Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak astelehenean iragarri zuen berriz abiatu dituztela Zornotzako hilerrian (Bizkaia) lurperatutako gudarien eta milizianoen gorpuzkiak hobitik ateratzeko lanak. Ordutik, 22 lagunen gorpuzkiak desobiratu dituzte; 147 lanak hasi zituztenetik, 2023an. Gainera, gaur jakinarazi dute horietako bat, bosgarrena, identifikatu dutela: Jacinto Polo Rios.
Polo donostiarra zen jatorriz, eta 20 urte besterik ez zuela hil zen, 1936ko abenduaren 4an. CNTri lotutako Malatesta batailoiko kidea zen, eta Otxandioko frontean (Bizkaia) hil zen. Ia 90 urte geroago, haren gorpuzkiak familiaren esku utziko ditu Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak, eta Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan hobiratuko dute, familiartean.
Zornotzan egiten ari diren lanak 1936ko gerran desagertutakoak bilatzeko eta identifikatzeko Gogora-ren programaren parte dira, eta bosgarren eta azken fasea da aste honetan martxan jarri dutena, memoria institutuak berak iragarri duenez. Zehazki, Aranzadi zientzia elkartea ari da indusketa lanak eta horien azterketa forentsea egiten. Hobitik ateratako gorpuzkiak identifikatzeko ardura, berriz, EHUko Biomics laborategi genetikoak hartu du. Hark gorpuzkien DNA laginak alderatzen ditu euren senideen bila ari diren familiek helarazitakoekin.
Hain zuzen, metodologia hori erabilita identifikatu zituzten aurrez Adolfo Zengotitabengoa, Jaime Iñiguez, Benigno Hierro eta Enrique Contreras. Lehen hirurak bizkaitarrak ziren, Alderdi Komunistari lotutako Perezagua batailoiko milizianoak. Contreras, berriz, Linareskoa jatorriz (Jaen, Espainia), eta Aretxabaletan (Gipuzkoa) bizi zen. Hura EAJri atxikitako Sarasketa batailoikoa zen.
Polo bezala, lau lagun horiek ere Bizkaian hil ziren. Perezagua batailoiko hirurak 1936ko apirilaren 7an, Barazarko frontean. Contreras ere gertu, Diman, egun bat lehenago.
Datu horiek kontuan izanda, Gogora-k dei egin die data edota leku horietan hildako miliziano eta gudarien familiei institutuarekin harremanetan jartzeko, posta elektroniko bidez ([email protected]) edo telefonoz (94-403 28 45). Izan ere, Gogora-k inguruetan eta egoera horietan hildako hirurehun lagun ditu erregistratuak bere datu basean.