Laura Mintegi Lakarra. Euskal Herria Bilduren Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaia

«Zentzu etimologikoan da iraultzailea hau: irauli egingo dugu orain artekoa»

Aldarrikatzen duen politika egiteko «beste modua» iradokitzen du besteekin duen harremanak: hitz egin, entzun, elkar ulertzearen aldekoa. Jarduteko eraren oinarria ere oso argi du: elkarrenganako errespetua.

EH Bilduren Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigai Laura Mintegi, atzo, Bilboko kaleetan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Publikoki lehendakarigai gisa aurkeztu eta segidan, BERRIAri eman dio lehenengo elkarrizketa Laura Mintegi Lakarrak (Lizarra, 1955). Carlton hotelean izan da hitzordua; lehen Eusko Jaurlaritzaren egoitza izan zen eraikinean. Algorta gelan hartu gaitu. «Hori kasualitatea da, eh?», dio barre artean. Bizkaian, Getxoko Algorta auzoan bizi da azken urteetan.

Hizketaldi lasaia du Mintegik; pausatua. Zuzentasun osoz erabiltzen du jario errazean botatako hitz bakoitza; nabari zaio euskaltzain urgazale dela, eta EHUn Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakasle. Idazle sena ere agerikoa zaio, azalpenetarako bilatzen dituen irudien deskribapenetan. Psikologian doktoratua izatea ere ez zaio alferrikako. Alboan duenarekiko gertukoa da. Goxoa du tonoa. Begietara begiratzen du, eta ez du atsegin aurrez aurre datorkion argitasunak elkarrizketakide duenaren aurpegia behar bezala ikusten ez uztea. «Ez dizut aurpegia ondo ikusten; beno, imajinatu egingo dut». Historian lizentziaduna, jantzia, eta adostasunak bilatzea ohiko jarreratzat duen pertsona da. Izaera horregatik hautatu zuten Euskal Pen Klub-eko presidente.

Garaikoetxearen ondotik Eusko Jaurlaritzak beste lehendakari nafar bat izango du?.

Hala balitz hobe! Zergatik ez? Euskal Herria Bildu koalizioaren izenean noa, eta Euskal Herriari buruz ari gara; ez gara ari EAEren eremuaz. Beraz, abiapuntu ona litzateke. Normaltasun baterako urratsa izango litzateke, zeren, lehenago edo beranduago, politikoki ere herri bakarra izango gara; ez soilik kulturalki.

Ikusten duzu zure burua lehendakari?

Noski.

Zertarako?

Ez dugu nahi leku batean egon egoteagatik, eta ez da anbizio pertsonala, argi dago. Jaurlaritzak aukera ematen du politika eraginkorrago egiteko; hau da, zenbat eta baliabide, tresna eta lanabes gehiago izan beste politika bat egiteko, hobeto. Jaurlaritza tresna da, ez helburua.

Zer egingo zenuke?

Lehenik eta behin, egiazko demokrazia baten oinarriak ipini. Demokrata hitza bera eta kontzeptu politikoa, esaterako, desbirtuatu egin dituzte. Demokrazia, guztien partaidetza da. Beraz, lehenengo, garbitasun dezente egin beharko da propietateez hitz egiterakoan. Lengoaia bere onera ekarri behar da. Hortaz, zaharberritze bat egin behar da, eta horren ostean, politika berriak ezarri. Politika batzuk merkatuei begira egiten dira, eta zenbait botere ekonomikok gaina hartzen diete politikari. Hori ez da onargarria. Orduan, krisi garaian, zaharretik berria sortu behar da. Krisi garaiak aukerak dira; horrela bizi behar ditugu. Soberan dagoena baztertu eta bestelako moduak ezartzeko aukerak. Eta orain, guzti honetatik, politika ekonomiko kreatiboak atera ahal ditugu, eta batez ere justuagoak.

Zehazki zein bide hartuko zenuke?

Ez zait elegantea iruditzen nire gobernu taldea aurkeztu aurretik neronek esatea zeintzuk izango diren neurri ekonomikoak. Epe laburrean ezagutzera emango ditugu horren ardura hartuko duten pertsonak, eta beraiek azalduko dute zein neurri hartuko diren.

Politika egiteko modu berri bat proposatzen duzu. Zein izango da eredu berri hori?

