ZIUtik atera da asteartean Ertzaintzak Donostian zauritu zuen realzalea

Emakumearen senarrak esan du «basakeria bat» izan zela, gertutik egin zutela tiro, eta onartu ezin den altuera batera. Beste emakume batek ere salatu du zauritu egin zutela, eta hiru dira gutxienez oldarraldi horretan zaurituak.

Ertzaintza, Realaren eta PSGren partidaren aurretik gertaturiko istiluetan.
Ertzaintza, Realaren eta PSGren partidaren atarian, oldarrean, asteartean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
jon ordonez garmendia
2024ko martxoaren 9a
07:30
Entzun

Asteartean Realaren eta Paris Saint-Germain futbol taldearen arteko partidaren atarian, Ertzaintzak Donostian foam bala batekin zauritu zuen realzalea atera da zainketa intentsiboetako unitatetik (ZIU). Noticias de Gipuzkoa egunkariak jakinarazi duenez, elektroentzefalograma bat egin zioten atzo, eta neurologiako solairura eramana dute. Gaineratu du, hala ere, osatzeko «prozesu luze bat» iragarri diotela medikuek. Emakumeak 44 urte ditu.

Txapeldunen Ligako partidaren atarian zauritu zuen Ertzaintzak emakumea, Realeko zaleek talde txuri-urdinari egin zioten harreran. «Basakeria bat izan zen. Gertutik egin zuten tiro, onartu ezin den altuera batera», esan du haren senarrak. Ertzaintzak bota zuen foam jaurtigailuak buruan jo zuen, eta egoera larrian eraman zuten ospitalera. Senarrak biharamunean nabarmendu zuenez, ezinezkoa da tiroa «errebotez» jasotzea, Tolosako inauterietan zauritu zuten gaztearen kasuan Ertzaintzaren barne ikerketak ondorioztatu zuen moduan, emakumea Errondo pasealekuaren erdian zegoelako tiroa jaso zuenean.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak aitortu du emakumeak ez duela zerikusirik partidaren aurreko istiluekin. Gertatutakoa argitzeko asmoz, ikerketa abiatu du Ertzaintzaren Barne Aferetarako Unitateak. ERNE, ESAN eta SIPE sindikatuek ere ikerketa eskatu dute. Salatu dutenez, partidaren aurreko operazioaren arduradunek «protokoloetatik at dauden aginduak» eman zituzten, apropos, «agenteen segurtasuna arrisku larrian jarrita».

Ez zen hori izan, gainera, Realaren partidaren atarian izan zen zauritu bakarra. Bi egun geroago jakin zen beste emakume batek ere salaketa bat aurkeztu duela, eta atzo beste batek aurkeztu zuen. Horietako batek begian jaso zuen kolpea, eta besteak, bizkarrean.

Ertzaintzaren jokabidea, kanpaina aurreko eztabaidagai

Azken asteetan Ertzaintzaren jokabideak hainbat eztabaida eta susmo piztu ditu. Tolosako inauterietan, festa giroan, larri zauritu zuen gazte bat begian, eta, harrezkero, ezbaian dago polizia horren jokatzeko moduan. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak aste honetan esan du gazte hori istilu batzuetan ari zela parte hartzen. Gaztearen aitak, ordea, ukatu egin du hori.

Joan den igandean Gasteizko Martxoaren 3ko hilketak gogoratzeko ekitaldian ere oldartu zitzaien Ertzaintza han zeudenei, eta zenbait pertsona zauritu, ertzain infiltratuak ere jotzeraino. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako hilabete eta erdi geratzen da, eta kanpaina aurreko gai bilakatu da. Erkorekak esan du istiluak «sigla» batzuen «dendaostean» antolatzen direla. Arnaldo Otegik erantzun dio Erkorekari «epaitegira jotzeko», probak baditu. «Norbaitek tentsioa handitu nahi du, eta ez da ezker subiranista», gaineratu du Otegik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.