Ziordiko (Nafarroa) pabiloi batean botata agerturiko arroparen inguruko ohar bat plazaratu du Astigarragako (Gipuzkoa) Ekotrade enpresak. Herritarrek birziklatzeko emaniko arropa tonaka botatzen ari direla salatu du Nafarroako talde ekologista batek. Enpresaren arabera, «gertaera puntual» bat izan da, eta nabarmendu du enpresarekin lotura zuzena ez duten profesionalek egiten dituztela garraio lanak.
«Ekotradek ez du garraiorako ibilgailu propiorik. Garraio zerbitzuak enpresatik kanpoko profesionalei kontratatzen zaizkie, eta horiek garraiatzen dituzte hondakinak», idatzi dute enpresako arduradunek. Ziordiko kasuarekin loturarik ez dutela adierazi dute —«ez zuzena, ez zeharkakoa»—, eta ez dutela zerikusirik pabiloiarekin . Salaketa eragin duen gertaera «erabat puntuala» izan dela gaineratu dute, eta hori «dagokien agintariekin konpontzeko bidean dagoela».
Arropa, izarak, mantak, oinetakoak... Denetik dago, eta tonaka, Ziordiko N-1 errepide zaharreko 392. kilometroan dagoen pabiloian. Gurelur natura babesteko Nafarroako funtseko kideek esan dute ez dakitela arropa Gipuzkoan bakarrik bildutakoa den edo Hego Euskal Herri osoan batu ote duten, baina badakitela berriz erabiltzeko kanpainetan jasotakoa dela. «Herritarrek berriz erabiltzeko ematen duten arropa modu lotsagarri eta legez kanpokoan botatzen ari da Gipuzkoako enpresa bat», adierazi dute. Toño Munilla Gurelurreko idazkariak BERRIAri esan dionez, «milaka pertsonaren kontzientzia zapaltzen ari dira».
Ziordiko pabiloia, barrutik, han botatako arropa eta bestelako hondakinak agerian. Gurelur
Boluntario batek abisatu zien kamioi bat heldua zela arropa botatzera. «Hari jarraitzea erabaki genuen», esan du Munillak. Kamioiaren atzetik joan ziren ekologistak, eta, adierazi dutenez, Ziorditik Astigarragaraino (Gipuzkoa) jarraitu zioten, Ekotrade enpresaraino. Eraikuntza eta eraispenetako hondakinak kudeatzen ditu enpresak, eta baita «arriskutsuak ez diren hondakin asko» ere, haien webgunearen arabera. Moyua eraikuntza enpresa da Ekotraderen akziodun nagusia.
BERRIAk Moyua enpresako arduradunekin hitz egin du, eta baieztatu egin diote euren arropa garraio bat Ziordiako pabiloian bota zutela. Edonola ere, hara eraman izana «akats» baten ondorioa izan zela adierazi dute. Normalean Vianako (Nafarroa) zabortegira eramaten dute arropa, hura jasotzen duten elkarteek «gehiago erabiltzerik ez daukatenean». Kamioilaria nahastu zela ikusi zutenean, gertatutakoaren berri eman zioten Nafarroako Gobernuari, azaldu dutenez. Ziordian kamioikada bat arropa baino gehiago dagoela aipatuta, adierazi dute eurek ez dutela zerikusirik horrekin, eta «garraio bakarra» izan zela berretsi dute.
Ziordiko Udalak bilkura berezia egin zuen atzo eguerdian, eta agiri bat zabaldu zuen. Horren arabera, hainbat herritarrek udazkenean jakinarazi zioten pabiloian arropa botatzen ari zirela. Irailaren bukaeran, Foruzaingoarekin jarri zen harremanetan udala, zer gertatu zen iker zezan. «Azaroaren 14an, Foruzaingoak, Ziordiko Udalak horrela eskatuta, A-1 autobidean kamioi bat gelditu zuen, egun horretan bertan arropa erabilia bota zuen kamioia hain zuzen ere. Foruzaingoak txosten bat egin zuen, eta gaur egun Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailean ari da tramitatzen». Ekologisten salaketa argitara atera dute udalak «enpresatik eta Nafarroako Gobernutik inolako azalpenik jaso aurretik», nabarmendu dutenez.
«Udalak egoera honi buelta emateko behar besteko kudeaketak egin ditu, eta egiten jarraituko ditu, baina, zoritxarrez, gaur-gaurkoz egoera ez da aldatu», gaineratu dute. Udalak eskatu dio Nafarroako Gobernuari pabiloian dauden hondakin zaharrak kentzeko, eta «arropa hori nondik datorren eta zergatik bukatu duen hemen argitzeko ikerketa sakona» egiteko. Enpresari, berriz, arropa ahalik eta azkarren eramateko eskatu diote.
«Dozenaka kamioi», garbitzeko
Pabiloi horretan zohikatza edo konposta egiten zuen Aralurrek 2013. urtera arte, baina orain likidazioan dago, eta administratzaile baten esku, Jose Urrestarazu arduradun ohiak BERRIAri azaldu dionez. Nafarroako Gobernuak itxi egin zuen enpresa, Gipuzkoako zabor organikoa han jasotzen zutelako, konpostatzeko, «baldintza ezegokietan», gobernuaren arabera. Urrestarazuk salatu duenez, pabiloiaren ateak zabalik daude egun, eta inguruko jende asko ari da zaborra botatzen hara. «Baina arropa lehorrean dagoenez, eta hormigoiaren gainean, ezin da isuri moduan salatu». Urrestarazuk kontatu duenez, «beharrean» dagoen jende asko dabil handik janztekoak hartzen.
Gurelur
Ekologistek salatu dutenez, «legez kanpoko kudeaketa horrekin, enpresa etekin handia lortzen ari da, herritarrek ematen duten arropa berriz erabiltzen ariko balitz bezala kobratzen ari baita». Italiako hainbat jokabiderekin parekatu dute: «Halako portaera mafiosoak Italian gertatzen ari dira, zaborraren kudeaketarengatik ordaintzen ari direlako, jende guztiak dakien arren hondakin horiek Ziordian botatzen dituztenek bezala bukatzen dutela».
Egoerak herriari eragin dion kaltea nabarmendu dute ekologistek. «Nafarroako gunerik kutsatuenetako bat da, paisaia aldetik behintzat». Esan dute udalak ez duela egoeraren erantzukizunik, eta Nafarroako Gobernuari esan diote zaborra berehala kentzeko, eta «ingurumenari eginiko eraso» horren erantzuleen kontra jotzeko. Ohartarazi diote, edonola ere, dozenaka kamioi beharko dituztela pilatutako zaborra kentzeko.
Baina nabarmendu dute ez soilik ziordiarrei, baizik eta herritar guztiei eginiko kaltea: «Gertatzen ari denak arrazoia ematen die zenbait herritarri, aspaldi zalantza dutenei ea benetan birziklatzen ote diren horren kontu handiz banantzen ditugun hondakinak».