Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegiak bermerik gabeko behin-behineko espetxealdia ezarri dio azaroan Zizur Nagusian trafiko istripu bat eragin zuen auto gidariari. A-12 autobian gertatu zen ezbeharra, eta 55 urteko emakume bat zendu zen. Eneritz (Nafarroa) herriko bizilaguna zen biktima, eta garun heriotzako egoeran izan zen hiru egunez, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko zaintza intentsiboetako unitatean, zendu zen arte. Harekin batera, beste sei lagun zauritu ziren ezbehar horretan: gizon bat eta haren 8 urteko semea; beste auto batean zihoazen bi gizonezko; eta beste ibilgailu batean zihoazen ama-alabak.
Istripua eragin zuena 39 urteko gizonezko bat da. Audi Q7 modeloko auto bat gidatzen ari zen, eta, Foruzaingoaren estimazioen arabera, orduko 186 kilometroko abiaduran zihoan ezbeharra gertatu zenean —autobidearen tarte horretan, gehienezko abiadura orduko 100 kilometrokoa da—. Horrez gain, positibo eman zuen alkohol eta droga kontroletan: gehienezko alkohol tasa halako bost zuen, odol analisien arabera, eta metanfetamina arrastoak ere atzeman zituzten, auzipetuak antsiolitikoak eta beste botika batzuk hartu zituen eta.
2014an zigortu zuten
Horrengatik guztiarengatik, epaileak behin-behineko espetxealdia ezarri dio gizonari, «zuhurtziagabekeria larri baten ondoriozko giza hilketa» egotzita. Delitu horretaz gain, alkoholaren eraginpean gidatzea, ausarkeriaz gidatzea eta zuhurtziagabekeria larriagatik lesioak eragin izana leporatu diote. Guztira lau urte arteko espetxealdia ezartzen ahal diote delitu horiengatik.
Akusatuak epailearen aurrean deklaratu ostean, behin-behineko espetxealdia eskatu zuten hala fiskaltzak nola akusazio partikularrak, eta epaileak bat egin du eskaera horiekin. Aintzat hartu du, gainera, akusatua antzeko delitu batengatik zigortua izan zela 2014ko otsailean, gehienezko alkohol tasa gaindituta gidatzeagatik kondenatu baitzuten, Madrilen.