Pastor
Darwin eta gu

Zer (ez) galdetu lehen zitan

2025eko ekainaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Neska eder haren irudia gogoan iltzatua geratu zitzaion. Mutil-lagunarekin zihoan bagoian eta irribarre egin zion. Flash bat izan zen. «Dama polita zera, polita guztiz, ai!», pentsatuko zuen James Blunt britainiarrak, baina abestia sortu zuen, bertsoa barik. Eta you’re beautiful, you’re beautiful kantatzeari ekin zion, «it’s true», baina ez oso alai: bazekien, jakin, inoiz ez zirela elkarrekin egongo. Behin batean New Yorkeko metroko kaiolan, ez Loiolan.

Antzeko egoera bitxia bizi izan du Stockholm-eko mutil batek, hark ere metroan, sare sozialetan hedatu duenez. Kasu horretan bakarrik zegoen neska, «huraxe bai polita, han politik bazan!». Begirada-jokoan hasi dira biak. Bagoitik irteteko unean neskarengana joan eta paper bat eman dio. Biharamunean bi dei jaso ditu, ez edonolakoak: neskaren mutil-lagunak bikotekidea «bakean uzteko» esan dio. Gero, amaren errematea: «Eraso egin diozu alabari. Salatu egingo zaitut».

Neskak aski zuen papera bota, kontua ahaztu. Mutilari eta amari kontatu die, baina. Eta haiek metroko gazteari deitu diote. Gizonak hain konfiantza eskasa du bere buruan bikotekidea beste batekin joango dela pentsatzeko? Eta neska, isilik. Ez dio esan bera gai dela bere burua defendatzeko, ez duela zaldirik gabeko zaldunik behar, ez gaudela Erdi Aroan.

«Erasoa» salatu gura du amak. Erasoa? Leku publiko batean, egun-argitan, paper bat eman eta alde egitea, neska deitu edo ez erabakitzeko libre utziz? Zer egin behar zuen mutilak? Bere abokatuari hots egin, neskaren abokatuarekin berba egiteko eskatu, horrek neskari deitu aurrean zuen gazteak telefono zenbakia pasatu nahi ziola esateko, ea berak zer nahiago, mutilaren defendatzaileari neskaren erantzuna helarazi gero eta hark, azkenik, erabakia bere bezeroari jakinarazi, neskak eta mutilak bi usapalek bezala elkarri begira segitzen zuten bitartean, adurra zeriela?

«Nola erreakzionatuko genuke lehen hitzordu batean kontu larriagoei buruz galdetuko baligu parean dugun emakumeak?»

Ez da zitarik izan Stockholmen. Eta izan balitz? Hari horretatik tiratu eta lehen hitzorduei buruz solastatu dira hainbat lagun. Nora joan first date batean? Nola jokatu? Sexurik bai ala ez? Zer esan edo galdetu? Zer ez? Neska batek azaldu duenez, inoiz sexu indarkeriarik jasan ote zuen jakin nahi izan zuen gizon batek lehen zitan. Alarma guztiak piztu zizkion. Izan ere, nork egiten du galdera hori lehen egunean?

Beren iritzia eman dute emakume batzuek. Hori egiten duen gizona ez da fidagarria. «Agian, nola jokatu behar duen jakin nahi du, bere burua ondo mozorrotu eta gozo-gozo agertzeko, bera ere erasotzailea delako». Beste arrazoi bat argudiatu dute: «Ondoan ez du nahi motxila handiegirik duenik». Eta hori ez bada, jendetasunik ez. Andrazko batek adierazi duenez, lehenagoko harremanetan gizon jeloskor bortitzik izan zuen galdetu zion norbaitek lehen zitan. Aurretik esperientzia mingotsen bat izango ote zuen lagunak?

Jakin beharreko kontuak dira, baina horrela? Gaia noizbait azaleratuz gero, orduan momentu egokia izan daitekeela gehitu du andre batek. Esperientzia txarrik izan ote duen galdetzea onartuko luke. Baina kolpetik, lehen kaputxinoa elkarrekin dastatzen ari diren bitartean... Galderak zin-zinez kezkatzeko modukoak ez direla esango dute. Zeinen sentiberak! Alabaina, nola erreakzionatuko genuke lehen hitzordu batean kontu larriagoei buruz galdetuko baligu parean dugun emakumeak? «Bortxatzailea zara?». «Erasotzailea?». «Jeloskor gaixoa?».

Andaluzia, uda betean. Bikote euskalduna kostako herri txiki batean dago oporretan. Kafea edaten ari dira ostatu batean. Mutila komunera joan da. Zerbitzari gizonezkoa hurbildu zaio neskari, eskuan zerbait duela. «Zuri emateko eskatu dit mahai horretako mutilak». Papera hartu eta telefono zenbaki bat ikusi du neskak. Urduritu egin da. Itzuli eta segituan antzeman dio mutil-lagunak. «Zer duzu?». «Ezer ez, ezer ez». Tabernatik irten direnean azaldu dio. Mutilak barre egin du. Galaia barruan geratu da, bere bakardadean. «Ni zurekin ezkondu? Ni zurekin? Jai, jai!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.