Zazpi urteko espetxe zigorra berretsi diote Ondarroako etxe bat erre eta hiru pertsona zauritu zituen gizonari

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak ezarri zion zigorra. Anaiarekin eta anaiaren pisukidearekin «eztabaida gogorra» izan zuen etxeari sua eman baino lehen.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitza Bilbon, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitza Bilbon, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Julen Urrestarazu
2026ko maiatzaren 29a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak zazpi urteko espetxe zigorra eta 900 euroko isuna ezarri zion gizon bati, 2024ko urtarrilean butano bonbona batekin Ondarroako (Bizkaia) etxe bati su emateagatik, hiru pertsona zauritzeagatik eta kalte materialak eragiteagatik. Gizonak helegitea jarri zuen, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko arlo zibileko eta penaleko salak helegitea baztertu du gaur, eta zigorra berretsi du.

900 euroko isunaz gain, kalte ordainak eman beharko dizkie hiru zaurituei, eta etxebizitzan eragindako kalteak ordaindu beharko ditu.

Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren arabera, zigortuak eztabaidak izan zituen anaiarekin eta anaiaren pisukidearekin. Biek etxetik joateko eskatu zioten akusatuari bi aldiz, eta ertzainen esku hartzea galdegin zuten. 

Gizonak, ordea, pisukidearekin «eztabaida gogorra» izan ostean, butano bonbona bat hartu, eta sua zuen gailu bat gas turrustara hurbildu zuen. 

Sutearen ondorioz, hiru bizilagunek arnas gutxiegitasun arinak eta antsietate sintomak izan zituzten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE