Zelaak dio bizikidetza planak tortura ere gaitzesten duela

2012ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
«Terrorismoaren 40 urte» arbuiatzeaz gain Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sustatutako bizikidetza planak torturaren aurka ere egiten duela azaldu du Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak. Hain zuzen, Zelaak argitu du planarekin «giza eskubideen kontrako ekintza oro» ekiditeko asmoa duela. EAJk eta Aralarrek hala eskatuta, Zelaak agerraldi bat egin zuen atzo Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, iazko abenduaren 30ean aurkeztutako Bizikidetzarako Hezkuntzaren Aldeko Konpromisoa agiriaren xehetasunak azaltzeko. Zelaaren arabera, hezkuntza komunitateak «erreakzionatu» egin du ETAren jardun armatua etetearen iragarpenaren aurrean; «halakorik berriro gerta ez dadin» sustatu du plana Jaurlaritzak, Zelaaren esanetan. Hezkuntza sistema «gertatutakoaren errelatoa» egiten ari dela uste du Zelaak, eta pozik dago plana sinatu duten eragile kopuruarekin. Hezkuntza arloko langile gehienak ordezkatzen dituzten ELAk, LABek eta EILASek agiria sinatu ez izanagatik «atsekabea» agertu du Zelaak, baina gerora sindikatu horiek planarekin bat egingo dutelakoan da. Aralarreko legebiltzarkide Aintzane Ezenarrok «ahaleginak» egiteko eskatu dio Zelaari, sindikatuek agiria sina dezaten. Hezkuntza sailburuaren iritziz, aurreko gobernuak egindako Bake Heziketarako Planak ez zituen iragana eta oroimena aipatzen, eta horregatik sustatu du beste plan bat Jaurlaritzak: «Oroimenik gabe ez dago justiziarik, ezta askatasunik ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.