Villabonako gaztea «errebotez» zauritu zutela baieztatu du Ertzaintzaren barne ikerketak

Herritar talde batek aurkeztutako mozioan, «euskal jendartearen aurrean» azalpenak emateko eskatu diote Erkorekari. EH Bilduk mozioaren alde egin du, eta EAJk eta PSE-EEk, kontra.

Tolosako gertaera salatzeko agerraldia, Villabona-Amasan, otsail erdialdean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Tolosako gertaera salatzeko agerraldia, Villabona-Amasan, otsail erdialdean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iosu Alberdi - Isabel Jaurena
2024ko otsailaren 29a
16:10
Entzun

Hainbat hedabidek jakitera eman dutenez, Tolosako (Gipuzkoa) inauterietan zauritutako gazteari buruz Ertzaintzak egindako ikerketan zehaztua dago foam jaurtigaiak erabili zirela egun hartan, eta gaztea «errebotez» zauritu zela. Zehazki, iturri horien arabera, ikerketak dio bertze pertsona baten besoan errebotatu zuela jaurtigaiak, eta gero eman ziola gazteari begian. Gainera, ertzainek foam jaurtigaiak «50 metrotik baino gehiagotik» bota zituztela baieztatu dute, eta «gorputzaren beheko aldera» jaurti zituztela, eta, beraz, protokoloa betez erabili zituztela adierazten dute Ertzaintzaren txostenean.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Barne Arazoetarako atalak Beotibar kaleko kameren irudiak eskatu ditu —istiluak gertatu ziren lekua—, gertatutakoa argitu ahal izateko. Otsailaren 12ko goizaldean, larri zaurituta ospitaleratu zuten gaztea. Arrazoia, gazteak berak azaldu zuenez, Ertzaintzaren foam jaurtigailu batek eragindako lesioak izan ziren. Begian jo zuen, eta begi ondoa erabat handitua zuen kolpearen eraginez, malko hodia hautsita, eta erretina askatuta. Hamabost puntu eman zizkioten zauria ixteko.

Gaur zabaldutako filtrazioa ez da erreboteez mintzo den bakarra. Izan ere, atzo iluntzean auzia argitzeko eta erantzukizunak eskatzeko mozio bat onartu zuen Villabona-Amasako (Gipuzkoa) Udalak —bertakoa da zauritutako gaztea—. EH Bilduren aldeko botoekin onartu zuten, eta EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten. Arantzazu Rojo EAJko zinegotziaren erranetan, gaztea ez zuten «tirokatu», eta «errebote» baten ondorio izan zen foam jaurtigailu batek begian jo izana. Esan zuen ezin dela erran Ertzaintzak egindakoa «neurrigabea edo desegokia» izan zenik, hala adierazten duen txosten ofizialik egon ezean: «Ikerketari errespetua eskatzen diogu. Emaitzarik gabe ezin da baloratu Poliziaren ekintza zuzena izan zen edo ez».

Atzoko saioan Rojok EH Bilduri egotzi zion inauterietan gertatutakoaren ardura. Zehazki, koalizioari leporatu zion Ertzaintzarekin ez zirela ongi koordinatu, eta txosnen lekuak larrialdi zerbitzuen lana zaildu zuela: lehen, Triangelu Plazan larrialdi zerbitzuak egon ohi ziren, eta aurten txosnak jarri dituzte; horren ondorioz, zailagoa izan omen zaie larrialdi zerbitzuei Alde Zaharrean gertatutako istiluak artatzea.

Adierazpen horiez mintzatu da Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea, eta «akusazio oso larriak» direla erran du: «Ez da zuzena, gezurra da». Izan ere, azaldu du Udaltzaingoak segurtasun plan bat prestatu zuela, eta zirriborroa nahiz behin betiko bertsioa igorri zizkiotela Ertzaintzari. Bestalde, alkateak adierazi du Tolosan ez dutela informaziorik jaso Ertzaintzarengandik. Gertatutakoa jakin bezain laster Ertzaintzaren arduradunarekin jarri ziren harremanetan, eta edozein berrikuntzaren berri emateko eskatu zieten, baina geroztik ez dute informaziorik jaso.

Gau hartako beste zauritu baten kasua ere ikertzen ari dira —hiruk adierazi dute, orain arte, zauritu zituztela gau hartan—: botilakada bat eman ziotela salatu zuen, eta larrialdi zerbitzuek kalean bertan artatu zuten. Ikerketaren iturriek «ustekabekoa» izan zela diote, eta emakume hori ez zela «Poliziari eraso egin zion taldeko kide».