Elkarrizketaren kultura ezarri behar da, eta, batez ere, errespetuarena. Kaleidoskopikoa da Euskal Herria, euskal politika eta euskal kultura. Eta kaleidoskopio batean alde asko daude. Aurrera egiteko, horiek guztiak hartu behar dira kontuan. Hori da lehenik eta behin egin behar dena. Areago, neurri politikoei buruz mintzatzen hasi baino lehenago, joko arauak ipini beharko dira mahai gainean: elkar ezagutu eta elkar errekonozitu. Zeren, oraindik, ilegalizazioei buruz mintzatzen da Espainia aldean, oraindik ez dira errekonozitzen sentsibilitate politikoak. Behin elkar onartuta, arazo larrienak zeintzuk diren diagnostikatzen hasi beharko da. Zerrenda egiten hasi, eta behar bakoitzari soluziobideak eskaini. Arazo bakoitzaren gainean zintzo mintzatu, bakoitza zer egiteko prest dagoen azaldu, eta elkarrekin joan. Ikusi dugu zer dakarren elkarren aurka aritzeak, eta horrek ez dauka bide luzerik. Soluzio garaia da. Hori da gure leloa, baina ez da lelo hutsa; egiatan hori da transmititu nahi duguna.

Aldaketa posible dela uste duzu?

Bai, bai, bai! Nola ez da ba izango posible? Beharrezkoa da. Batez ere posiblea da ezinbestekoa delako. Ez dago beste alternatibarik. Hori egin ezean, zer?

Edozein kasutan, mundu zakar batetan sartzera zoaz. Zer espero duzu gainontzekoengandik?

Nire helburua da zurekin hitz egiten dudan moduan hitz egitea beste guztiekin, berdin berdin. Beste bide batera eraman nahi banaute, kostatuko zaie. Ohituta nago ezberdinen artean mugitzen. Oso talde pluraletan funtzionatu izan dut profesionalki, eta kulturaren arloan ere bai, eta ohitura handia dut aurrean dudan pertsona errespetatzen eta entzuten. Eskatzen dudan bakarra da guri ere entzutea, eta onar dezatela badugula aportatzeko zerbait. Lehenengo minututik esaten ari gara zer garen: soberanistak eta ezkerrekoak gara. Ez gatoz inor engainatzera. Eta lehenengo momentutik esan dugu zein den gure helburua ere: herri honetako politika berritzea, ezkerreko politika ezartzea, eta erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko baldintzak sortzea.

Espero duzu gainontzekoak ere errespetu bide horretan murgilduko direla?

Erasoa egongo da ematen ari garen mezua oso argia delako eta bat baino gehiago sentitu daitekeelako deseroso garbitasunak eta egiak beti erakargarri suertatzen direlako. Baina benetan sinesten badute esaten dutena elkarguneak izango ditugu. Abertzale direla esaten dutenak egiatan abertzale sentitzen badira, batetik, eta ezkertiarrak direnak diotenak hala badira, elkarguneak izango ditugu. Zintzo hitz egiten badute, topo egingo dugu nonbait.

Beraz, argi hitz eginda, bai EAJrekin alde batetik, bai PSE-EErekin bestetik, elkarlanerako guneak aurreikusten dituzu?

Hasiera hasieratik esaten ari gara nortzuk garen, zertara gatozen eta zeintzuk diren gure helburuak, eta helburu horietara erakarri nahi ditugu gainontzeko indar politikoak. Ez bakarrik alderdiak; sindikatuak eta eragile politiko zein sozial guztiak ere bai. Gurera erakarri nahi ditugu, baina ez gu garelako, baizik eta pentsatzen dugulako hori dela onena herri honentzat. Ni seguru nago bide horretan topo egin beharko dugula nonbait. Guk elkarrizketa kultura hori indartu nahi dugu. Nola ez dugu elkar ulertuko abertzaletasunetik zerbait badute eta ezkerretik zerbait badute? Ulertu beharko dugu.

Azken egunetan Rufi Etxeberriak esan du koalizioak irabazi dezakeela uste duela. Zer da irabazte hori? Boto gehien jasoko dituen hautagaia izango zarela uste duzu? Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izango zarela?

Herri honek aukera izango du beste ideia batzuk entzuteko eta beste planteamendu politikoen gainean hausnartzen hasteko. Hori bera irabazia da. Baina horrez gain, uste dut kuantitatiboki ere, botoak eskuetan ditugunean, parlamentuan irabazteko eta gobernua sortzeko aukera izango dugula. Sinesten dut horretan. Eta gainera uste dut osasungarria izango litzatekeela, ez gatozelako jarrera inposatzailearekin. Uste dut Euskal Herria Bilduk irabazteak esan nahi duela neurri batean edo bestean guztiok irabazten dugula. Gehiengoa bagara ere, gutxiengoak errespetatzen jakingo dugu.

