Francoren erregimena, kontzeptualki, erregimen autoritario eta errepresibo bat adierazten duen estruktura batekin elkarkidetu ohi da. Maila pertsonalean, errepresioarekin zuzenean lotutako esperientziak izan nituen. 1970eko maiatzean atxilotu ninduten, Donostiako komisarian tratu txarrak jaso nituen, Ordena Publikoko Auzitegitik pasatu, bi hilabete Martuteneko espetxean… Nire erregistroko «taka» honek suposatu zuen, adibidez, ezin izan nuela gidabaimena eta atzerrira bidaiatzeko pasaportea lortu 1976ko ekainera arte. Herriz herri kantatu ahal izateko, lagun on batzuk txandaka aritzen ziren, euren autoan eramateko kantaldietara.
Esan beharrik ez dago, nire abeslari-ibilbidean zentsura ere ekarri zuela, abestiak eta kontzertuak debekatuz. Esaterako, 1974an, Bizkaiko eta Gipuzkoako gobernadoreek bi lurraldeetan bi urtez abestea debekatu zidaten; Benito Lertxundiri esker aurrera ateratzea lortu ahal izan nuen, bere bigarren gitarrista eta abeslari gisa.
Jakina, jasan nuen errepresioa oso arina izan zen, herrikide askok jasan zuten torturarekin, jazarpenarekin, heriotzarekin edo erbesteratzearekin alderatuta. Den-denak bizi ginen erregimen eta giro itogarri berberean, ordea. Eta Franco hil zen egunean, oso ondo gogoratzen dut nola kalera irten eta uniformez jantzitako militarrei oihu egin genien. Barruan pilatutako amorru guztia askatu nahia sentitu genuen nonbait. Gogoratzen dut ere dolu-aro bat ezarri zutela eta eskolak hiruzpalau egunez itxiarazi zituztela. Ondo gogoratzen dut, orduan Gasteizko Olabide Ikastolako idazkaria eta irakaslea nintzelako.
Garai hartan, ziurgabetasun guztiekin, askatasun indibidual eta kolektiboetarako bideak zabalduko zirela espero genuen; Euskadi libre eta subirano bat amesten genuen. Garai nahasiak bizi izan genituen orduan, non talde oso desberdinak borroka bizian zeuden euren eskaerek bizitza publikoan bere lekua izan zezaten. Manifestazioak maiz eta ugari egiten ziren. Ez zen erraza politika eta sindikalismoa egitea, alderdiak eta sindikatuak debekaturik baitzeuden. Nahaspila horretan, espainiar gobernuaren errepresioa areagotu egin zen, orduan Madrilgo buruzagiek eta hedabideek diktadura leuntzeko maiz erabili ohi zuten “Otsaileko izpiritua” mila zatitan hausteraino. Gazteizko kasuan, horrek 1976ko martxoaren 3ko hilketak ekarri zituen.
Atzera begiratzen jarri eta 25 urteko Gorka Knörr hari begiratzen diodanean —orduan bere bigarren diskoa kaleratzear zuena eta askatasun amets mordoa buruan zituena—, aitortu behar dut 50 urteren ondoren ez garela gai izan gure herria, Euskal Herria, askatasun osora eramateko. Gaur egun jada ez gara harritzen ikusten ditugularik espainiar sindikatuak kexu, euskara-eskakizunak direla-eta, esaterako. Edota ikusten dugularik, hainbeste urteren bueltan, euskarak Europa mailan bere onarpena izan dezan jartzen zaizkigun oztopoak. Memoria demokratikoa ere zalantzan, batere lotsarik gabe. Eta gu, alderdikerien artean galduta. Hamarkadaz hamarkada, ez ginen gai izan indarkeria politikoari amaiera emateko eta Gaztelan errotutako espainiar inperialismoari aurre egitea eragozten ziguten eta diguten barne zatiketak gainditzeko. Eta badirudi ez dugula ikasi. Edo ez dugula ikasi nahi. Etsaiek bai, ordea.
Gorka Knorr Borrasek (Tarragona, Herrialde Katalanak, 1950) kantagintza eta politika uztartuta osatu du bere ibilbidea. 1970eko hamarkadan hasi zen kantautore, eta zortzi disko argitaratu ditu. Arlo politikoan, EAJn hasi zen, eta 1986tik 2006ra Eusko Alkartasunan aritu zuen, 1998tik 2004ra idazkari nagusi izateraino. Eusko Legebiltzarreko lehendakariorde zela (2001-2005), Espainiako Auzitegi Gorenak zigortu egin zuen 2008an, Juan Mari Atutxa eta Kontxi Bilbaorekin batera, Sozialista Abertzaleak taldea ez desegiteagatik. Estrasburgoko auzitegiak arrazoia eman zien hirurei 2017an.