Zortzi urteko kartzela zigorra ezarri diote kontrako bidean gidatu zuen gizon bati, hiru lagun hil ziren istripu bat eragiteagatik

Alkohola edanda gidatzen ari zen, eta auto bat jo zuen aurrez aurre Legorretan, 2023an. Zigorra hitzartu dute fiskaltzak, akusazio partikularrak eta defentsak.

Gipuzkoako Auzitegia, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Gipuzkoako Auzitegia, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko otsailaren 20a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizon batek bere autoa kontrako bidean gidatu zuen bi kilometro eta erdian, orduko 140 kilometro baino azkarrago, N-1 errepidean, Legorreta parean (Gipuzkoa). 2023ko otsailaren 26a zen. Beste auto bat jo zuen aurrez aurre. Kolpearen ondorioz hiru pertsona hil ziren: kontrako bidean zihoan autoko bi gizon eta aurrez aurre jo zuen autoko emakume bat. Gipuzkoako Auzitegiak zortzi urteko kartzela zigorra ezarri dio gidariari. Zigorra hitzartu egin dute fiskaltzak, akusazio partikularrak eta defentsak. Hildakoen familiek zigorra hitzartzeko aintzat hartu dute gidariak barkamena eskatu diela eta delitua onartu duela. 

Gidaria espetxean dago istripua eragin zuenetik. Kartzelatik ateratakoan ezingo du motordun ibilgailurik gidatu lau urtean. Jo zuen autoan gizon bat eta emakume bat zihoazen. Emakumea hil egin zen; gizonak zauriak izan zituen.

Gidariak alkohola edan zuen Ordizian, eta ahalmenak «apalduta» zeuzkan. N-1 errepidera sartu zen berez ateratzeko den bide batetik, nahiz eta bidean bertan, lurrean, gelditzeko agintzen duen seinalea egon. Parez pare topatu zituen ibilgailu batzuetako gidariek seinaleak egin zizkioten argiekin, kontrako bidean gidatzen ari zela ohartarazteko. Ertzainen ibilgailu batek ere bai. Hala ere, kontrako bidean gidatzen jarraitu zuen bi kilometro eta erdian.

2,14 gramo alkohol odol litroko

Gidaria zauritu egin zen istripuan. Ospitalera eraman zuten, eta odol analisia egin zioten: 2,14 alkohol gramo zituen odol litroko. Euskal Herrian gehienez 0,5 gramo onartzen dira odol litroko. Atxilotu zutenean, «alkohol usain gogorra zuen, totelka hitz egiten zuen eta mugitzeko gaitasuna gutxitua eta moteldua zuen».

Hurrengo astean epaitu behar zuen zinpeko epaimahai batek, baina zigorrari buruzko akordioa lortu dutenez, epaiketa hori bertan behera geratuko da. Fiskaltzak hamalau urteko kartzela zigorra eskatu zuen gidariarentzat. Baita 5.400 euroko isuna ere. Aldeek uko egin diote zigortuaren erantzukizun zibilari, aseguru konpainiak ordaindu baitizkie kalte ordainak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.