Egungo egoera politikoa eta koalizioaren parte hartzea kontutan hartuta, Legebiltzarrerako hauteskundeek iragan bat eta gero bat bereiziko dutela uste duzu?

Lehenengo eta behin esan behar da koalizioan goazela eta koalizio honetako partaide batzuk etengabe egon izan direla hauteskundeetan; ez dugu polarizatu behar.

Edozein kasutan, argi dago badagoela aurreko bat eta ondorengo bat, lehenengo pauso batzuk ematen ari direlako normalizazio baterako. Demokrazia europar batean normalena da ideia guztiak presente egotea aukera politiko moduan hauteskundeetan. Anormala dena da aurreko urteetan gertatutakoa. Koalizioak modu normalizatu batean hauteskundeetan parte hartu ahal izatea normalizaziorako zantzu bat da. Baina, horrez gain, azken urtean oso gauza garrantzitsuak gertatu dira herri honetan. Bakearen alde hartu diren erabakiak oso garrantzitsuak dira: erakunde armatuak egindako apustu sendoa, gatazkaren ondorio zuzena izan direnek lortutako konfluentzia puntuak, eta preso daudenek egindako pausoak.

Sozialki ere, mugimendu zabal bat sortzen ari da, Europa mendebalde osoan, merkatuen tiraniaren aurka. Arlo horretan ere planteatzen ari da orain arteko bideak berea egin duela eta aldatu beharra dagoela. Orain arteko sistema neoliberalari bira kopernikano bat eman behar zaiola nozitzen da. Benetan apasionantea da momentua, eta erantzukizun handia dugu, aurrera egiteko proiektu bat dugulako eta horri ekingo diogulako.

Zuen helburu nagusia bakegintzan eta justizia sozialean aurrera egitea dela esan duzu. Zein bide hartuko duzu horretarako?

Bakegintzarako elkarrizketaren kultura eta errespetua ezarri nahi ditugu, baina lanabes gisa, egunerokotasunean; gauza arrunta izan behar da hori. Arrunta izan behar da dialogoa eta entzuten jakitea. Baina inguruko estatuetan dagoen kultura da nagusiarena: nagusiak txikia jaten du. Ni konbentziturik nago elkarri entzunez gero, ikuspuntua aldatzeko ariketa serioa eginez gero eta enpatia landuz gero, sinergiak lortzen direla.

Bestetik, gizarte gaietan gertatzen ari dena eskandalagarria da. Tantaren teoria ezartzen ari da urtetan: egunez egun eta tantaz tanta injustizia bat ezarrita, ohitu egiten garela eta onargarriak ez diren egoerak ontzat ematen ditugula dirudi. Azken hiru urteetan pairatu duguna kolpe batetan jasango bagenu, erantzuna bestelakoa izango litzateke. Etsipen modukoa dago; ez dagoela zereginik eta gauzak halakoak diren sentsazioa, halako maldizio biblikoa balitz bezala. Ezetz esateko garaia da. Hori norbaitek asmatu du interes batzuri erantzuteko, eta besteok pairatu egiten dugu. Egiatan ez da maldizio bibliko bat! Badago aukera beste politika bat egiteko eta egin egin daiteke! Zergatik ez? Txikia gara, baina neurriko politika egin ahal dugu. Baliabide eta erraztasun handiagoa daukagu politika lokala ikusmira zabalarekin gauzatzeko. Hemen gehiegikeria handiak egin dira, baina egia da auzokoek baino abiapuntu hobea dugula. Gure Barne Produktu Gordina 85.000 milioikoa da eta errenta per kapita 31.000 eurokoa. Horrek ahalbidetzen digu inbertsio inteligente batzuk eginda ekonomikoki buruaskiak izan eta burujabetzaz pentsatzea. Ez dela kimera bat: burujabetza gauzagarria da eta baliabideak badaude. Lana badago egiteko, noski, baina egin egin daiteke.

Buruaske izateko bide hori praktikan jartzeko asmoa duzu nahiz eta mugak handiak diren?

