Zientzia

Zientziari buruzko bideo labur onenak saritu dituzte

Tabakaleran egin da Elhuyarrek eta Donostia International Physics Centerrek antolatutako On Zientzia bideo lehiaketaren sari banaketa

Sara Hernandez Tabakalerako bideo koordinatzaileak eman dio saria Ana Ibargoien usubildarrari. @ELHUYAR
joxerra senar
2023ko ekainaren 9a
19:45
Entzun

Aurten, 80 lan jaso dituzte On Zientzia teknologiari eta zientziari buruzko bideo laburren lehiaketan; horietako batzuk, nazioartetik —Poloniatik, Mexikotik eta Indiatik, besteak beste— .

Euskarazko bideo onenaren saria Ana Ibargoien arkitekto usurbildarrari eman diote, Mina edo pikante? lanagatik.

Gaztelerazkoa, berriz, Daniel Gonzalez informatika ingeniari madrildarrak jaso du.

Donostiako Tabakaleran egin dute sari banaketa. Elhuyarrek eta Donostia International Physics Centerrek antolatua da lehiaketa: zientzia eta teknologia bideo laburren bidez dibulgatzea du helburu, eta aurtengoarekin hamahirugarren urtea du. Jasotako bideo guztiak www.onzientzia.tv webgunean ikusteko moduan daude. Gainera, sari banaketa bera eta jasotako lanen inguruko informazioa ikusgai izango da Teknolopolis saioan, ETB1en, ekainaren 17an, 13:30ean.

Ana Ibargoienek jaso du euskarazko bideo onenaren sari nagusia. Epaimahaikideen arabera, «estetikoki sinplea baina oso eraginkorra» da aurkeztu duen lana. Eguneroko gai bat hartu du hizpide, eta kolore gorriak protagonismo handia izan du.

Gaztelerazko sari nagusia, berriz, Daniel Gonzalezen Loquita por sus huesos (euskaraz, Bere hezurrengatik txoraturik) izan da. Epaimahaikideen hitzetan, «oso lan originala» da, eta ipuin baten kontakizuna erabiltzen du dibulgaziorako. «Ikus-entzunezko pieza sendoa sortu du», nabarmendu dute. Ibargoienek eta Gonzalezek 3.000 euroko sariak jaso dituzte.

Gazteentzako saria, berriz, Mutiloako Luis Amigo ikastetxeko Fermin Martinez eta Aitor Rosi eman diete, genetikari buruzko bideo bat egiteagatik. Gazteleraz, Storytime con mi primo y Mendel du izenburu (euskaraz, Nire lehengusuaren eta Mendelen arteko storytime-a), eta, antolatzaileen irudiko, «originaltasun handiz eta umore onez» egin dute.

Epaimahaiaren sariak alde batera utzita, webgunean aldeko boto gehien jaso dituzten bi lanak saritu dituzte. Batetik, Aimar Luis eta Elena Lopez Axular lizeoko ikasleek publikoaren saria jaso dute Zoriontasunaren zientzia bideoagatik. Mexikoko Carlos David Maciasek eta Cesar Hilario Gomezek adimen artifizialari eta arteari buruzko bideo bategatik jaso dute aitortza.

Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak, Jon Abril Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak eta Ricardo Diez DIPCko zuzendariak banatu dituzte sariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.