Mozioa, aurrera

Herritar talde batek aurkeztu zuen atzo onartutako mozioa Villabona-Amasako Udalean. Besteak beste, inauterietan gertatutakoaren inguruan erantzuteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari. Atzoko osoko bilkuran, alkateaz eta zinegotziez gain, foam jaurtigailuak zauritutako gaztea, haren senideak eta babesa adieraztera joandako zenbait herritar elkartu ziren.

Herritar taldeak aurkeztutako mozioan, Ertzaintzaren «neurriz gaineko esku hartzea» eta hark 16 urteko mutilari egindako kalteak salatu dituzte: «Tiro horren ondorioz, atzera-bueltarik gabeko kalteak eragin dizkio Ertzaintzak Xuharri». Era berean, salatu dute Ertzaintzak eta Segurtasun Sailak ez dutela auziaren inguruko azalpenik eman, nahiz eta bi aste igaro diren hura gertatu zela.

Mozioaren bidez, herritarrek Villabona-Amasako udalbatzari eskatu diote «elkartasun eta babes osoa» adierazteko Xuhar Pazos gazteari eta haren senideei, eta «esku hartze polizial neurrigabea» eta «neurriz gaineko jokabide poliziala» salatzeko. «Amasa-Villabonako udalbatzak biolentzia polizial oro salatzen du», dio testuak.

Eskaera hauek ere egin dizkiote udalbatzari mozioan: eska diezaiela esku hartze hartan parte hartutako «exekutatzaileei eta foam jaurtigailuekin oldartzea agindu zuen ertzainburuari» euren gain hartzeko dagozkien ardurak, eta exiji eska diezaiola Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekari erantzunak emateko «kaltetutako familiaren eta euskal jendartearen aurrean». Hain zuzen, eskatu dute mozioa bera Erkorekari bidaltzeko.

Ez da afera udalean jorratuko duten lehen aldia. Aurrez, gertaeraren berri izan ostean, Villabona-Amasako Udalak ohar bat argitaratu zuen «gertatutakoa argitzea exijitzeko» eta elkartasuna adierazteko zauritutako gazteari eta ingurukoei. «Alboan izango gaituzte behar dutenerako», zehaztu zuen Beatriz Unzue alkateak ere.

Bigarren ebakuntzaren zain

Gaztea otsailaren 16an atera zen ospitaletik, eta hilaren 20an egin zioten ebakuntza, erretinaren haustura gerarazteko batez ere. Ebakuntza hura ondo atera zen, gaztearen aita Jon Pazosek BERRIAri azaldu dionez, baina gazteak ez du ikusmena berreskuratu oraindik. Gaineratu du zenbait azterketa egin dizkiotela ordutik, eta beste ebakuntza bat egiteko esperoan daudela, lehen operazioan jarritako silikona kristalinoa kentzeko. Medikuek esan diotenez, hura egin arte itxaron beharko da kolpeak gaztearen ikusmenari zer kalte egingo dion jakiteko, baina argi dute ondorioak izango dituela.

Inauterietako gertaeraren harira, bai Tolosan eta bai Villabona-Amasan zenbait ekinaldi egin dituzte gazteari elkartasuna adierazteko, «indakeria poliziala» salatzeko eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari afera argitzeko eskatzeko. Eusko Legebiltzarrean ere, EH Bilduko Julen Arzuagak foam jaurtigaien arriskuez ohartarazi zuen, eta «operatiboa argitzeko» eskatu zuen, «erabateko gardentasunez». EP-IUko eledun Miren Gorrotxategik, berriz, «onartezintzat» jo zuen gertatutakoa. Hain zuzen, Erkorekak adierazi zuen barne ikerketa abiatu zuela Ertzaintzak, baina ez da haren berri argitaratu. Era berean, Tolosako epaile batek ere zabaldu du ikerketa ofizioz, eta gaztearen familiak salaketa jarri du akusazio partikular moduan.

Amasa-Villabonako gazteak ez ezik, beste bi lagunek ere salatu dute Ertzaintzaren foam jaurtigaiek zauritu zituztela gau berean. Ertzaintzaren arabera, taberna batean hasi ziren istiluak goizalde hartan, eta Alde Zaharrean gero. Hori aipatu zuten istiluen kontrako materiala erabiltzeko argudio gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.