertsona atxilotu dituzte: hiru Gernikan, beste hiru Bermeon, eta bat Mungian. Gainera, miaketak egin dituzte Bizkaiko lau udalerritako zenbait etxetan; besteak beste, bi Gernikan eta bi Bermeon. 93.522 euro, dokumentazioa eta sakelako telefonoak atzeman dituzte operazioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.