Manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan Iñigo Cabacasentzat "justizia" eskatzeko, haren hilketari buruzko epaiketaren azken saioaren bezperan. Gaztea gomazko pilota batek jota zauriturik suertatu zen kalezulotik abiatu da mobilizazioa, Maria Diaz de Haro kalean, eta Bilboko epaitegien aurrean amaitu da. Han, Cabacasen senide eta lagunen ordezkariek esan dute euskal gizarteak ez lukeela ulertuko "zigorrik gabeko epairik".
Justizia aldarria ahoan, ehundaka lagun ari dira Cabacasen gurasoak eta lagunak epaitegietaraino laguntzen pic.twitter.com/yxEgiZP3F9
— Peru Azpillaga (@PeruAzpillaga) 2018(e)ko azaroaren 8(a)
Koldo Gutierrezek eta Eneritz Zabalak irakurritako agirian azaldu dutenez, Cabacasen senide eta lagunentzat gogorra izan da epaiketak iraun duen hiru aste hauetan entzun eta ikusitakoa: "Sutu egin gaitu, mindu egin gaitu, txikitu egin gaitu". Batez ere, fiskalak zigor eskaerarik ez egitea eta "gau hartako pilotakadaren arduradun" diren guztiak auzipeturik ez egotea egin zaie mingarri: "Eta ez gara soilki Ugartekori buruz hitz egiten ari", zehaztu dute, "hor daude [Raul] Otaola, [Jorge] Aldekoa, Rodolfo Ares eta abar".
Haien eskakizunak gogorarazi dituzte berriro: gertatutakoaren "egiaren aitortza", justizia, familiari kalte ordaina eta "berriz ez errepikatzeko bermea". Horretarako, "polizia ereduan" aldaketak egin behar direlakoan daude: "Eredu honek ez du balio, ez dauka lekurik gure jendartean", azaldu dute.
Plaza beteta abiatu da ekitaldia @berriapic.twitter.com/xCeB5gMdAA
— Peru Azpillaga (@PeruAzpillaga) 2018(e)ko azaroaren 8(a)
Epaiketa amaitzear dagoen honetan, epaiari "adi egoteko" deia egin dute Cabacasen lagun eta senitartekoek: "Badakigu zaila dela tentsioari eustea, eta horrekin jokatu dute denbora honetan guztian", esan dute, baina, hala ere, azken ahalegina egiteko eskatu diete herritarrei, "unea heltzen denean emaitza egokia ez bada behar den moduan erantzuteko".
Iñigo Cabacasen guraso Manu Cabacas eta Fina Lizeranzuri "babesa" ematen jarraitzeko deia ere egin dute: "Badakigu ez ditugula bakarrik utziko. Hona heldu gara jendearen borrokari esker, eta konpromiso horri eutsiko diogu, bihar [gaur] ez delako hau amaitzen".
Aho batez amaitu dute adierazpena: "Justizia Iñigorentzat". Gurasoek hartuko dute hitza orain @berriapic.twitter.com/j7EULYlf4c
— Peru Azpillaga (@PeruAzpillaga) 2018(e)ko azaroaren 8(a)
Epaiketaren azken saioa
Gaur izango da epaiketaren azken saioa. 09:15ean hasiko da, eta alde bakoitzak azalduko du zertan oinarritzen den bere eskaera arrazoitzeko: akusazio partikularraren kasuan, launa urteko kartzela zigorra eta seina urteko inhabilitazioa sei auzipetuentzat, eta absoluzioa defentsa eta fiskaltzaren kasuan. Horren ondoren, epaiaren zain geldituko da epaiketa.