Forces 64 alderdi zentristak ez du bozkatuko AHTaren Tours-Bordele zatiaren finantzaketaren alde Kontseilu Nagusian. Osoko bilkura apirilaren 28an eginen dute, eta han, presidenteak atal horren ordainketa onartzea proposatuko du. Jean Jacques Lasserre Forces 64 alderdiko presidentearen iritziz, Ipar Euskal Herriak bertzeek baino gehiago ordaindu beharko du, biztanle gutxiago ukan arren.
2006an, AHT zati horren ordainketa eredua finkatu zuen Frantziak, eta ordainketan parte hartu behar zutela jakinarazi zien lurralde erakundeei eta herri elkargoei. Lehen proposamenaren arabera, Pirinio Atlantikoek 73 milioi euro ordaindu behar zituzten. Irizpideak okerrak zirela argudiatuz, Lasserrek bertze proposamen bat egin zuen, eta 53 milioi eurotan finkatu zuen ordaindu beharreko kopurua. Bost urte geroago, eskatzen dioten ordainketa abantzu 80 milioi eurokoa da. Horrez gain, Aturri-Euskal Kostaldea Herri Elkargoak 26,39 milioi euro ordaindu beharko ditu, eta Hego Lapurdikoak, 9,2 milioi euro. Ondorioz, Pirinio Atlantikoetako erakundeek 140 milioi euro ordaindu beharko dituzte guztira, eta 2009ko aurreikuspenak dira, ez 2011koak. Lasserreren iritziz, ordainketa egiteko irizpideak jasanezinak dira. Gironda departamenduak 280 milioi euro ordainduko ditu. «Girondako biztanleek Euskal Herrikoek bertze ordaindu beharko dute proportzioan, baina haien etxean geldituko da trena, eta ez gurean».
Forces 64 alderdiak ez du finantzaketaren alde bozkatuko, baina «proposamen berritzaile» bat eginen dutela jakinarazi du Lasserrek. Ez du xehetasun gehiagorik eman nahi izan. Ildo nagusiak aipatu ditu, hala ere. Erakunde bakoitzaren aurrekontua finkatzeko irizpideak proposatuko ditu, eta pairatuko lituzkeen kalteengatik behar diren «kalte-ordainak». «Finantzaketa adostu aitzin lortzen ez diren kalte-ordainak geroan ez dira lortzen» azpimarratu zuen.
Ikasleen desobedientzia
Maiatzaren 5ean, Ikastetxeetan ere AHTari desobeditu! lelopean,Mugitu! eguna egingo dute Euskal Herriko hainbat ikastetxetan, Mugitu! mugimenduak deituta—AHTaren auzian desobedientzia zibila bultzatzeko asmoz dihardu mugimendu hori—. Hori dela eta, maiatzaren 5ean ikastordu bateko geldialdia egiteko eta egun horren harira antolatuko diren ekintzetan parte hartzeko dei egin die ikasle guztiei.
Zentristek ez dute bozkatuko Tours-Bordele AHT zatiaren ordainketaren alde
Kontseilu Nagusiak apirilaren 28an eginen duen osoko bilkuran, bertze proposamen bat aurkeztuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu