Ziburuko ikastola berria eraikitzea eta heldu den urtean Lapurdin eta Baxenabarren irekiko dituzten hiru ikastola berriak abian ezartzea. Gastu anitz izanen ditu Seaskak heldu den ikasturtean, eta hori dela-eta maiatzaren 10ean Senperen (Lapurdi) eginen duten Herri Urrats bestara jende anitz joateko deia egin dute. Dirua biltzeko beharra dutela ez du ezkutatu Paxkal Indo Seaskako lehendakariak: «Sosa biltzeko egina da besta, ez dezagun ahantz. Beraz, jendea etor dadila besta egitera, jatera, edatera eta dirua ematera. Mezua argi eta garbia da».
Atxik ikastola bildua leloaren pean eginen dute aurten ikastolen aldeko besta, eta, bereziki, Ziburuko Kaskarotenea ikastolara bideratuko dituzte lorturiko irabaziak. Ikasturte hasieran gatazka izan zuen ikastolak herriko etxearekin, eta, azkenean, lur pribatu batera joatea deliberatu du Seaskak. Eremua erosi, eta ikastetxea eraiki beharko dute orain.
Willis Drummondek eta Niko Etxartek egin dute aurtengo kantua, eta Xan Bidegain eta Rafa Rodrigo musikariek azaldu dutenez, urteko kontzertu bakarra emango du Lapurdiko taldeak Senpereko aintziran. Horiez gain, honako talde hauek arituko dira Herri Urratsen: Betagarri, Joxe Replay, Zezenaren Taldea, Glaukoma, Maialen Errotabehere, Kalakan, Aire Ahizpak eta Aguxtin Alkhat, bertzeak bertze. Maialen Etxemendi antolatzaileak jakinarazi duenez, bertzalde, haurrentzako egitaraua indartu eginen dute aurten. Horretarako, hiru gunetan eskainiko dituzte umeentzako jarduerak, eta, bertzeren artean, Irrien Lagunak taldeko kideek antolaturikoak eta Albaola erakusketa nabarmendu dituzte.
Gazteen Erronka
Euskal Herri osoko ikastoletako 13 eta 16 urte bitarteko gazteen artean Erronka lehiaketa eginen dute, bertzalde, Herri Urratseko Baxe Nafarroa gunean. Herri kirolak eta memoria jokoak tartekatuko dituzte.
Aintzirara joateko autobusak ezarriko dituzte Lapurdi, Zuberoa eta Baxenabarretik bortz euroan, eta Senpereko erdigunetik joan-etorrian ariko den ibilgailu bat ere izango da, urririk. Informazioa Herri Urratsen webgunean da.
Ziburuko ikastolaren alde, Senperera urratsa
Kaskaroteneko lurra erosi eta eraikina zutik jartzeko erabiliko dute Herri Urratseko dirua.Maiatzaren 10ean eginen dute Seaskaren aldeko besta, Senpereko lakuan.Beharra handia dela erran dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu