Manuel Reboiras

Zenbait gogoeta frankismoaz eta Francoren heriotzaz

2025eko azaroaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

1975eko azaroaren 20an, sentimendu kontrajarriak nagusi. Franco hila zen, eta alaitasuna eta tristura nahasi zitzaizkidan barrenean: diktadura bukatua zelako halako poz eutsi bat nabari nuen, erregimenak han eta hemen eragindako galera pertsonalek eta minak histua. Urte hura, nire biziko itxaropentsuena behar zuena, inoizko saminena bilakatu zitzaidan.

24 urte nituen. Herri nazionalismoan militatzen nuen, anaiarekin batera. Bukatuak nituen ikasketak eta soldadutza, maitemindua nintzen, eta Citroen-en ingeniari hastekotan. Dena nire alde, itxuraz bederen.

Apirilean, soldaduskatik itzultzean, nire anaia Moncho Reboirasekin suertatu nintzen Madrilen. Bazen bolada bat ez genuela elkar ikusi, eta hagitz hunkigarria izan zen elkartzea. Denetik izan genuen hizpide: familia, politika, diktadorearen osasuna, eta anaiaren beraren egoera. Moncho sasian bizi zen, Polizia frankista gibeletik baitzebilkion. Hura izanen zen bizirik ikusiko nuen azken aldia.

1975eko abuztuaren 11ko gauean, gibeletik hiru tiro eman, eta hil egin zuten Moncho, 25 urte bertzerik ez zuela, eta etorkizun bikaina aitzinean. Hiru hilabete geroago, diktadorea hil hurren zegoen, baina, aldi berean, heriotza zigorrak sinatzen eta zernahi disidentzia ankerkeriaz zapaltzen ziharduen. Irailaren 27an, bortz militante antifrankista exekutatu zituzten: Humberto Baena eta Sanchez Bravo —biak ere Vigokoak—, Garcia Sanz, Txiki eta Angel Otaegi. Franco, azkenetan egonagatik, jendea hiltzen ari zen oraindik.

Manuel Reboiras eta Moncho Reboiras, 1970ean. MANUEL REBOIRASEK UTZIA
Manuel Reboiras eta Moncho Reboiras, 1970ean. MANUEL REBOIRASEK UTZIA

Egun horretan bertan, Guardia Zibilak atxilo hartu ninduen «Behera diktadura» eta «Polizia, hiltzailea» zioten pintaketak egiteagatik. Ondorioak izugarriak izan ziren: torturatu egin ninduten, ahotsa ozentzera ausartzen ziren bertze hainbat bezalaxe. Bederatzi hilabete geroago, ordurako diktadorea hila zela, berriz atxilotu ninduten; Brigada Politiko-Sozialak atzeman ninduen, Vigon, «zilegi ez zen elkarte bateko kide» izateagatik. Bortz egun eman nituen galdeketei erantzuten, terrorismoaren kontrako legearen pean.

Urtebete lehenago, 1974ko martxoan, Salvador Puig Antich exekutatu zuten, garrotean. Eta hori baino lehenago, 1972ko martxoaren 10ean, Ferrolgo ontziolako bi langile erail zituzten, Amador eta Daniel, lan baldintzak hobetzeko eskatzeagatik. Horra bake frankista: beldurraren, isiltasunaren eta errepresioaren bakea. Halaber, ez ditut ahanzteko errepublikaren zilegitasuna eta askatasuna defendatzen aritu ziren milaka biktima haiek, 1936ko estatu kolpearen ondotik erailak edo bide bazterretan lurperatuak inongo identifikaziorik gabe.

Niretzat, Franco eta haren erregimena beti egonen dira lotuak izuarekin, errepresioarekin eta heriotzarekin. Ospatu egin nuen haren heriotza, baina nire pozak min kutsua zuen. Anaia nuen gogoan, biktimak, sufritu genuen guziak. Arrazoi sobera zeuden negar egiteko.

Gaur egun, 50 urte geroago, Memoria, Egia eta Justizia bizirik iraunaraztearen aldekoa naiz oraindik ere. Izan ere, frankismoko krimen anitz zigortu gabe daude oraindik, eta Trantsizioaren kontakizun atseginaren pean isildurik, prozesu hark ez baitzituen ez biktimak babestu ez eta borreroak zigortu ere.

Oxala justizia eginen balitz noizbait. Aitortu ditzatela biktimak, eta izua zabaldu zuten horiek utz diezaiotela beren dominak eta ideologia faxista harro eta inpunitatez erakusteari.

 

Manuel Reboiras Noia (Imo, Dodro, Galizia, 1951) Padronen eta Vigon atxilotu zuten, frankismoaren azken urteetan eta Franco hil ondorengo garaian, bere militantzia politiko eta sindikalari lotuta. Orduan jasandako torturengatik gizateriaren aurkako krimenak salatu, eta kereila bat aurkeztu zuen, baina artxibatu egin zuten iaz. Haren anaia Moncho Galiziako Herriaren Batasuneko kidea zen, eta polizia frankistek hil zuten, 1975eko abuztuaren 12an, Mikel Lejarza 'El Lobo'-ren infiltrazioaren ondoriozko segada batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.