gizartea

Zierbenatik arrantzara ateratako ontzi txiki bateko hiru lagun desagertuta daude

Sei metroko txalupa irauli egin zen atzo arratsaldean, haize handiaren ondorioz. Ontzian zeuden 12 urteko mutil bat eta 52ko gizonezko bat erreskatatu egin dituzte gaur goizean. Desagertuetako bi Bilbokoak dira, eta bestea Erandiokoa.

2011ko martxoaren 25a
19:01
Entzun

Atzo arratsaldeko bost eta erdiak aldera Zierbenako portutik arrantzara atera zen Zirri zazpi metroko ontziko hiru lagun desagertuta daude itsasoan, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur esan duenez, eta haien bila dabiltza. Ontzian bost kide zihoazen, eta bi behintzat aurkitu dituzte, onik: 12 urteko mutil bat eta 52 urteko gizonezko bat — J.M.B.—. Txalupa Zierbernatik hamarren bat milia iparraldera topatu dute. Itsasontzia Bilboko portura eraman dute arratsaldean.

“Ontzia fibra plastikozkoa zen, 80 kilometro orduko haizea zebilen itsasoan eta irauli egin zitzaien”, azaldu du Marcelino Elorza Zierbenako alkateak. “Istriborrean arrantzan bazaude eta oreka galduz gero, ontziak irauli eta istripua gerta daiteke”, zehaztu du. Herrizaingo Sailaren ustez, haize zakarrak eta olatuek eragin dute ezbeharra.

Ontziak atzo bertan izan zuen ezbeharra, berdelatara atera zirenean. Irauli egin zen. Bertako kideak itzultzen ez zirela-eta, senide batek 19:00ak aldera larrialdi zerbitzuetara deitu zuen, eta orduan ekin zieten bilatze lanei. Buelta emanda zen txaluparen gainean topatu dituzte umea eta heldu hura gaur 7:30ak aldera. Hipotermia zantzuak dauzkate eta Barakaldoko Gurutzeetako erietxera eraman dituzte. Dirudienez, umea zen salba-jantzia zeraman bakarra. Jakinarazi dutenez, arriskutik kanpo daude biak.

Atzo gauean ekin zioten Abra itsas adarrean bilaketa lanei Itsas Salbamenduak, Gurutze Gorriak, Ertzaintzak eta Guardia Zibilak ari dira bilatze lanetan, itsasontziekin eta helikopteroekin. Hegazkin eta helikoptero bana, eta zazpi itsasontzi erabiltzen ari dira bilaketa lanetan. “Ura garbi eta argi dago, haizea eta korrontea dira bilaketa lanak oztopatu ditzazketenak”, gaineratu du alkateak.

Desagertuta dauden hiruetako bi Bilbokoak dira -49 eta 51 urtekoak- eta bestea Erandiokoa -66 urtekoa-. Ustez hiruretako bat mutikoaren aita da, beste bat Bilboko urpeko udaltzain bat.

Zierbenako alkatea kezkatuta agertu da: “Zer egin dezakegu honelako gauzak saihesteko? Horiek dira hausnartu beharreko galderak. Itsasora atera edo ez erabakitzeko hausnartu egin behar da, urtero gertatzen delako horrelako istorioren bat”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.