Zizur Nagusiko epaiaren harira «oldarraldi judiziala» salatu du euskalgintzak, Iruñean

Nafarroako Administrazio Auzitegiaren epaia irmoa da, eta gizarte eragileek gaitzetsi dute horren atzean «euskara sustatzearen kontrako estrategia bat» dagoela.

Nafarroako Auzitegia - euskara
Euskararen aurkako eta epaitegien erabakien aurkako elkarretaratzea, Nafarroako Auzitegiaren aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2024ko otsailaren 8a
19:30
Entzun

Tantaka, euskararen sustapenaren aurkako epaiak nagusitzen ari dira Hego Euskal Herrian. Azken kasua Zizur Nagusikoa da. Geroa Bairen udal horrek obretako bederatzi lanpostu atera zituen, eta horietako bati euskarazko profila ezarri zion. Alta, UPNk jarritako helegite bat aintzat hartuz, abenduan Nafarroako Administrazio Auzitegiak bertan behera utzi zuen euskarazko lanpostu hori. Epai horren harira, «oldarraldi judiziala» gaitzesteko asmoz, gaur arratsaldean kalera atera da euskalgintza.

Elkarretaratzean, 50 lagun inguru bildu dira, Zizurko Euskara Taldeak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, Euskal Herrian Euskaraz-ek eta Euskararen Defentsarako Sareak deituta. LAB, Steilas eta ELA sindikatuek bat egin zuten, baita EH Bildu eta Geroa Bai talde politikoek ere. Zizur Nagusiko Udalak berak ere babesa adierazi dio deialdiari, urtarrileko osoko bilkuran.

Euskararen aurkako epairik ez, hizkuntz eskubideen alde zioen kartelarenbestaldean izan direnek gogora ekarri dute udalak bederatzi lanpostutatik bakarrean baino ez zuela eskatu profil elebiduna, eta, hala eta guztiz ere, UPNren argudioa babestu egin du auzitegiak. «Ez zaigu ondo iruditzen. Administrazio Auzitegiak baliogabetu egin du Zizur Nagusiak hizkuntz profil bat izatea», gaitzetsi dute. «Eskubidea dugu administrazio publikoarekin euskaraz aritzeko. Ez soilik bulegokoekin, guztiekin baizik». 

Alta, auzibidea amaitu da. Epaia irmoa da, ez baitute beste auzialdi batera jotzeko eta errekurtsoa aurkezteko asmorik.

Estrategia argi bat

Abenduaren 1ean iritsi zen Zizurko Udalaren aurkako epaia: Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak atzera bota zituen udal lanpostu baten euskara eskakizunak, UPNk jarritako helegite bat aintzat hartuta. Zehazki, herriko obretan jarduteko lanpostuetako bati jarria zion udalak euskaraz jakiteko betebeharra; UPNren ustez, ordea, erabakia ez zegoen «justifikatuta».

Abenduan, epaiaren aurrean bere atsekabea adierazi zuen Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak, eta gaurko elkarretaratzean gogora ekarri du auziaren funtsa ez dela juridikoa. «Beste kasu batzuetan, hitz egiten da proportzionaltasunaz, lanpostuak herritarrekiko harremanez... Horiek demostratuta eta ongi argudiatuta ere, epaitegiek atzera bota egin dute, euskaraz ez dakitenen diskriminazioa argudiatuz».

Estrategia argi bat ikusten du atzean, «euskararen sustapenaren eta euskaraz ikastera animatzearen kontrakoa». Euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzearekin batera, epaileek gizartean mailakatze bat inposatu nahi dutela salatu du: «Gaztelaniak euskararen gainetik egon behar du, eta nola hitz egin behar dugun ezartzen ari dira», deitoratu du. 

Euskararen kontrako epai horietan hainbat argudio erabili badira ere, guztiak norabide berean doaz: «Pertsona batzuek ez badute nahi euskaraz artatu, eskubidea dute, baina eskubide hori ez da existitzen», azaldu du. Gogoratu du lanpostu publikoen baldintzak ez direla inoiz zalantzan jartzen. «Inork ez du kontrakorik esaten; aldiz, euskararenak ezartzen direnean, begira zer-nolako jarrera dagoen gizartean eta politika arloan».

«Epaiak norabide berean doaz. Pertsona batzuek ez badute nahi euskaraz artatu, eskubidea dute, baina eskubide hori ez da existitzen».

AGURNE GAUBEKAHizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria

«Oldarraldi judiziala» Nafarroan hasi eta Hego Euskal Herri osora hedatu dela aipatu du Gaubekak. Alta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, legediak babestu egiten du hizkuntza profilak egon behar direla, eta epaiak hori auzitan jartzen hasi dira; Nafarroan, berriz, «egoera ahulagoa» da juridikoki. «Eremu mistoan izaki, auzitegiek erraztasunak dituzte horrelako epaiak egiteko».

Orkoiengo kasua

Orkoiengo euskararen aldeko taldeak ere izan dira elkarretaratzean. Herri horretan, euskararen aurkako jarrera ez dator epaitegietatik, udaletik beretik baizik. 2009an kolore politiko guztietako udal taldeek aho batez onartutako arauak euskara sustatzeko neurriak jasotzen zituen. «Ordutik erabili izan da, eta ez da inongo kexurik izan», azaldu du Aitor Zandueta Orkoiengo Euskaltzaleak taldeko kideak. 

Alta, ekainetik PSN da agintean udalean. EH Bildu da lehen indarra, baina UPNk eta ezkerreko Juntos por Orkoien taldeek egin zuten Alex Lopez sozialista alkate. Abenduan, araua aldatzeko proposamena aurkeztu zuen hark. «Bat-batean erabaki du ordenantza edukiz hustea. Artikulu batzuk kendu egin ditu, eta beste kasu batzuetan erantsi du euskaraz egingo dela ‘posible den heinean’. Hau da, hark nahi badu egingo da, eta ez badu nahi, ez», azaldu du Zanduetak. 

«Bizilagunok Orkoiengo Udalarekin ditugun harremanetan ez digu derrigorrez euskaraz erantzungo. Ez da derrigortuta egongo jarduerak euskaraz eskaintzera».

AITOR ZANDUETAOrkoiengo Euskaltzaleak taldeko kidea

Herriko eragileek proposamenaren gaineko aldaketak egin dituzte, baina alkateak aurreratu du ez duela «koma bat ere» aldatuko. Zanduetak espero du otsail amaieran onartuko dela. Herriko euskaldunek nabarituko dute aldaketa, batik bat. «Egun, euskararen presentzia ziurtatuta dago Orkoiengo karteletan, eta udalaren aldizkaria ele bitan dago». Hori aldatu egingo du udalak, bere borondatearen esku utziz dena. «Bizilagunok udalarekin ditugun harremanetan ere ez digu derrigorrez euskaraz erantzungo. Ez da derrigortuta egongo haurrentzat eta herritarrontzat jarduerak euskaraz eskaintzera».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.