"Denak puntu batean ados gaude: Kaskarotenea ikastolako ikasleak ezin dira luzarako Marinelan egon. Beraz, alferrik da herritarren dirua epaiketetan xahutzea"; horiexek dira Kaskarotenia ikastolako gurasoen hitzak. Gurasoek gutun bat bidali baitiete Guy Poulou auzapezari eta herriko kontseiluari, ikasturtea hasi baino egun batzuk lehenago egin dieten “erasoa” salatzeko. Poulouren erantzuna "beste eraso bat" dela diote gurasoek, prefetak, ikastola irekitzeko baimena jaso ostean, Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin duten hitzarmena gogoratuz, eta Baionako helegite epaileak "aterabide iraunkor bat desiratu duelarik" nabarmenduz, gainera.
Horrez gain, erran dute Marinelatik ez joan nahi izatea ez dela "burugogorkeria", baizik eta "bizirik irauteko" molde bat. Herriko etxeak haurtzaro ttipiko eremu bat lortzeko engaiamendua hartu zuen, eta bitartean "motrizitate gela, jantoki, ikasgela, lo gela... funtzio desberdinak" dituen prefabrikatu hertsi batzuetan egon direla nabarmendu dute. "Orain, hitzarmena bururatu denean, galdetzen diguzue joatea deus proposatu gabe, ukatuz haurtzaro ttipiko eremuari buruzko engaiamendua. Nork ez du bere hitza bete?", galdetu dute haserre gurasoek.
Herriko etxearekin bildu zirela gogoratu dute, hitzarmenaren dataren azken epea hurbiltzen ari zela ikusirik eta aitzinamendurik ez zela jabeturik. Guy Poulouk nahi du Kaskarotenia ikastola Piarres Larzabal kolegiora mugitzea, baina gurasoek aukera hori "desegokitzat" jotzen dute, "leku eskasa baita; nerabeen eta 2 eta 5 urte bitartekoen bizikidetza pentsaezina da, erritmo desberdinagatik".
Bestalde, Guy Poulouk leku publiko bat utziko ez ziela erran zielarik, gurasoak aterabideak bilatzen hasi ziren, eta aterabide horiek aurkeztea eskatua izan zitzaielarik, horrela egin zutela azpimarratu dute: "proposamen koherenteak eta egingarriak, legearen errespetuan". Eraikin bat alokatzeko prest azaldu da Kaskarotenia ikastola, baita aisialdi zentroko gelen parte bat alokatzeko ere. Ikastolako gurasoak aterabideak bilatzen ari izan diren bitartean auzapezak apartamendu bat bilatzea erran diela salatu dute. Etxe bat alokatzeak duen zailtasuna gogoratu diete gurasoek herriko etxeari eta herriko kontseiluari: "Edonork baino hobeki ezagutzen duzue lurraren prezioa Ziburun; gurasoen elkarte ttiki batentzat ez da eskuragarri".
"Mespretxua" eta ez-ulertzeak
Ziburuko Herriko Etxeak Ziburuko kolegioko proiektua eta Luma haurtzaindegi euskalduna lagundu ostean, gurasoek ez dute ulertzen nolaz orain ez duen ikastola lagundu nahi. "Ez dugu euskararen monopolioa ukaiteko asmorik, baina gurasoek murgiltze sistema hautatzeko parada ukan dezaten nahi dugu, elebidun eta elebakar ereduez gain".
Horrez gain, Guy Poulouk telebistan izandako jarrera salatu dute. Izan ere, Poulouk Ziburuko Ikastolako guraso, haur eta langileez hitz egin duenean, "jende horiek" terminoa erabiltzeak haiekiko duen "errespetu falta" islatzen baitu, gurasoen erranetan.