Arabako zahar etxe pribatuetako langileek lau urte daramatzate borrokan, lan baldintza «duinak» bermatuko dizkien hitzarmen bat lortu nahian. Patronalak uko egin dio baldintza horiek eskaintzeari, «aitzakiatzat» jarrita ez daukala dirurik horretarako, eta, martxoaren 15ean, blokeatu egin zuen hitzarmena negoziatzeko mahaia. Horregatik, ELA eta LAB sindikatuek zortzi greba egunera deitu dute. Lanuzteak egingo dituzte urriaren 3an eta 4an, azaroaren 8an, 9an eta 10ean, eta abenduaren 12an, 13an eta 14an.
Lan baldintza «duinak» dituen hitzarmen bat onartzeko eskatu nahi diete sindikatuek patronalari, ACRA laguntza baliabideen Kataluniako elkarteari, Gesca Bizkaiko laguntza zentroen kudeatzaileei eta Lares adinekoen egoitza eta arreta zerbitzuen Nafarroako elkarteari. «Gero eta nazkatuago gaude lan baldintza hain prekarioak jasateaz, denetariko lanak egiteaz, lankideen gaixoaldiak ez ordezkatzeaz eta enpresek oraindik ere zaintza negozio bihurtzeaz», azaldu du Jessica Picatoste LABeko ordezkariak gaurko agerraldian.
Bestalde, Gorka Urtaran Gizarte Politiketako diputatuari leporatu diote enpresen onura langileen osasunaren aurretik jarri duela, eta ez duela bitartekaritza lanik egin zahar etxeetako langileen baldintzak hobetzeko prozesuan. Horren ordez «zaintzaren negozioa» sustatzeko asmoz jardun duela aurpegiratu diote.
Greba feministarekin bat
ELA eta LABeko ordezkariek aipatu dute azaroaren 30ean greba feminista orokorrarekin bat egingo dutela, zahar etxe pribatuen eta etxebizitza komunitarioen borroka greba horren barruan dagoelako. Izan ere, zaintzarena sektore «feminizatua» dela azaldu dute , eta sektorean lan egiten duten emakumezko langileak «funtsezkoak» direla. Horregatik, azarorako antolaturiko hiru greba egunetan ez ezik, azaroaren 30ean ere kalera aterako dira langileak, «gatazkaren funtsezko zati» direlako.
Hori baino lehenago, ordea, protesta egingo dute Gasteizko kaleetan, urriaren 3an eta 4an, hain zuzen ere. Urriaren 3an manifestazio bat egingo dute 11:00etan, Plaza Berritik Probintzia plazaraino. Bidean Foru Erakundean gelditu, eta idazki bat entregatuko dute, diputazioa bitartekari izan dadila eskatzeko. Urriaren 4an ere 11:00etan aterako dira kalera, Babesgabetuen plazatik Probintzia plazaraino.