Errealistak gara, eta badakigu gauzak ez direla egun batetik bestera egiten. Badakigu oztopoak egongo direla. Badakigu esaten ari garen hau lehergarria dela, iraultzailea. Zentzu etimologikoan da iraultzailea: irauli egingo du orain arteko ibilbidea. Alde horretatik, deserosoa da egoera honetan eroso egon direnentzat: politikoki erreditoak lortu dituztenentzat eta ekonomikoki konpartitu nahi ez dutenentzat. Beraz, badakigu oposizioa datorrela. Ez gara inozoak. Baina egiteko asmoa dugu, auzolanean gainera. Egoera gehiengoaren onerako aldatzea planteatzen dugu. Gutxiengo horri ez zaio gustatuko, noski. Baina demokrazian...

Edozein kasutan, proposatzen duzun elkar ulertze horren beste aldean, erabaki askotan dago oso zurruna den Espainiako Gobernua, adibidez, bai bakegintzari dagokionean eta bai ekonomiari dagokionean. Eragiteko modurik ikusten duzu?

Ostrukaren politikak inoiz ez du emaitzarik eman eta geldi egonda inguruan ezer ez dela mugitzen uste dutenak erratuta daude. Geldi dagoena atzera doa. Ikasi beharko lukete: PPko gobernu batek galdu egin zuen gobernua ebidentzia ukatzeagatik. Espainiako Gobernuak pentsa dezake bere jarrera indartsua dela baina ez da indartsua; zurruna da. Eta zurrunak krak egiten du. Malgutasuna falta zaio. Egiatan mantendu daiteke bakarrik gerri nahikoa daukana datorrenari eusteko. Ez dira ari eusten eta jarrera zurrun horrek akabatuko ditu.

Beraz, ez duzu uste zurruntasun hori malgutuko dutenik?

Uste dut ez dutela beste aukerarik izango. Hemen, azken inkesten arabera, herritarren %70ek eskatzen dute bakean bizitzea eta esaten dute ez dutela nahi irabazlerik eta galtzailerik. Irabazle-galtzaile diskurtso horretan tematzen denak, galtzeko guztia dauka. Orduan, edo inteligentea da eta politika aldatzen du, edo politikak aldatuko du bera.

Historikoa litzateke zu lehendakari izatea; bai koalizioaren ordezkari izateagatik, eta bai emakumea izateagatik. Zer esan nahiko luke?

Normaltasunaren beste zantzu bat gehiago izango litzateke. Normala da ideologia guztiak egotea parlamentuan eta normala da gizon-emakumeak egotea politikaren edozein eremutan. Beraz, ez diot garrantzia handiagorik ematen. Beti pentsatu dut interesgarriagoa dela emakume moduan edozertaz hitz egin eta edozer egitea, behin eta berriz emakumeei buruz hitz egitea baino. Ez dut interesik emakumeei buruz bereziki hitz egiteko; nahi dudana da edozeri buruz hitz egin eta edozer egin, emakume izanik.

Nolatan eusten dio halako erronka bati unibertsitateko irakasle, idazle, Euskal Pen Klubeko presidente den pertsona batek?

Apaltasun handiaz. Ikasteko asko dut, baina lasai nago lantaldean noalako oso jende onarekin, eskarmentua duen jendearekin, eta batez ere nireak bezalako ideiak dituzten pertsonekin. Konbentziturik nago inflexio puntu batean gaudela, norberak eman behar duela daukan guztia dagoen lekutik. Niri egokitu zait leku honetatik ematea eta uste dut nirekin dauden guztiek emango dutela bere onena. Bihozkada batek esan dit hau dela momentua eta inziditu ahal dugula. Aukera subjektiboetan sinesten dut eta horregatik eman dut pauso hau.

Ilusioz beteta ikusten zaitut. Baikor begiratzen diozu etorkizunari?

Uste dut ezkerreko jendea baikorra dela definizioz. Ezkerrak ez balu ilusiorik eta ez balu optimismorik, ezingo luke planteatu gauzak aldatu daitezkeenik. Nik uste dut baikor konpultsiboak direla ezkertiarrak. Baina, gainera, momentu honetan, koiunturak esaten du aukera dagoela eta hau dela momentua.

Beldurra ematen dizu, nolabait, mundu horretan sartzeak?

Emango ez balit inkoszientea nintzateke.

Zer da gehien beldurtzen zaituena?

Ez dut pentsatu horretaz, egia esateko. Badakit inoiz hanka sartuko dudala, baina badakit ere apal-apal barkamena eskatuko dudala eta aurrera segituko dudala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.