Zebra muskuilua «kontrolpean» izateko hiru urteko plan bat aurkeztu dute

Espezieari buruzko ezagutza hobetu nahi dute, eta unean uneko informazioa eman nahi diete herritarrei

Erredakzioa
Donostia
2013ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, Uraren Euskal Agentziak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek hiru urterako plan bat egin dute, zebra muskuilua zabal ez dadin. Espezie horren populazioen «kontrol zorrotza» egingo du planak, eta herritarrei unean uneko informazioa emango die egoeraz. Planaren garrantzia nabarmendu dute erakunde bultzatzaileek.

Kaspiar itsasoan eta Itsaso Beltzean sortutako espeziea da zebra muskuilua. Gizakientzat ez da arriskutsua; bai, ordea, itsasoetako eta ibaietako uretarako nahiz han bizi den fauna eta florarentzat. Ingurumenean kalte nabarmenak eragin ditzake.

2006an agertu ziren lehen zebra muskuiluak Euskal Herriko uretan; zehazki, Puentelarrako urtegian. Ordutik, zabalduz joan dira, eta, besteak beste, Urrunagako, Mendikosoloko eta Ulibarri-Ganboako urtegietan agertu dira zebra muskuiluak. Batez ere, gizakiek uretan egiten dituzten jarduerengatik zabaltzen da: nabigazioa eta arrantza, besteak beste.

Agertu zenetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeek sortutako koordinazio batzorde bat aritu da espeziearen jarraipena egiten. Helburua zebra muskuiluek ingurumenean ahalik eta kalterik gutxien eragitea izan da. Orain arte, urgentziazko neurriakhartzen zituzten.

Aurkeztu berri duten egitasmoarekin beste urrats bat egin nahi izan dute erakundeek. Plana aurten jarriko dute martxan, eta 2015 arte iraungo du. Beldar egoeran dauden zebra muskuiluak ikertuko dituzte, baina baita helduak ere. Hasierako aldian oso azkar zabaltzen direla gogorarazi dute. Planaren bidez, espeziearen nondik norakoak ikertuko dituzte. Espeziearen ezagutza hobetu nahi dute. Horrekin batera, zabal ez dadin hartzen diren neurriak ere ikertuko dituzte, zertan hobetu daitekeen ikusteko.

Zebra muskuilua zabal ez dadin hainbat neurri jasotzen ditu, hain zuzen ere, planak. Besteak beste, azpiegituretan esku hartzea aurreikusten dute erakundeek; baita herritarren artean informazioa zabaltzea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.