Nuria Valero idazle feministak bota du amua, «probokazio» puntu batez bota ere: «Zer gertatuko litzateke gizonezkoei botoa ematea galaraziko baliete?». Azaldu duenez, inork ez du zalantzan jartzen botoa emateko gizonezkoen eskubidea, baina oraindik ere badaude historialari eta akademikoak, sufragio unibertsal kontzeptua erabiltzen dutenak emakumeen botoa galarazita zegoeneko garaiaz ari direnean. Antzeko zerbait gertatzen da jarduera politikoarekin: gizonak politikan aritzea normala da, baina emakumeak direnean politikaren esparruan dihardutenak, badirudi erabakia justifikatu egin behar dela, edo horri azalpenak bilatu.
Emakumeek politikan duten parte hartzea aztertzeko, Emakumeak politikan. Nola bizi dugu? izeneko mintegia antolatu du Emakundek, Bilboko Euskalduna jauregian. Valeroren eta Jennifer Piscopo Londreseko Unibertsitateko irakaslearen hitzaldien ostean, bi mahai inguru antolatu dituzte, eta erakundeen esparruan lan egiten duten sei emakume izan dira hizlari.
Emakumeek ba al dute politikan aritzeko molde berezi bat? «Askotan esaten da emakumeona lidergo enpatikoa izaten dela, eta gizonena, berriz, lidergo hierarkikoa», azaldu du Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek. Ohartarazi du horrelako «klixeek» ekar dezaketen arriskuaz: «Ez da lidergo kontua. Emakumeok politikan egon behar dugu, baina ez gauzak desberdin egiten ditugulako, justizia kontua delako baizik». Haren iritziz, erakundeetan lan egiten duten emakumeek «nork bere estiloa» bilatu behar dute. Bat etorri dira Azpeitiko alkate Nagore Alkorta eta Arabako ahaldun nagusiorde Cristina Gonzalez.
«Emakumeok hor egon behar dugu. Ez bagaude, gauzak ez dira aldatuko»
ELIXABETE ETXANOBEBizkaiko ahaldun nagusia
Bide horretan, oztopo, aurreiritzi eta zailtasun ugari gainditu behar izaten dituzte emakumeek. Bere esperientziatik abiatuta, horietako batzuk aipatu ditu Alkortak: adineko herritar bat udaletxera joan alkatearekin hitz egitera, eta ezustekoa hartzea alkatea emakumea dela ikusita; edo eraikuntza enpresa bateko ordezkariak esatea «egokiagoa» dela gai batzuk gizonekin jorratzea. Alkategai izateko proposamena onartu zuenean, batzuek uste zuten Alkortaren lankide bat zela aurkeztuko zena: Alkortak alaba bat du, lankideak ez du seme-alabarik, eta zenbaiti normalago iruditzen zitzaien seme-alabarik ez zuen emakumea izatea hautagaia.
Denek aipatu dute jarduera politikoa eta bizitza pribatua uztartzeko zailtasuna. Alkorta: «Nire bikotekidearen aisialdia surf egitea da; nirea, sari banaketa batera joatea». Eta nabarmendu dute proiektu politiko batekiko atxikimendua eta belaunaldi berriei «erreferentziak» ematea dutela akuilu lanean jarraitzeko. Etxanobe: «Hor egon behar dugu. Emakumeak ez bagaude, gauzak ez dira aldatuko».
Edurne Benito del Valle legebiltzarkideak eta Ane Oiarbide Donostiako zinegotziak kezka azaldu dute goraka datorren «olatu erreakzionarioa» eta berdintasun politiken beharra ukatzen duen «negazionismoa» direla eta. Eta argi dute gauzek aldatu egin behar dutela: «Politika instituzionala testosteronaz eta maskulinitate toxikoz betetako gunea da», esan du Benito del Vallek. «Badirudi gakoa dela ahotsa nork gehiago goratuko, edo nork emango albistegietako titulurik deigarriena. Eta herri honek dituen erronkak ikusita, oso arriskutsua da jokabide hori».
«Politika instituzionala testosteronaz eta maskulinitate toxikoz betetako gunea da»
EDURNE BENITO DEL VALLELegebiltzarkidea
Oiarbidek eta Maitane Ipiñazar legebiltzarkideak berretsi dute kontziliazioa arazo larria dela jarduera instituzionalean aritzen diren emakumeentzat. «Begien bistakoa da tentsioa badagoela bi esparru horien artean», esan du Oiarbidek. «Gaur egun, ez dakit zeintzuk diren nire zaletasunak. Bihar ordubete libre edukiko banu, ez nuke jakingo zer egin».
Gauzak horrela, ez da harritzekoa emakume gazteak uzkur izatea politika instituzionalean aritzeko aukera dela eta. Ipiñazarren iritziz, garrantzitsua da emakume gazteek «erreferentziak» izatea, gauzak aldatuko badira. Eta beste ideia bat ere utzi du: «Herritarrei ikusarazi behar diegu politika garrantzitsua dela, eta horren bidez jendearen bizitzak hobetu daitezkeela».
Datuak baino gehiago
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egin du mintegia irekitzeko hitzaldia. Datu batzuk eman ditu azken lau hamarkadetan egoera nola aldatu den azaltzeko, baina zenbakietatik harago joan nahi izan du eta oraindik ere «emakumeek erabaki guneetan sartzeko dituzten zailtasunak» nabarmendu ditu: «Emakumeei gehiago eskatzen zaie, eta emakumeek anbizioa izatea zigortuago dago».
«Bihar ordubete libre edukiko banu, ez nuke jakingo zer egin»
ANE OIARBIDEDonostiako zinegotzia
Antzeko mezua eman du Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak amaierako hitzaldian, eta gogoan hartu ditu «gaur egungoak baino are ingurune maskulinizatuagoei aurre egin zieten emakume aitzindariak». Emakumezko hautetsien artean sareak sortu eta indartzea proposatu du.