Zigorraren logikak ez du gatazkak konpontzeko balio, Laura Macaya militante feministaren eta antipunitibistaren irudiko (Bartzelona, 1979). Indarkeria matxistari ikuspegi intersekzionaletik eta justizia errestauratiboaren ikuspuntutik erantzuteko lan egiten du, eta Genera elkarteko kide ere bada; prostituten eskubideen alde egiten dute bertan. Hausnarketa horiek guztiak biltzeko, Conflicto no es lo mismo que abuso liburua argitaratu zuen iaz, eta euskarara ekarri berri du Katakrakek, Amaia Astobizak itzulita: Gatazka eta abusua ez dira gauza bera. Gaur eginen du Macayak liburuaren aurkezpena, 19:00etan, Iruñeko Katakraken.
Gizarteko ezein arazo edo gatazka konpontzeko bide punitiboak erabiltzea gero eta ohikoagoa dela diozu; indarkeria matxista, kasurako. Ordea, bide horiek badituztela arazo komun batzuk. Zeintzuk?
Niretzat lehentasunezko arazoetako bat zera da: bide horiek ez dira eraginkorrak, batez ere arlo penalari dagokionez. 2003tik aurrera, indarkeria matxistari dagokionez, Espainiako Zigor Kodea progresiboki gogortu dute, emakumeak edo haien umeak babesteko egiten zutena legitimatzeko asmoz. Baina neurri horiek ez dute ezer konpontzen, ez direlako indarkeriaren errora joaten, eta, beraz, ez dira gai indarkeria hori amaitzeko. Gainera, biktimendako ez dira erreparatzaileak: zigorraren logika ez da biktimei erreparazioa ematea, baizik delituari jazartzea eta delitua egin duena zigortzea. Eta ez hori bakarrik, zigor sistema horrek luzera begira ez du arazoa konpontzen, ez duelako delituaren kausetan esku hartzen, eta, gainera, indarkeria gehiago sortzen duelako. Min gehiago eragiten du, eta ez du min egin duten pertsona horien jarrera aldatzeko gaitasunik.
Komunitateek erremintarik ez dute bortizkeria horiek kudeatzeko. Estatuaren etengabeko esku hartzea dago gabezia horren gibelean?
Autogestiorako gaitasuna desjabetzen digute. Hau da, edozein gatazkatan estatuak etengabe esku hartzeak zera eragiten du: komunitateei eta pertsonoi gure gatazkak autogestionatzeko gaitasuna kendu. Hori gero eta nabarmenagoa da, edozein gatazkatan neurriz gain jokatzen dugulako, edo, kontrara, ez dugulako ezer konpontzen, eta minez eta ondoezik gelditzen gara. Ez dugu hori guztia kudeatzeko erreminta propiorik, ez dugu gatazkak edo indarkeriak kudeatzeko instituzio propiorik.
«Edozein gatazkatan neurriz gain jokatzen dugu, edo, kontrara, ez dugu ezer konpontzen, eta minez eta ondoezik gelditzen gara»
Zigor sistemak ez du balio indarkeriari aurre egiteko, baina badu bertze funtziorik?
Argi dago indarkeriari aurre egiteko ez dela eraginkorra, baina biztanleria banatzeko, adibidez, oso baliagarria da; batez ere biztanleria pobrea banatzeko. Hau da, sistema hori selektiboa, arrazista eta klasista da guztiz, eta, batez ere, komunitate estigmatizatuenak, prekarioenak ditu jopuntuan. Modu batean edo bertzean, sistemak erraten die pobre onak badira, biktima onak, diru laguntzak jasoko dituztela. Soilik baietz da baietz legea, adibidez, lege oso feminista moduan aurkeztu zen, baina sozialdemokrazia neoliberalaren lege klasiko bat da, zeina biktimendako laguntza baldintzatuez mintzo den, eta erasotzaileen zigorren gogortzeez. Halere, ez dut erran nahi guztiz baztertu behar dugunik.
Indarkeriaz mintzo zara, baina kontzeptuaren erabilera orokortzen ari dela seinalatu duzu. Zer ondorio ditu horrek?
Horrek analisi feministaren eta erreminta feministen galera dakar: dagoeneko ez dugu lan arloko esplotazioaz solastatzen, ez gara diskriminazioaz mintzatzen, ezta sexismoaren erreprodukzioaz ere, dena indarkeria horren markoan jarri dugulako. Eta horrek subjektibotasun forma bat sortzen du: nola ulertzen dugun guk geure burua, nola ulertzen ditugun bertzeak, nola ulertzen ditugun erasotzaileak eta biktimak. Eta horiek bide punitiboa legitimatzeko bertzerik ez dute balio, bertzela bertze bide batzuk aztertzen arituko ginateke.
Biktima gisa izan dudan esperientziatik mintzatzen naiz anitzetan: indarkeria kasu larri baten, bortxaketa baten, ondorioak jasan dituen pertsona baten lekutik. Bertze anitzek bezala, uko egiten diot sistema bortitz bat indartzeko neure burua eta esperientzia instrumentalizatzeari.
