Zerbitzu publikoek jasandako «gainbehera» gaitzetsi du oposizioak

EH Bilduk «herri akordio historiko bat» egitea eskaini du, «burujabetzaren auziari irtenbide demokratiko bat emateko»

Nerea Kortajarena (EH Bildu), atzo, Eusko Legebiltzarrean hizketan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Osasungintza, hezkuntza, zaintza... Oposizioak ere hitz egiteko aukera izan zuen atzoko politika orokorrari buruzko osoko bilkuran, eta hainbat zerbitzu publikoren gainbehera salatzeko baliatu zuten. Gainera, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari autokritika falta egotzi zioten.

EH Bilduren irudiko, lehendakaria «misiorik, bisiorik eta anbiziorik» gabe dago, ez du egungo «herria ulertzen», eta horren seinale da azken urteetako jarduna. Nerea Kortajarena bozeramaileak leporatu dio «adierazle asko» ez direla onak. Haren esanetan, adibidez, trantsizio ekologikoko datuak ez dira onak: «Berriztagarriak mantso doaz, lurraldea antolatzeko oinarririk ez da jarri, eta trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren legea ez da indarrean jarri oraindik».

EH Bilduk beste arlo batzuetan ere nabari ditu gabeziak. Besteak beste, zaintzan: «Zaintzak gurean era merkantilista, prekario eta sexistan ebazten dira, eta desberdintasun sozialen sortzaile dira». Osasungintzan: «Osakidetza da zerbitzu publikoen gainbeheraren adierazpen argienetarikoa». Eta euskaran: «Euskara oldarraldi bortitz bat jasaten ari da». Horren aurka, «erantzun bateratua» galdegin du. Argazki hori eginda, Kortajarenak dio bi aukera dituztela:«Kritika hutsean» gelditu edo «erantzukizunez eta enpatiaz» erantzun. Ziurtatu du bigarrena aukeratu dutela.

Hori horrela, proposamenak ere aurkeztu ditu mintzaldian. Hain zuzen, bost erronka aipatu ditu: Burujabetza estrategikoa, ongizate egiturak aldatzea, «herri honen zerbitzura» jardungo duen ezagutza sistema berritzea, kohesio soziala bermatuko duen identitate komunitarioa indartzea eta segurtasun eredu propio bat eraikitzea.

Euskal Herriaren izaera ere hizpide izan du. Hain zuzen, EH Bilduk «herri akordio historiko bat» eskaini du, «burujabetzaren auziari irtenbide demokratiko bat» emateko. Erantsi du akordio horrek ahal bezainbeste atxikimendu eduki behar dituela, alderdi politikoenak, sindikatuenak eta unibertsitateenak, kasurako. «EH Bilduren eskutik, eskua luzaturik dago elkarlanerako eta akordio historiko zabal bat erdiesteko».

PSE-EEk batez ere alderdiak egindakoa goraipatzeko aprobetxatu du mintzaldia. Eneko Andueza idazkari nagusiak esan du Eusko Jaurlaritzak ez duela «lan erraza» izan, pandemiagatik eta Ukrainako gerragatik. Halere, goretsi egin ditu lorpenak: besteak beste, langabezia %7,4ra jaistea eta Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Legea onartzea.

Etorkizunari «ilusioz, esperantzaz eta anbizioz» erreparatzeko beharra ikusten du Anduezak, eta erronka demografiko, teknologiko eta klimatikoari erantzutea du begiz joa. Autogobernuari dagokionez, nabarmendu du ez dagoela «kolokan», eta Urkulluren proposamena errefusatu du: «Euskadik ez du Lizarrako Itunera itzultzeko beharrik. Ez dugu denbora galdu behar konstituziotik kanpo dauden ikuspegi politiko berriekin; adibidez, ziurgabetasunez betetako estatu konfederala eratzeko Urkulluren planteamenduarekin». Aldiz, defendatu egin du Gernikako Estatutua.

Zerbitzu publikoen kudeaketaren kritikan ardaztu du hitzaldia Miren Gorrotxategik, Elkarrekin Podemos-IUren bozeramaileak. Osasungintzari dagokionez, «planifikazio falta, kudeaketa arazoak eta pribatizazioa» egotzi dizkio lehendakariari. Klima larrialdiari erreparatuta, Gorrotxategik esan du Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren lege proiektuak ez duela «helbururik, betebeharrik eta zigorrik». Eta hezkuntzaren aferan, berretsi du ez dutela bat egiten Hezkuntza Legearen edukiekin.

Autogobernuari dagokionez, hauxe Gorrotxategiren irudipena: «Mahai gainean jarri da soilik eskubide sozialen eta aberastasunaren birbanaketaren aurka joateko». Espainiako Estatua «plurinazionala» dela nabarmendu du, baita erabakitzeko eskubidea «aldebikoa» izatea ere.

Azkenik, PPren izenean Carlos Iturgaizek hartu du hitza. Urkulluren «gobernu eredua» agortuta dagoela ziurtatu du, eta Osakidetzako, hezkuntzako eta Ertzaintzako egoera salatu.

Egibar, Urkullurekin

Urkulluk ez ezik, Joseba Egibar EAJren eledunak ere erantzun dio oposizioari. Batez ere, EH Bilduri mintzatu zaio: «Ikuspegi tremendista eta katastrofista» izatea egotzi dio, baita autokritika falta ere.

Aldiz, Urkulluri «zorroztasuna eta seriotasuna» eskertu dizkio: «Etorkizunari begira, lehendakariak zenbait konpromiso azpimarratu ditu, hala nola segurtasuna, bizi kostuak, enplegua, osasuna, etxebizitza, hezkuntza, gazteria, zaintza... beti pertsonak politikaren erdigunean jarrita eta auzolana lan egiteko modutzat hartuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.