ZIUetako COVID-19 pazienteak bikoiztu egin dira hilaren hasieratik

Osakidetzak eta Osasunbideak 2.924 kasu positibo atzeman zituzten atzo.

arantxa iraola
2021eko abenduaren 16a
13:24
Entzun

«Marka» gaindituko zela iragarri du gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik, inoiz baino COVID-19 kasu positibo gehiago jakinaraziko zirela gaur. Eta Osakidetzako datuetan halaxe izan da: 2.272 kasu atzeman zituzten atzo. Osasunbidean 652 izan ziren. Batuketa eginda, horra: 2.924 izan ziren Hego Euskal Herrian. Justu abenduaren 11n gainditu zen markatik koska bat behera geratu da gaurkoa: 2.962 izan ziren orduan. Datuek, oro har, erakusten dute izurriaren transmisioa guztiz oldartuta dabilela, eta osasun sistema publikoek ezin diotela aurre egin egoerari. Bada nabarmentzeko beste datu bat; Osakidetzak onartu du milatik gorakoa dela lehen aldiz hamalau eguneko intzidentzia metatua: 1.042.

Eta erietxeetan ere igartzen ari dira izurriaren goraldiaren ondorioak. Gaur goizean Sagarduik gogora ekarri du gero eta kutsatu gehiago egonda handitu egiten dela horietako batzuk larri eritzeko arriskua. Eta gertatzen ari da. Abenduaren hasieran, ZIUetan 59 COVID-19 paziente zeuden. Orain, 124 dira. Bikoiztu egin dira. Lehendik ere justu ari dira osasun sistemak; bertan behera utzi behar izan dituzte hainbat kirurgia, egun duten «presioari» erantzuteko, eta egoerak ez du hobera egiteko itxurarik. Lehen mailako osasun arreta ere ezinean ari da, eta bertan behera uzten ari dira hainbat kontsulta, «aparteko larritasunik» ez dutela argudiatuta. Osakidetzak 399 COVID-19 paziente ditu orain erietxeetan, eta ehun daude ZIUetan; Osasunbidean 136 dira orotara pazienteak, eta 24 ZIUetan daude.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak esan du egindako testen %5 baino gehiago positiboak diren unetik zaila dela izurri bat kontrolpean izatea, eta Osakidetzak eta Osasunbideak azken asteetan ematen dituzten datuak oso goitik daude. Atzo Osakidetzak egindako testen %13,7 izan ziren positibo, eta Osasunbideak egindakoen %14,5.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.