Biktima «feminismoaren subjektu politiko gisa» irudikatzea arazo gisa irudikatu duzu, horrek biktimaren rolean trabatuta gelditzea ekarri ahal duelako. Zer ondorio ditu indarkeriaren biktimendako subjektibotasun femenino sexualki ikarati eta minberaren eraikuntza horrek guztiak?
Oso krudela da, horren gibelean anitz sufritzen ari den jendea dagoelako, eta ez garelako gai min horri heltzeko. Gai izan behar dugu sufritzen ari den pertsona hori laguntzeko, min hori entzuteko, erabaki azkarrik hartu gabe. Niri anitz gustatzen zait gogoraraztea pertsona horiek eskubidea dutela gertatutakoa atzean uzteko: biktimek eskubidea dute eraso egin badiete sufritzeko, mina izateko, behar dutena botatzeko, eta, hortik aurrera, min hori leku osasuntsuago batean birkokatzeko prozesu lagundu eta zaindu bat izateko. Irudikapen horiekin, biktima identitate bat errotzen da, eta hutsetik hasteko eskubide hori ukatzen zaie. Feminismo antipunitibistaren ikuspuntutik, uste dugu bidea egin behar dela erasoa jasan duten horiek biktima izateari uzteko, ez biktima izaten jarraitzeko.
«Biktimek eskubidea dute eraso egiten badiete sufritzeko, mina izateko, behar dutena botatzeko, eta, hortik aurrera, min hori leku osasuntsuago batean birkokatzeko prozesu lagundu eta zaindu bat izateko»
Gertatutakoa atzean uzteko behar hori nabarmenagoa da zaurgarritasun egoera handian dauden emaztekien artean?
Guztiz. Indarkeria matxistaren biktima izan diren sexu langileak, emakume transak, andre arrazializatuak edo testuinguru arras prekarioak dituzten horiek laguntzen ditugunean, argi ikusten dugu horiek aurrera egin nahi dutela, ez dutela biktima rol horretan gelditu nahi. Arazo larriagoak dituzte.
Horrekin batera, erran nahi nuke biktima jakin batzuen edo biktimen izenean solastatzen diren ahots batzuek biktima guztien esperientziak homogeneizatzen dituztela. Eta, gainera, diskurtso publikoak eta estrategia politikoak egiten ari direla, eta, horretarako, zera hartu dutela oinarri: erdiko klase aspirazionalaren parte diren zenbaiten bizipen subjektiboak, esparru burges pribilegiatuko kultura duten horienak. Pertsona horiek oso testuinguru indibidualista dute, komunitatearekin loturak hautsi ditzakete, eta, gainera, bidea ematen diote gainerako biktima guztiak baldintzatzeari.
Beraz, biktima identitate horretan ez gotortzeko prozesuetan indarkeriaren biktimak ez ezik, komunitateak ere parte hartu behar du?
Biktimaren erreparaziorako beharra ezin da gauza ororen gainetik egon, ardura komunitario bat ere badagoelako, testuinguru baten parte garelako. Baldintza oso prekarioetan dauden indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak laguntzen ditugu guk, eta haiek oso argi dute ezin dutela komunitatearekin duten lotura hautsi. Talde hori behar dute bizirauteko: batzuk, adibidez, etxebizitza okupatuetan bizi dira, eta, komunitatearekin duten harremana hausten badute, ez dute etxebizitzarako bertze sarbiderik. Zigor sistemak, baina, lotura komunitario horiek guztiak puskatzen ditu, eta hori oso kaltegarria da emakume horiendako.
«Zigor sistemak lotura komunitario guztiak puskatzen ditu, eta hori oso kaltegarria da [indarkeria matxistaren biktima diren] emakumeendako»
Kantzelazioaz, sexu eraso edo abusu bat egotzi zaion pertsona baztertzeko, kanporatzeko edo deserriratzeko estrategiaz ere mintzo zara liburuan. Zer dago ekintza horren gibelean?
Nire ustez, batzuetan, beharrezkoa eta legitimoa den babesteko behar bat dago horren gibelean. Bertze zenbaitetan ekintza horren alde egiten dugu modu sinbolikoan biktimaren alde gaudela erakusten dugulako; automatismo bat dago: ez leporatzeko ez dugula ezer egin. Ordea, ikusi behar da ea biktima guztiek hori nahi eta behar duten; eta, gainera, anitzetan bertze aldea entzuteko zailtasuna dago. Guk erasoa egin duena entzutearen alde egiten dugu, eta, horrez gain, egin duena erreparatzeko aukera eman behar zaio, egin duenaren erantzukizuna har dezala. Horrez gain, anitzetan, kantzelazioaren gibelean zera dago: gatazkarekin, ondoezarekin edo pertsona arbuiagarriekin bizitzeko zailtasuna. Baina horiekin elkarbizitzen ikasi behar dugu; ezin ditugu ezabatu.