Konpromiso etiko bat hartuta amaitu dute Emakumeak Zientzian egitasmoa: emakume zientzialarien ikusgarritasuna handitzea, zientziaren demokratizazioaren alde lan egitea eta lan ingurune berdinzaleagoak eta erantzukideagoak sortzea. Horretarako, Emakumeak Zientzian ekimeneko kideek bederatzi puntuko manifestu bat aurkeztu dute gaur, Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Egunean, Donostiako Aquariumen egindako ekitaldian.
Emakumeak Zientzian egitasmoa duela hamar urte sortu zen. Marea bizia gara izan da aurtengo leloa, eta 70 jarduera baino gehiago egin dituzte otsailaren 3tik gaur arte.Â
Egiturazko aldaketak
Gaur aurkeztutakoa manifestua da, etorkizunerako abiapuntu bat, ildo estrategiko bat. Bederatzi lan ildo ditu. Egiturazko aldaketak, «benetako aldaketak» eskatu dituzte. Aldaketa horien bide orria zehazteko, beharrezko eztabaidak bultzatuko dituzte. Benetako aldaketak eta konpromisoak eskatu dituzte, ez «berdintasunaren instrumentalizazioa eta parte hartze sinbolikoak».
Emakumeen parte hartzea bultzatu nahi dute, baina ez soilik emakumeena, baita haien klase, genero, etnia, jatorri, diziplina eta bestelako ezaugarriengatik zientzian baztertuta dauden taldeena ere: «Gizarte osoa ordezkatu eta baliatuko duen zientzia berdinzaleagoaren alde egin nahi dugu».
Zientzia demokratikoagoa izatea nahi dute. Zientzia eta kultura zientifikoa «modu inklusibo eta berdinzalean» hurbildu nahi dituzte gizartera, modu ulergarrian eta zorrotzean. Hurbildu bakarrik ez, herritarren parte hartzea bultzatu nahi dute.
Zientzia eta bizitza, bateragarri
Gaur egungo zientzia jarduera zuzentzeko hiru lan ildo dituzte. Bata, ibilbide profesional «inklusiboak eta jasangarriak» sustatzea, lan ingurune osasungarriekin eta bizitza erritmo jasangarriekin, bai eremu profesionalean bai pertsonalean. Zientzia egitea eta bizitzea bateragarriak izatea, alegia. Bestea, produktibitatea saritu ordez, ekarpena saritzea. «Benetako eragina» neurtuko duen ebaluazio zientifiko baten alde egingo dute, «kalitatea eta lankidetza balioetsiko dituena». Eta, hirugarrena, elkarlanerako eta elkar zaintzeko sareak ehuntzea: «Barne eta kanpo lankidetza eta entzutea sustatzen ditugu, lidergo kolektiboa bultzatzeko eta egiturazko aldaketak sortzeko espazio seguru gisa».
Neskak eta emakumeak zientziara hurbiltzeko lan egin behar da. Bultzatu egin behar dira STEAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika) bokazioak, txikitatik, estereotipoak apurtzeko eta «lanbide hautu libre eta anbiziotsuak sustatzeko». Zientziaren ikuspegi zabala dute, artearekin eta humanitateekin uztartuta, «diziplinen arteko hormak eraitsiz».
Bat egiteko gonbidapena
Konpromiso bat hartuta amaitu dute Emakumeak Zientzian, baina baita gonbidapen bat eginda ere: ekintza horiekin bat egitera gonbidatu dituzte enpresak eta erakundeak, «etorkizuneko zientzia elkarrekin eraikitzeko». Donostiako ekitaldian izan dira ekimena laguntzen eta babesten duten erakundeetako, enpresetako eta ikerketa zentroetako ordezkari asko —34 dira guztira—, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, besteak beste.