Zer hautatuko da?

75 ordezkari hautatuko dira, 25 lurralde bakoitzeko.

eusko legebiltzarra
Eusko Legebiltzarra. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko otsailaren 22a
20:00
Entzun

Behin Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hauteskundeetara deituta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek Eusko Legebiltzarra hautatzeko deialdia aldizkari ofizialean argitaratu eta 54 egunera eginen dira bozak.

Zer hautatuko da?

Ganberako 75 kideak nor izanen diren erabakiko da hauteskundeetan. Eserleku kopuru bera dagokie Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari: 25.  

Herrialdeko 25na. Nondik dator hori?

Gernikako Estatutuak zehazten du lurralde bakoitzak zenbat eserleku izanen dituen. Banaketa hori egiten da erkidegoa ez dutelako subjektu bakar gisa ulertzen, hiru lurralde historikoen eskubideen multzo gisa baizik.


Banaketa horrek zer eragin du lurraldeetan?

Lurralde guztiek eserleku kopuru bera dutenez gero, lurralde batzuetako herritarren botoek balio handiagoa izanen dute. Hautesle erroldei erreparatuta ikus daiteke hori: Araban 260.709 pertsonak bozkatu dezakete, Bizkaian 942.670ek eta Gipuzkoan 585.440k. Baina herrialde bakoitzetik 25 eserleku izanen dira. Hau da, proportzioan, arabar baten erabakiak ia lau bizkaitarrenak bezainbertzeko pisua izanen du.  


Nola banatzen dira eserlekuak?

Eserlekuak D’Hondt legearen arabera banatzen dira. Sistema proportzional bat da. Hautagaitza fasera pasatzeko, bozen %3 bildu behar dira gutxienez. Behin galbahe hori pasatuta, lortutako boto kopuruak handienetik txikienera ordenatzen dira, eta hautagaitza bakoitzaren boto kopurua zatitu 1, 2, 3... artean, lurralde bakoitzari dagokion eserleku kopurura iritsi arte.
Kalkuluak egin eta gero, zatidura handienak lortu dituzten hautagaitzei emanen zaizkie eserlekuak. Bi alderdik zatidura berdina balute, boto gehien lortu duenarentzat izanen litzateke eserlekua.


Nork bozkatu dezake?

Hautesle erroldan izena emanda dauden 18 urtetik gorako arabar, bizkaitar eta gipuzkoar guztiek bozkatzen ahalko dute. Horiez gain, posta bidez bozkatzen ahalko dute behin-behinean atzerrian bizi diren eta hautesle erroldan izena emanda dauden herritarrek, baita atzerrian bizi diren egoiliarren hautesle erroldan inskribatuta daudenek ere.


Eta nola hautatzen da lehendakaria?

Eusko Legebiltzarreko burua arduratuko da Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izendatzeko osoko bilkurara deitzeaz. Saio horretan hautagai bakoitzak bere alderdiaren programa aurkeztuko du  –90 minutu izanen ditu bakoitzak, gehienez–. Jarraian, talde parlamentarioetako bozeramaileek hitz eginen dute, bakoitzak ordu erdiz. Bozketa eginen da gero, eta gehiengo osoa lortzen duen hautagaia izanen da lehendakaria.

Inork gehiengo osorik lortuko ez balu, bertze bozketa bat eginen litzateke hamalau ordu geroago, eta boto gehien eskuratzen duena hautatuko dute lehendakari.
Lehendakariaren ardura izango da hurrengo legealdirako gobernua osatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.