Ziklo bakoitza gainditzeko, froga bana egingo die Wertek ikasleei

Hezkuntza ministroak proposatutako erreforma «erabateko hutsegitea» dela salatu du Eusko Jaurlaritzak

mikel p ansa
2012ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Proba bat ez, hiru egin beharko dituzte ikasleek, —zikloa amaitzen duten aldi bakoitzean azterketa bat—, Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak prestaturiko erreformak aurrera egiten badu. Atzo autonomia erkidegoetako Hezkuntza arduradunei aurkeztu zien erreformaren muina Wertek, eta ez zituen haserre gutxi eragin. Kataluniak, Andaluziak eta Kanariek ohartarazi zuten bide okerretik doala erreforma. Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ere gogor kritikatu zuen: «Bi ibilbidetako eskola bat sortzen ari dira: boteretsuentzako bat, eta ahulentzako bat». Eta erantsi zuen ahulentzako heziketa aukerak gehiago ahultzeko asmoa sumatu diola Hezkuntza ministroari.

Iragarritakotik oso urruti ez da ibili Wert ministroa. Eskola porrotari aurre egiteko eta ikasleen emaitzak hobetzeko, ikasleei proba «nazionala» jarriko ziela, zein ikasketa adar jarraitu nahi duten lehenago aukeratu beharko zutela, eta ikasgaiak murriztuko zizkiela, aldez aurretik esana zuen. Erreformaren xehetasunak eman zituen atzo, ideia horietan sakonduz.

Proba bat ez, beraz; lau egingo dituzte ikasleek, eta horietatik hirutan derrigorrezkoa izango da aprobatzea zikloa gainditzeko. Ziklo amaieretan egingo dituzte etsaminak. LH Lehen Hezkuntza bukatutakoan, 12 urterekin, egingo dute lehena, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara pasatu ahal izateko. DBHko hirugarren mailan beste proba bat egingo dute, baina «diagnostikoa» egiteko balioko du; ez du «ondorio akademikorik» izango. DBH amaitzean, 16 urterekin egingo duten probak bai ordea, izango du «ondorio akademikorik». Ikasgai denak aprobatuak dituztenek, edo azterketa gainditu eta ikasgai kopuru jakin bat —ez du zehaztu zenbat— aprobatuak dituztenek jarraitu ahal izango dute. Gainerakoek errepikatu egingo dute.

Hurrengo mailan ere, gauza bera: 18 urterekin, Batxilergoaren titulua lortzeko proba egin beharko dute. Azken nota jartzeko, azterketa horrek guztizkoaren %40 balioko du, eta zikloan lortutako notek %60 balioko dute. Lanbide Heziketan, berdin: maila ertaineko graduetatik goi mailakoetara igarotzeko, proba bat gainditu beharko dute ikasleek.

Aukeratu ere, lehenago aukeratu beharko dute zer ikasi nahi duten. DBHko hirugarren mailan, 12-13 urterekin, egingo dute lehen aukera, eta urtebete geroago erabaki beharko dute zer ikasi nahi duten: Lanbide Heziketa, edo Batxilergoa. DBH horretara egokitu, eta bi ibilbide izango ditu aurrerantzean: Batxilergoa egin nahi dutenentzat bat, Lanbide Heziketa egin nahi dutenentzat beste bat. Batxilergoko ibilbideak ere gutxitu egingo dituzte; bost izango dira, erreforma onartzen bada: Zientziak eta Ingeniaritza, Osasun Zientziak, Humanitateak, Artea eta Gizarte Zientziak.

Ikasgaiak ere murriztu egingo ditu Wertek; irakasgai gehiegi edukitzeak kostu ekonomikoa handitzen duela ohartarazi du. Aldiz, PISA azterketetan Espainiak lortzen dituen emaitza txarrak hobetu asmoz, hizkuntzei eta irakurketaren ulermenari, Matematikei eta Zientziei eskainitako orduak ugarituko dituzte DBHn eta Batxilergoan.

Beste zenbait neurri ere proposatu ditu ministroak: ikastetxeen autonomia handitzeko eta irakasleen lanbidea «duintzeko» asmoz; irakasleen autoritatea zehaztuko duela iragarri du, esaterako.

Lanbideratzea, «ahulentzat»

Ezkutatzeko asmorik gabe azaldu du Wertek Lanbide Heziketara bideratutako ikasleen kopurua handitu nahi duela. Horretarako, autonomia erkidegoetako arduradunen artean polemika eragin duen neurri bat proposatu du: «Adaptatzeko zailtasunak dituzten ikasleei eta eskola uzteko arrisku gorria dutenei» lanerako trebakuntza programak emango dizkiete, 15 urte dituztela. Isabel Zelaak zorrotz kritikatu du: «Ikasleen segregazioa dute helburu, eta bigarren mailako ibilbide gisa eratzen dute Lanbide Heziketa. Kontsolamendu sari baten gisakoa da, bide akademikoa jarraitu ezin dutenentzat, edo aparkalekua, eskola ibilbidean zailtasunak dituztenentzat». Programa horiek «gizarte egoera ahuleko ikasleentzat» izango direla esan du Wertek, eta hori «bereziki larria» iruditu zaio Zelaari.

Erreformak ez ditu Espainiako Hezkuntza sistemaren herrenak konponduko, Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren ustez. Eskola porrota, Espainian, %28koa dela, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %12,5ekoa dela oroitarazi du. Hartara, hiru herrialde horietarako «zentzugabekeria» bat da erreforma, Zelaaren hitzetan. Oro har, bere ustez, hezkuntza sistemak okerrera egingo du Werten egitasmoarekin, zailtasun gehien duten ikasleak «bazterrean» utziko dituen hezkuntza sistema «selektibo bat» ezarri nahi duelako. Zailtasun ekonomikoak dituztenek arazo gehiago izango dituztela salatu du: «Gizarte kohesioa oso atzera joango da eredu hau gauzatzen bada».

Ziklo amaierako azterketak ere oso aukera okertzat baloratu ditu Zelaak: «Ez dute ezer onik ekarriko. Kurtsoa errepikatuko duten ikasleen kopurua areagotzea da lortuko duen bakarra». Ikasleen urteetako lana egun zehatz batean baloratzeari ez dio zentzurik ikusten Hezkuntza sailburuak. Espainiako Hezkuntza ministroak ezarri nahi duen sistema «zaharkitua» dela, eta «maila pedagogiko eta sozialean, erabateko hutsegitea» dakarrela ohartarazi du Zelaak: «Hau ez da erreforma bat, baizik eta 1960ko hamarkadara itzuliko gaituen kontraerreforma bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.